martxel2-9.jpg

Erregina-jelea

Erregina-jelea erle langile gazteen buruan (“erle inude” deritze), beren bizitzako bost eta hamalaugarren egunen artean, sortzen den produktu bat da. Erlearen guruin hipofaringeotan eta barailetakoetan sortu eta ahora heltzen da eta gai honekin elikatzen dituzte beren larba guztiak arrautzetatik irten ondorengo hiru egunez. Hirugarren egunetik aurrera larba gehienei dieta aldatu egiten diete (eztia, polenez eta urez eginiko ahia emanez) eta larba haietatik sortuko diren helduak erle langile antzu (emeak) edo erlamando (arrak) izango dira. Hasierako larba jaioberritatik batzuk, dieta aldatu gabe, erregina-jeleaz elikatzen jarraitzen badute, haietatik erle erreginak jaiotzen dira. Beraz, indibiduo emeetan elikadurak erabakitzen du larba batetik erle langile antzua sortuko den edo erle erregina emankorra. Jaio eta gero ere erle erreginak beti erregina-jelea jango du.

Ikusten denez, erregina-jelerik gabe erle langileen sexu-organoak ez dira umotzen eta antzu geratzen dira; aldiz, erreginarenak, bere fase larbario osoan jelez elikatuta emankor jaiotzen da. Erregina bera ere gorputzez langileak baino sei bider astunago izatera iritsi daiteke. Erregina-jeleak hazkuntza-faktoreak ere eduki ditzakeela adierazten digu horrek, erleetan behintzat.

Erreginaren bizitza-itxaropena langileena baino handiagoa da. Langileak 40ren bat egun bizi dira uda partean eta hilabete batzuk neguan. Erregina, berriz, lauzpabost urte bizi da bataz beste. Erlauntzetik landa-larrera ez irteteak abantaila handia ematen dio erreginari luzaro bizitzeko, klausura-komentuetako mojak bezala, baina, bestela ere, askoz gehiago bizi da. Gaixotasunen aurrean ere gogorragoa da langileak baino.

Guzti honek erregina-jelearekiko miresmen eta begirune berezia sortu du gizakietan eta hainbat aureolaz jantzirik dabil gure artean. Lan honetan saiatuko gara zein bertute liratekeen frogatuak eta zein imaginarioak. Dena den, ez da ahaztu behar edozein botikaren efektibitatea %50a gaixoaren jarrerak baldintzatzen duela.

Deskribapen organoleptikoa

Erregina-jelea freskoa, alegia, erleak sortua bezala, gai zurixka eta gelatinatsua (bainu-jelearen sendotasuna baino zertxobait gehiago du); zapore garratza du eta usaina mina. Zapore desatsegin honen poderioz ez da oso erakargarria gertatzen hartzeko, eta modu liofilizatuan saltzen denean beste zaporez nahasita (marrubi-zaporez, adibidez) saltzen da, edo, bestela, era natural freskoan saltzen denean, beste erle-produktu batzuekin nahastuta, eztiarekin batik bat.

PrintEmail