martxel3-28.jpg

Erle-argizariaren beste erabilerak

Altzariak (Zura)

Gaur eguneko altzariak ez dute argizaririk behar ez distiratsu egoteko eta ezta ere ondo kontserbatzeko. Plastikoak eta pinturek estali dituzte gure altzariak. Gure etxebizitzetako solairuak ere ez dute argizaririk behar. Argizariaren beharra desagertu da ia erabat.

Zurezko altzariak dituztenek, ordea, maitasun handiz zaintzen dituzte eta aldian behin argizaria ematen, garai bateko gure etxeetako usain berezia gogoratuz.

Argizaria egurrari edo zurari ematea  bi modutan egiten zen, argizari-blokea zuzenean egurraren kontra igurtziz edo aurrez argizariari agoarrasa (trementina-esentzia) nahastuz eta beratuz.

Agoarras-kopurua oso aldakorra izan daiteke, altzari-argizariari zenbateko lijertasuna eman nahi zaionaren arabera. Batzuk iristen dira brotxaz emateko tamainan disolbatzera, baina altzariei emateko krematsua erabiltzen da batik bat.

Agoarrasa gehituz beratu edo biguntzen den argizaria, hotzean ere bigun izaten jarraitzen du, baina argizari puru urtua brotxaz eman nahi bazaio ez da hain samurra, altzari hotza ukitzearekin batera gogortuko baita argizaria. 

Gogortzean ez da eman ahal izango berdin eta txukun. Horregatik argizaria eman nahi zaion objektua txikia denean objektua bera aurrez berotzea gomendatzen da. 

Objektua launa denean, argizari urtua zabar samar eman ondoren, lixa-burdina edo plantxa beroz pasatzea da ona, egurrak berotu ahala xurgatuko baitu argizaria eta berdin-berdin geratuko.

Moldurak dituen altzaria bada, ile-lehorgailua eta trapua batera erabiliz berdin zabal daiteke argizaria. Ile-lehorgailuaren antzeko berogailu profesionalak badaude gaur egunean salgai, pintura zaharrak kentzeko edo elektrikako tutuak okertzeko erabiltzen direnak. Praktikoak dira argizariarekin lan egiteko.

ADI! Kontu handiz egin behar da lan agoarrasarekin, oso-oso sukoia delako. Argizariari agoarrasa nahastu nahi zaionean sutatik urrun egin behar da, adibidez, argizari urtua Maria bainuan jarri, sutatik urrundu eta orduan gehitu agoarrasa. Istripu handi eta larriak gertatu izan dira.

Harrizko paretak

Ezaguna da nola paretetako zenbait hareharrik  etengabe harea-alea askatzen duten, hezetasunaren eraginez. Aspaldian ikusi dugu zenbait etxegile hasi diren argizaria agoarras edo gasolinatan argizaria disolbatu eta brotxaz fatxadako harriak igurzten. Dirudienez disolbatzailearekin batera harriaren barrena sartzen da argizaria eta aldi baterako iragazgaiztuta eta azaleko harea-aleak elkartuta geratzen dira.

Oinetako krema

Larrukiak iragazgaizteko koipea erabili izan da maiz eta oraindik ere mendiko botak eta, koipekiz zaintzen dira. 

Merkatuan dauden hainbeste produktuen artean argizari eta parafina hor izaten dira osagai bezala. Hemen argizariarekin egiten den oinetako-krema egiteko errezeta bat eskaintzen da:

  • Argizaria: 240 g
  • Parafina: 30 g
  • Xaboia: 30 g
  • Agoarrasa: 250 ml
  • Ur destilatua (euri-ura):  250 ml

Eginbidea: Argizaria, parafina, xaboia eta euri-ura sutan jarri ontzi batean (osagaiak ondo xehatuta) eta 20 minutu irakin dezala. Ondoren sutatik atera eta tenperatura 50⁰C-ra jaitsitakoan agoarrasa gehitu, apurka-apurka eta beti irabiatuz. Dena ondo nahasia dagoenean berotu pixka bat  nahastura lijertu (mehetu) dadin. Mehetu denean ontziratu. Hoztean lustre edo betunaren sendotasuna hartuko du. Oinetakoak iragazgaizteko oso ona da.

Landare-txertaketa

Landareen txertaketan ukendu bat erabiltzen da, egin den zauria lehen bait lehen zikatriza dadin eta infekziorik sor ez dadin txertaka eta mentuaren artean edo elkarrekin itsatsi aurretik lehor ez daitezen.

Ukendu horrek eguraldiaren gora-beheretatik babestu behar du txertoa, eta, beraz, bero handiarekin ez du erabat urtu eta tantaka galdu behar. Bestalde, hotz-beroekin ez du zartatu behar, zartadura horietatik sar baitaiteke gero euria, airea eta zikina. Ukendu horrek behar du izan malgua, itsaskorra eta iraunkorra. 

Gure artean erle-argizari, erretxina eta koipearekin (txerri-manteka edo seboa) egiten zen. Erle-argizariak malgutasuna ematen zion; erretxinak gogortasun-puntua eta seboak uieldutasuna.

Hiru osagaiak urtu, elkarrekin ondo nahastu eta brotxa batez igurzten da txertoa, baina mentu-zotza eta txertakaren artean sartu gabe,bien arteko ukimenak perfektua izan behar baitu.

Aipatutako txerto-ukendu honi, urtzeko garaian propoli pixka bat ere nahasten diote, zikatrizazioa eta desinfekzioa bermatze aldera.

Hona hemen erabiltzen diren arteko txerto-ukendu bat egiteko errezeta: 

 

  • Erle-argizari horia (birjina) ….200 gramo
  • Bikea …………………………………….150 gramo
  • Erretxina  ………………………………150 gramo
  • Seboa …………………………………….60 gramo
  • Egur-ikatz hautsa …………………40 gramo 

(Osagai guztiak urturik daudelarik gehitu egur-ikatza, hauts fin-fina eginda)

Fundizioa

“Argizari galduzko galdaketa” teknikan, hitzak esaten duen bezala, argizaria erabiltzen da. Eskultoreek nahiago dute erle-argizaria parafina baino, malguagoa delako eta hotzean lantzeko orduan ez delako parafina bezala kraskatzen.
 
Hitz gutxitan esateko, argizari galduzko galdaketa teknika honela laburbil daiteke:
  1. Eskultoreak irudia argizariz egiten du. 
  2. Ondoren argizarizko eskultura gai errefraktario batez estaltzen du (igeltsu eta hareaz, adibidez), metal urtua sartzeko zulo bat utzita eta beste bat argizari urtua ateratzeko.
  3. Metal urtua sartzean argizaria urtu eta beheko zulotik irteten da. Material errefraktarioak hartua zuenez argizariz eginiko eskulturaren forma, metalak hartuko du material errefraktarioak zuena. Kasu honetan eskultura mazizoa izango da. 
Bada beste teknika bat, zeinetan ere argizaria erabiltzen den, eskultura hutsak, kofadunak lortzeko.
 

 

PrintEmail