abaraska1-2.jpg

Erle-argizaria

Hasierako definizio bat ematekotan esan daiteke erle-argizaria erleek beren gorputz barnean sortzen duten produktu bat dela, beren abaraskak eraikitzeko erabiltzen dutena. “Erle-argizaria” nahita jarri dugu, zeren eta “argizaria”, hedapenez, “kandela” esateko ere erabiltzen baita. Gero ikusiko da kandela asko ez direla gaur egun erle-argizariz egiten. Horregatik komeni da hasieratik adi jartzea.

Gaur eguneko gazteek ez dute ezagutu kandelen argia egiteko erabilpen praktikoa, kasik ez dute imajinatzen elektrikarik gabeko egoerarik. Imajinatuta ere, argindar-falta konpontzeko moduan ez da argizaririk agertuko, linterna, generadore edo bateriak lehenago agertuko dira, kandelak baino.

Gure arteko gazte batentzat kandelak funtzio estetiko bat besterik ez du. Alde batera geratu dira: argia egitea, elizako kandela bedeinkatuak, edo hilobi gaineko bildumenak eta argizaiolak. 

Argizaria zertarako erabiltzen den gazte bati galdetuz gero, surf-eko oholei emateko erantzungo du, agian. Ez du, behar bada, entzun ere egin argizariz igurzten zirela etxeetako solairuak eta altzariak; inoiz ez du, ziur aski, argizariz egindako ukendurik ikusi edo erabili, jakinaren gainean behintzat; …

Erle-argizariaren presentzia ezkutua zabaldurik dago gure gizartean, batez ere kosmetologian. Erle-argizariaren jatorri, elaborazio eta erabilpenaren berri eman eta ikuspegia zabaltzea nahi da hemen.

PrintEmail