martxel3-28.jpg

Argizariaren erlezaintzako erabilera

Erlezaintza da erle-argizariaren ekoizlea baina irakurleak, agian, ez du jakingo erlezaintza bera argizari-kontsumitzaile handia dela.

Abaraskak zahartu direnean, erleak fabrikatu eta handik bizpahiru urtetara, erlezainak erleari kendu (erleari abaraska berriak gustatzen zaizkio) eta urtu egiten ditu. Operazio hori egin ondoren erleari berriro jarri behar dizkio lauki edo koadroak, erleak berriro abaraskaz bete ditzan. Zergatik jarri argizarizko lamina bat erleari, berak modu perfektuan egiten badu?

  • Laukiak bere hartan jartzen badizkio, alegia, egurrezko markoa bakarrik, agian, erleak ez dio abaraska erlezainak nahi zuen bezala lotuko laukiari eta gero erlezainak zailtasunak izango ditu erlauntza miatzeko orduan, laukiak atera nahian hasten denean. 
  • Erlezainak batez ere erle langileak nahi ditu bere erlauntzetan, erle arrak (erlamandoak) ez zaizkio normalean interesatzen. Erlezainak badaki, erleen sexua abaraskako gelen neurriarekin loturik dagoela. Gela txikietatik erle langileak jaiotzen dira eta handietatik erlamandoak. 

Hori jakinik, erlezainak lamina fin bat itsatsiko dio laukiari, zeinetan estanpaturik dagoen abaraskako gelaren oinarria, beti oinarri txikia. Oinarria txikia izanik, erleek gela txikiak eraikiko dituzte eta handik langileak jaioko dira. Une berean, erlezainak laukian lamina bat itsatsi duenez, erleek lamina horri jarraituz egingo dute abaraska.

Argizari-lamina hauek egiteko ez da inoiz argizari zuritua erabiltzen, erleek ez dutelako ondo onartzen.

Horrela, abaraskak urtuta erlezainak lortzen dituen argizari-blokeak laminak egiten dituzten fabriketara bidaltzen ditu eta “argizari estanpatua” deitutako orri mehe edo laminak jasotzen gero.

Abaraska zaharrak erlauntza barnean gertatutakoaren testigu dira, eta abaraskako geletan hazitako larbek gaixotasunik izan badute, han geratuko dira  esporak, bakterioak, … Horregatik erlezainek beldur izaten dira erosten dituzten argizari estanpatuekin, adibidez, loke gaixotasuna sortzen duen Bacillus larvae bakterioaren esporak eduki ote ditzakeen beldur. Beroz esterilizatu badute argizaria, ez dago horren arriskurik.

Erlezainek izaten dituzte beldur gehiago ere argizari laminatua erosteko orduan, eta hauetako bat da, lamina hauek eduki ditzaketen pestiziden beldurra. Erleen gaixotasun batzuen aurkako tratamenduetan produktu kimikoak erabiltzen dira. Hauetako batzuk liposolubleak dira eta argizaritan disolbatzen dira. Erlezainen argizaria jira eta buelta dabilenez behin eta berriz laminazio-fabriketatik, arriskua dago geroz eta botika gehiago edukitzeko. Ondorioz, erlezain handiek norbere argizariz egindakoak nahi izaten ditu eta besteena erosi behar duenak operkuluetatik sortutakoz egindakoak. 

Gaur egun, argizari ekologikoz egindako argizari estanpatuak ere badaude merkatuan eta estimu handiz erosten dira.

PrintEmail