kea1-11.jpg

Kandelagintza

Ezerekin lotzen bada argizaria kandelagintzarekin lotzen da. Hori izan da, ziur aski, argizariaren erabilpenik zaharrena. Kandelagintzan atalok berezten dira:

Argizariaren prestaketa

Kandelak egiteko argizariak oso garbia izan behar du, ondo dekantatua. Argizaria urtu ondoren (beti ura duela azpian) azido sulfurikoa (ADI azido honekin!) gehitzen bazaio ( 10 ml azido/1 kg argizaria) suspentsioan dituen zikin guztiak erabat dekantatu egiten dira. Azidoa isuritzekoan eten gabe nahastu behar da argizaria (aparra sortzen da). Argizaria oso garbia ez bada, kandela sutzen denean  metxaren kontra geratzen dira zakarrak eta azkenean metxa inguratu eta blokeatu egiten dute eta kandela itzali egiten da.

Metxa

Metxaren hautaketa oso garrantzizkoa da. Jakin behar diren gauza batzuk:

-Metxa kotoizkoa izan behar du.

-Hari bihurritu edo trentzatuz osaturik egon behar du.

-Metxaren lodiera (hari-kopurua) eta kandelarena proportzioan egon behar dute:

Kandelaren diametroa (mm) x 1,30 = zenbat hariko metxa

Adibidez, 20 mm diametroko kandelak 26 hariko metxa behar du

Kandela-fabrikazio desberdinak

Murgilketaz

Metxa hartzen da behar den luzerakoa. Argizaria berotu eta urtu egingo da, tenperaturarik egokiena 65-70⁰C da. Metxa berria argizari urtuan sartzen da lehendabiziko aldiz. Ateratakoan argizariz estalirik dagoen metxa tenkatu egin behar da, tente eta luze gera dadin hoztean. 

Handik aurrera argizaritan sartu eta atera jardun behar da nahi den lodierako kandela lortu arte. Argizaritan sartu-irteera egiten duen bakoitzean geruza bat gehiago egiten zaio eta loditzen joaten da kandela. Sartu-irteera batetik bestera zenbat eta tarte handiagoa egin, orduan eta hotzagoa egongo da kandela berria eta geruza handiagoa hartuko du hurrengo murgilketan. Nahi izanez gero, alboan ur hotza eduki daiteke eta egiten ari garen kandela behin argizari urtutara eta behin ur hotzetara sar daiteke, geruza berriko argizaria hoztu zain egon gabe. Uretan pasatzeak distira ematen dio argizariari, horregatik azken pasadaren ondoren ona da uretan hoztea.

Murgilketaz lortzen den kandela konikoa da, mehea goi partean eta zabala beheko partean. Kandelak egiteko modurik zaharrena eta errazena da, ziur aski.

Tolestatzez

Erlezainek erle-argizariz egindako xafla edo laminak erabiltzen dituzte erlearen abaraskagintza bideratzeko. Lamina horiek abaraskako gelen lehen estanpazioa dute. Edozein erlezainek esango dizu non aurkitu.

Fabrikazioa oso erraza da. Hartu metxa (zaindu lodiera!) eta argizarizko laminarekin bildu. Zenbat eta lamina luzeagorekin  bildu, orduan eta lodiagoa egingo da kandela. Segun eta nola ebakitako laminarekin hasten garen biltzen sortuko zaizkigu kandela zilindrikoak, konikoak, potolo-motzak, mehe-luzeak, ….

Kandelari errematea emateko, ona izaten da plantxa bero bat edukitzea alboan , non kandelaren punta, ipurdia edo alboa ukituz kandelaren errematea politagoa suertatzen den.

Moldez

Moldezko kandelak egiteko moldea behar da eta segun eta zein forma duen moldeak halako formako kandela aterako da. Azken batean, burdinurtuz egiten diren pieza moldekatuak egiteko teknika bera da, han burdin urtua erabiliz eta hemen argizari urtua.

Mila motatako molde eta hainbat materialez osatutakoak daude merkatuan, PVC, goma, plastiko gogorra, silikona, beira eta abar. Adibidez, etxean dagoen budin-ontziak ere balio dezake kandela bat egiteko molde bezala.

Moldezko kandelagintzan kontutan eduki behar diren aholkuak:

Metxa

Metxaren lodieraz gainera, kontutan eduki behar da metxa kandelaren erdian geratu behar duela eta tiran edo tenkatua. Horretarako moldeak zulo bat eduki behar du beheko aldean, kandelaren muturra izango den aldean. Eta kandelaren ipurdia izango den aldetik betetzen da argizari urtuz eta han ere metxa erabat zentratuta egon behar du.

Moldetik ateratzea

Argizari urtua itsaskorra da zenbait materialetan eta gertatu ohi da sarritan, kandela moldetik ezin atera. Erremediotako bat moldea barnetik silikonaz finki igurztea da eta bestea, estearina (azido estearikoa) gehitzea (%3-10) argizariari. Estearinak gogortu egiten du argizaria eta kandelak gehiago irauten du, alde batetik, eta, bestetik, argizariaren uzkurtzea areagotu egiten du hozten denean eta errazago atera ahal da moldetik. Gomazko moldeekin ez da estearina erabili behar, goma jan egiten duelako.

Argizariaren uzkurdura

Beste edozein material bezala, argizaria berotzean dilatatu egiten da eta hoztean uzkurtu. Moldea argizari urtuz (82⁰C) bete arren, hozten denean uzkurtu egiten da eta bete den aldean (kandelaren ipurdian) zulo koniko bat azaltzen da metxaren jiran. Erremedio bat da erabat gogortu baino lehen zulo hori bete eta ipurdia berdintzea; bestea, berriz, kazola huts bat sutan berotu eta kandela-ipurdia kazolaren ipurdi beroan igurtzi eta berdintzea. Kandela saltzeko ez bada, ez dio halako axolarik, tente jartzean ipurdiko akatsak estalirik geratzen baitira.

PrintEmail