eztitegia1-13.jpg

Erle-argizaria: osasuna eta kosmetika

Erle-argizaria eta osasuna

Erle-argizariaren osasun propietateak bere izaera fisiko eta osaketa kimikoarekin loturik daude, normala denez.

Dermatologian estimatua da zikatrizatzaile eta antiinflamatorio gisa.

Erle-argizariarekin prestakin asko egiten da zorne-zorro, erredura, ebaki, eskara, zauri edo azaleko orbanak sendatzeko. Ukendugintzan orokora da bere erabilera.

Supositorioen osagai bezala ere erabiltzen da.

Aurpegirako edo ezpainetarako erle-argizariz egindako prestakin batzuek, oso gutxitan gertatzen bada ere, erreakzio txarrak sor ditzakete azalean, argizariak hainbat pigmentu eta propoli-aztarnak dituelako eta haiekiko alergiaren bat eduki dezakeelako erabiltzaileak. Ez da inoiz larritzekoa. Emateari utzi bezain azkar desagertuko dira sintomak.

Azken aldian asko aipatzen da eztiz betetako abaraska (“orrazea”) mastekatzeak dituen alde onak sinusitis, asma edo polen-alergiaren aurka. Ahoan sartu, eztia irentsi eta abaraskako argizaria, ahoan txiklea balitz bezala minutu batzuetan erabili ondoren, kanporatu egiten da.

Erle-argizaria eta ukenduak

Gure artean ere antzinako ohitura da ukendugintzan erle-argizaria erabiltzekoa, oliba-olioarekin nahasiz.

Ukenduak egiteko sendabelarrak dira elementu zentralak: intsusa ( Sambucus nigra), berbena ( Verbena officinalis), pasmo-belar lore-gorria ( Anagallis arvensis), pasmobelar lore-horia ( Lysimachia nummularia), plantaia ( Plantago sp), elorri zuria ( Crataegus monogyna), asuna ( Urtica sp), eta hainbat eta hainbat sendabelar, tipula edo baratxuria ahaztu gabe. 

Ukenduak egiteko sendabelarrak frijitu egiten dira su geldian beren esentzia-olioak irten daitezen eta oliba-olioarekin bat egin dezaten. Gero ondo iragazi ondoren, operkulu-argizaria botatzen zaio geratu den olioari eta bertan urtzen da argizaria. Gutxi gora beherako  bat ematearren, litro olioko 125 gramo argizari nahasten zaio.

Behin hozten denean, sortu den ukendua gogorregi suertatu bada, berriro urtu eta olio gehixeago botatzen zaio, eta, aldiz, lijerregia, mehegia atera bada, berriro urtu eta argizari gehixeago gehitzen zaio, norbere gustura ekarri arte.

Erle-argizaria eta kosmetika

Kosmetologia da erle-argizariaren kontsumitzailerik handiena. Bere ezaugarri fisikoek oso aproposak dira erabilpen horretarako: xaflagarria, malgua, tenperatura baxuan urtzen dena, uretan disolbaezina, gai organiko askorekin nahasgarria, … Zeregin honetarako argizari zuritua erabiltzen dute.

Hainbat kosmetikako produktuetan erabiltzen da erle-argizaria eszipiente bezala: azaleko pomadetan, zimurren aurkako kremetan, errimeletan, demakilanteetan eta abar.

Erle-argizaria eta parafina

Garai batean kandelak erle-argizariz eginak baziren ere, gaur egun nonahi ikusten diren kandelak ia denak parafinaz egindakoak dira, etiketak espresuki kontrakoa ez badio behintzat. 

Parafina egur ikatzen eta petrolio mota batzuen destilazioan hondakin gisa lortzen den gai organikoa da. Pisu handiko molekulak dituzten hidrokarburoak nahastuz lortzen da. Gai trinko eta zuria da, 45⁰C eta 70 °C tartean urtzen dena, argizari itxurakoa, sukoia eta bentzenotan urtzen dena. Azido estearikoarekin nahastuta kandelak eta pospoloak egiten dira, jakiak biltzeko erabili behar diren argizarizko paperak, labangarriak, bakartzaile elektrikoak, kosmetikoak eta  botikak egiteko erabiltzen da.

Ikusten denez, erabilpen handiko produktua da eta garai batean erle-argizariak zituen hainbat erabilpena ere bereganatu ditu. Oso produktu merkea da.

PrintEmail