polena-7.jpg

Erle-argizariaren ezaugarri fisiko-kimikoak

Argizariaren ezaugarri fisikoak

Erle-argizaria solidoa da ohiko giro-tenperaturan. Hauskorra da oso tenperatura hotzean, baina izaera plastikoa hartzen du 35/40⁰C-ra iristean. Erle-argizariaren fusio-puntua 64⁰C da.

Merkatuko argizari horiaren dentsitatea 0,95 da, 15⁰C-tan.

Erle-argizaria sortzeko unean zuria da, baina erleek abaraska guztia propoliz igurtziz esterilizatzen dutenez, eta, gainera, erlezainak abaraskak urtzen dituenean bertan dagoen polenarekin nahasten duenez, hauen pigmentuz horituta geratzen da. Erle-argizari garbia merkatuan horia izaten da, zuriketa jasan ez badu behintzat.

Erle-argizariak sortzeko unean ez du usain handirik, baina urtzeko garaian ezti/polen/propoli usaina hartzen du. Gehiegi landu ez den argizariak ezti-usain goxo bat izaten du.

Argizariaren osaketa kimikoa

Argizaria kimikoki oso egonkorra da eta bere ezaugarri kimikoak ez dira ia batere aldatzen denborarekin. Uretan ez da disolbagarria eta nekez hidrolisatzen eta oxidatzen da. Animalien digestioko azidoek ez dute desegiten, argizari-jale diren zenbait sitsenak ( Galleria mellonella) salbu. 

Erle-argizaria lipidokara da eta osagai hauek ditu:

  1. Hidrokarburo aseak, hauetan maizen heptakosanoa. Karbono-atomo bakoitia duten hidrokarburoak dira argizariaren osagaiak.
  2. Azido edo hidroazido aseak. Hauetan karbono-atomo kopurua bikoitia da, adibidez, azido palmitiko edo tetrakosanikoan.
  3. Alkohol askeak, dela monolak, dela diolak. 
  4. Katea luzeko gantz-azidoen ester alkoholikoak, adibidez, mirizilo-palmitatoa.
  5. Propolia (%6)
  6. Pigmentuak, polen edo propolitik datozenak.
  7. Ura (%2)
  8. A bitamina
  9. Laktonak
  10. Krisina
  11. Gantz-azido askeak

Erle-argizariaren kontserbazioa

Erle-argizaria oso egonkorra da eta urte askotan mantentzen ditu bere ezaugarri eta propietateak, batez ere hermetikoki itxita mantentzen bada.
 

Argizari zuria

 
Erle-argizari garbia horia da, polen edo propolitik hartutako pigmentuengatik. Elizetarako batez ere, kandela zuriak eduki nahi izaten dira (badakizue: birjinitatea zuria da) eta horretarako argizaria zuritzeko ohitura egon da. 
 
Argizari zuria lortzeko erle-argizaria zuritu egin behar izaten da, kimikoki edo eguzki-izpiz:
 

Zuriketa kimikoa

Zuriketa kimikoa hainbat produktu kimikoekin egiten da: Ozono, azido oxaliko, azido sulfuriko, potasio permanganato, kaltzio-kloruro, ur oxigenatu, eta abar. Adierazi behar da produktu kimiko hauetako batzuk oso kontuz erabili beharrekoak direla, arriskutsuak direla, alegia. Gainera, hondakin kimikoak gera daitezke argizaritan.
 

Eguzki izpiz egindako zuriketa

Erle-argizaria eguzkitan jartzen bada zuritu egiten da. Horretarako zati, ezkata edo maluta fin batzuetan bihurtu behar da argizaria eguzkiak ahalik eta azkarren lan egin dezan, dena dela, hiruzpalau aste behar izaten dira. 
 
Rwandan ikusi genuen han ziren fraide batzuek nola zuritzen zuten argizaria. Lehenik argizaria urtu egiten zuten eta urtuta zegoen ontzitik tantaka erortzen zen azpitik pasatzen zen ur hotza zeraman kanaltxo batera. Argizariak ura ukitzen zuen bezain azkar gogorturik geratzen zen ezkata batzuen gisan. Kanaleko urak garraiatzen zituen argizari-ezkata hauek eguzkitan sare baten gainean zegoen zapi zuri baten gainera. Eguzkitan, urtu gabe, edukiz zuriturik geratzen ziren argizari-ezkata edo maluta hauek. Berriro urtu eta orduan egiten zituzten kandelak.
 

PrintEmail