martxel4-27.jpg

Erle-argizariaren jatorria

Erle-argizari esaten badiogu, argi dagoelako da erlea duela jatorrian. Alde batetik, beraz, erleak sortzen du bere gorputzean, baina, bestetik, gure eskuetara iritsi aurretik elaborazio-bide bat jarraitzen du. Honela, bada, bi jatorriaren ikuspuntutik begiratuko da argizaria atal honetan.

Ustekabean bezala esan dugu erlea duela jatorri argizariak, baina XIX. mendera arte landare-jatorria aitortzen zitzaion argizariari. Uste zuten, erleak propolia, polena edo eztia neurri handi batean bildu egiten dituen bezala (erlearen aldetik elaborazio bat dutela ahaztu gabe), argizaria ere landareetatik biltzen zuela. François Huberrek (1814) frogatu zuen erleak berak sortzen zuela argizaria bere gorputzean, % 100 animalia-gai bat zela.

Gizakiak milaka urte da erle-argizaria ezagutu eta erabiltzen duela. Erleak eraikitako abaraska modu batera edo bestera urtu eta hortxe genuke argizari gordina. Erlezainek lehen erlearen obra guztia desegin egiten zuten eta argizari asko sortzen zitzaien. Orain, abaraska puskatu gabe eztia erauzten ikasi dutenez, askoz argizari gutxiago sortzen dute eta, era berean, merkatu-eskaera ere gutxitu egin da. Erlezain beraiek ere asko kontsumitzen dute erle-lanetan.

Erlea argizaria sortzen

Erlauntza batean bizi diren erleetatik langileek bakarrik sortzen dute argizaria. Erleen gaitasunik handiena jaio eta hamahiru egunetara izaten da eta 18/19 egunetatik aurrera geroz eta gaitasun gutxiago izaten dute (Gogoratu erlauntzaz kanpoko lanetan hogeigarren egunetik aurrera hasten direla).

Abaraska egiten hasi aurretik, horren beharra sentitu behar da erlauntzean. Behar hori sentitu orduko erle gazte mordo bat elkartu egiten da lana egin behar den unean bertan. Matsalko edo mahats-mordo baten modura jartzen dira, goikoak izango dira abaraska edo gelagileak eta beste guztiak argizarigileak. Matsalko horretan, bizar luze baten gisara elkarrekin kateaturik egoten dira erle guztiak.

Aurrez erleak eztiz bapo jartzen dira, argizaria eztia jatetik sortuko baita. Behar adina ezti jan, zintzilika jarri eta handik 24 ordutara edo, hasten dira argizaria sortzen. Argizarigintza horretan erle bakoitzak oso minutu gutxi irauten du, alegia, matsalkoko erleak etengabe aldatzen joaten dira.

Bost fase berezi genitzake erleen argizarigintzan:

  1. Argizaria abdomeneko esterniten barnealdean dauzkaten argizari-guruinetatik isurtzen dute. Sorkuntza horretarako inguruko tenperatura 35/36⁰C-koa izan behar du. Guruin horietatik isurtzen den argizaria jariatzen den unean bertan likidoa da.
  2. Esternita tarteko tolestura horietan gogortu egiten zaie argizaria eta xafla garden txikitxotan kanporatzen. Xafla edo ezkata bakoitzak milimetro bat edo, du eta pisua 0,08 mg.
  3. Atzeko hanken laguntzaz erleak abdomeneko argizari-xafla hori ahoratu egiten du. 
  4. Erleak orduan mastekatu egiten du eta xaflatxo horietako zenbaitekin pilotatxo bigun bat osatzen du, horretarako lagungarri gisa  argizariari listuan duen disolbatzaile bat gehituz. 
  5. Pilotatxo horiek egin ondoren, matsalko hori osatuz dagoen goragoko erleari pasatzen dio pilota, hankatik hankara zirkulatuz. Pilotak gorago eta gorago joango dira, abaraska eraikitzeko behar den lekuraino ailegatu arte. Han dauden erle “igeltseroek” eraikiko dituzte abaraskako gela hexagonalak, edo eztiz betetako geletako operkuluak.

Hain lehengai ahularekin eta hain horma finekin sendotasun handia ematen diote abaraskari, alde bateko gela hexagonalen zoruaren zentroan abaraskako beste aldeko hiru gelaren batunea baitago.

Abaraskako gelak ez daude erabat horizontal, gradu batzuk gorantz begira baizik, bertan sartzen den eztia isuri ez dadin.

Erlezainen argizari-ekoizpena

Garai batean lauki mugikorreko erlauntza asmatu baino lehen (XIX.mendea) erleei eztia kentzeko abaraska xehatu egiten zen, abaraska eskuz edo dolarez prentsatuz, erlearen obra guztia deseginez.

Lauki mugikorreko erlauntza erabiltzen da orain eta eztia zentrifugazioz erauzten da, abaraska apurtu gabe. Horrela hustutako abaraska bera ipintzen zaio erleari, mihiztatu, konpondu eta berriro bete dezan. Kontu izan behar da kilo bat argizari sortzeko 12 kilo ezti jan behar dituztela erleek eta ekonomikoki ez duela konturik abaraskak apurtzen jarduteak.

Abaraskako gelak eztiz betetzen dituztenean, argizarizko tapa hexagonal batez estaltzen dituzte. Estali hori (operkulua deitua) kendu egin behar da eztia erauzteko laukiak estraktorean sartu aurretik. Operkulua aldiro sortuberria izaki, oso estimatua da merkatuan eta medikuntzan edo kosmetikan erabiltzen den argizaria, hain zuzen,  operkuluen urtzetik lortua da eta hori-horia izaten da. Operkuluak urtzetik, bada, sortzen da “operkulu-argizaria”.

Horrela esanda, ematen du gaurko erlezaintzatik operkulu-argizaria bakarrik sortzen dela, baina ez da hala. Erleak bere arrautzak erruteko erabiltzen dituen abaraskak bi urtean behin edo, aldatu egin behar dira, gelak geroz eta txikiagoak egiten direlako eta larbek izan ditzaketen gaixotasunak umealdi batetik bestera pasa ez daitezen. Asepsia bermatzeagatik aldatzen dira batik bat abaraska zaharrak.

Abaraska zaharrak ur irakinetan (edo ur-lurrunetan) sartzen dira eta bertan urtu. Abaraska zaharrak urtzean argizariz gainera polena, larba-azalak, propoli-zatiak, eta beste hainbat zikinkeria agertzen da. Normalean, lehen iragazketa larri bat egiten da eta zikinkeria finarekin batera uzten da hozten. Behin hoztu denean goian argizaria egoten da eta honen ipurdian zikinkeria guztia. Ipurdiko zikinkeria mekanikoki kentzen zaio, e.b. labana batez.

Honela lortzen den argizariari “argizari iluna” esaten zaio, operkulu-argizariak izaten duen horitasuna izaten ez duelako. Honela lortutako argizari iluna berriro urtzen badugu eta astiro-astiro hozten uzten, dekantazio berri bat gertatzen da eta lortzen den argizari-blokea argiagoa izango da. Kolore iluna, bada, nahasian dituen mikro-ezpurutasunek ematen diote eta zenbat eta gehiagotan urtu eta dekantatu, orduan eta argizari-bloke horiagoa lortzen da.

Zurari emateko edo oinetako-krema egiteko argizari iluna erabil daiteke lasai, dituen ezpurutasun horiek ez dutelako kalterik zeregin horretarako.

PrintEmail