martxel5-26.jpg

Ongi etorria www.erleak.net orri honetara

Duela 30 urte inguru hasi nintzen erle-mundua aurrez-aurre ezagutzen. Aspaldi batean etxeko sagastian eduki zuen gure aitak erle bat. Galdu zen gero. Amaren anaien artean lauek behintzat bazituzten erleak. Nahiz eta biologia ikasia izan, erleekiko tratua geroztikoa izan zen, gauza bat baita teoria eta bestea erlauntza zabaldu eta muturra sartzea.
 
Lehen aukera Xabier Kintanak eskaini zigun nire anaia eta bioi, Bizkaian zuen erle bat oparitu zigunean. Sagastian jarri jarri genuen, baina ez genekien zer egin. Migel Galarraga altzotarra zen Alegia (Gipuzkoa) herriko erlezainen erle-maixu eta berak kentzen zien askoren erleei eztia udazkenean. Berarekin joaten utziko al zidan galdetu nion, berak baietz eta horrela ikusi nuen lehen aldiz zer zen erlauntza ireki eta barruan eskua sartzea.
 
alt
 
Urte asko pasa da geroztik eta erle-munduan murgildurik pasa dituk urteok. Ibiliaren poderioz, eta izan ditudan lagun onei esker, informazio asko bildu dut eta baita ere zabaldu. Orain han eta hemen idatzirik edo buruan ditudan hainbat informazio web-orrian bildu eta argitaratzea pentsatu dut. Besterik gabe. Nire ahalegina hori izango da, sakabanaturik dudan informazioa ordenatu eta euskal publikoari eskaintzea.
 
Momentuz (2014 urtean), agian, ez da erabat txukuna irtengo testua, eta gerta daiteke,baita  ere, artikuluak elkarrekin lotura gutxirekin azaltzea. Joango naiz apurka-apurka dena txukuntzen. Nahiago izan dut argitaratzen hastea, dena ondo josi arte zain egon baino. Bestela, gerta zitekeen inoiz ez argitaratzea.
 
Hasierako orrian baduzu, irakurle, e-mail bat ere zure galderak, iruzkinak, kritikak edo ekarpenak egiteko. Ea denon artean altxor bizi bat egiten dugun. Eskerrik asko,  aurrez.
 
Eskerrik asko, baita ere, HAZI Fundazioari web gune hau diseinatzeko emandako laguntzarengatik.
 
Martxel Aizpurua