erleak_eztia-29.jpg

Erle-produktuak

Ausartuko nintzateke esatera gure artean, Gipuzkoa ezagutzen dut gehienbat, orain dela 40 urte arte bi gai bakarrik kentzen zitzaizkiola erleari, eztia eta argizaria. Eztia jan egiten zen eta argizariarekin kandelak eta ukenduak egiten ziren. Erleek eztia nola egiten zuten ere ez zen oso argi jendartean. Mundu magikoarekin loturik aurkitu genuen erle-mundua, adibidez, zoritxarren bat etor zitekeen erlea hilez gero (ez zen ”akabatu” hitza erabili behar haiekiko) ; ez zen saldu behar, laboreen truke eman baizik; nagusiaren heriotzaren berri ematen zitzaion erleari; etxeko kristalean erlea agertzen bazen, zerbait txarra gertatuko zen seinale zen; erleari hitz egiten zitzaion otzana izan zedin. Erlezainon artean ohitura hauek denak galdu dira.

Hori zen erle-mundua. Duela 40 urte hemen erabat marjinala zen erle-mundua. Esaera batek zion “Erleetan eta behorretan (edo ardietan) ez zela interes (dirua) guztia ipini behar”. Marjinala izateaz gain, beldur-iturri dira erleak, ziztatu egiten baitute eta baserritarrek beraiek zezenari baino beldur handiagoa diote erleari, “nagusia ezagutzen ez duten aziendak” baitira, baserritar bati entzundakoa. Orain, ordea, ausartzen gara eztia eta argizariaz gainera, polen, erregina-jele, pozoi, larba eta propoliaz hitz egitera. Jende arruntak ere dendan eskatu egiten ditu produktu hauek betikoak bailiran. Adibidez, zenbat produktu dago botiketan propoliz egina!

Produktu hauen berri jakinik ere, bada gauza bat beti harritu nauena, eta da, nola jendeak gaixo dagoenean botikan galdetzen duen “zer da ona hau sendatzeko?”. Erle-produktuen kasuan, ordea, jendeak galdetzen du “zertarako da ona erle-produktu hau?”. Badaki ona dela, baina ez daki zertarako. Eztiari buruz galdera hori egiten duten kasu askotan lehen eman izan dugun erantzuna izan da: “jateko”. Eztiak ere, bere marjinalitatean, eztarriko mina kentzeko bakarrik erabiltzen baitzuen jendeak.

Webgune honetan saiatu gara produktu hauei buruzko informazio zabala ematen: Nondik nora sortuak diren; beren osaketa kimikoa; eta beren erabilera. Agian, mundu magikoaren lilura galdu dugu bidean eta lurtarrago egin erleak eta erle-produktuak, horrela askoren fedeari kalte eginez. Erle-produktuak onak diren “fede” ez-itsua beti mantendu behar da, beti.

PrintEmail