erleak_eztia-29.jpg

Erregina-jelearen osaketa kimikoa

Erregina-jelaren osaketa kimikoaz hitz egiten hastean, normalean merkatuan saltzen den jeleaz ari gara, alegia, erreginagai zirenentzat erle langileek prestatu zutenaz. Beste atalean esan dugu nola erle (eme) langile suertatuko direnen larbak  eta erlamando (ar) izango direnenak ere lehen hiru egunetan erregina-jelez elikatzen dituztela. Erlezainak ez du erregina-jele hori biltzen, baizik eta erreginagaientzat prestatzen dutena bakarrik.

Bi erregina-jele mota horien artean alderik badenez, ez dago iritzi bakarra. Batzuek diote ez dagoela alde handirik, besteek, berriz, desberdintasun kimikoaz mintzo dira, esanez erreginagaientzat denak langilegaientzat denak baino sei bider biopterina gehiago daukala, hamar bider neopterina gehiago eta zazpi bider azido pantoteniko gehiago. Gu erreginagaientzat denaz bakarrik mintzatuko gara hemen.

Ezaugarriak

Erregina-jelea freskoa, alegia, erleak sortua bezala, gai zurixka eta gelatinatsua (bainu-jelearen sendotasuna baino zertxobait gehiago du); zapore garratza du eta usaina mina.

  • Erregina-jelea azidoa da, bere pH-a 3,4 – 4,5 artekoa da (Eztiaren oso antzekoa).
  • Jelearen dentsitatea: 1,1

Osaketa orokorra

Ura

Erregina-jeleak ur asko du, % 60 - 70, horregatik eduki behar da hotzean, fermenta ez dadin.

Azukreak

Karbono-hidratoak % 8,5 – 14 dira jelean. Nagusiki glukosa eta fruktosa dira, biak proportzio berean. Aldiko miligramo batzuk hartzen direnez, ez du arazo handirik sortzen diabetikoentzat. Desberdina da eztiarekin nahasturik aurkezten denean, eztiarekin kontuz ibili behar baitute diabetikoek.

Proteinak

Proteinen kopurua % 11-14,5 artean edukitzen du jeleak. Proteina hauen osagaietan aminoazido guztiak ditu, haietako zortzi aminoazido esentzialak izanik eta proportzio egokian gainera.

Lipidoak

Lipidoak erregina-jelearen % 4,5 - 5,60 da, eta gantz-azidoz osaturik dago erabat. Hauetako bat azido hidroxitransdezenoikoa da, propietate antibakterianoak, antifungikoak eta antigerminatiboak dituena. Erregina-jelearen kalitatea neurtzerakoan azido honen kontzentrazioari begiratzen zaio batik bat (Kalitateko erregina-jeleak gutxienez % 1,4 eduki behar du).

Mikroelementuak

Mikroelementuak kopuru handian dauzka jeleak: Burdina, urrea, kaltzioa, silizioa, magnesioa, potasioa, manganesoa, nikela, zilarra, sufrea, kromoa eta zinka. Kopuru handienean burdina, kaltzioa eta potasioa.

Besteak

  • Hormonak: Hormona sexualak baditu jeleak: estradiola, testosterona eta progesterona.
  • Entzimak: Gluko-oxidasa du.
  • Gammaglobulina: Jeleak badu gammaglobulina bat, gizakiari jeleak gaixotasunen aurrean ematen dion babesa esplika dezakeena. Gammaglobulinak efektu antibiotikoa du azido hidroxitransdezenoikoarekin batera.
  • Bitaminak: B taldeko bitamina guztiak ditu, batez ere, B5 bitamina edo azido pantotenikoa. Bitaminetan B12, C eta liposolugarriak apenas agertzen diren kopuru esanguratsuan.
  • Azetilkolina: Azido azetikoz eta kolinaz osatutako ester bat da. Jeleak asko dauka, 1 mg/g arteraino. Azetilkolina neurotrasmisore bat da eta nerbio-muturretan izaten da; nerbio-sisteman jeleak duen eragina hortik letorke. Bestalde, azetilkolinak eragin basodilatatzailea du eta odol-presio periferikoa gutxitzen du.

PrintEmail