martxel5-26.jpg

Eztiaren ezaugarri polinikoak

Eztiaren osagaietako bat polena da. Hona jatorria:

Erleak eztia paparoan ekartzen du eta polena hanketan. Erle batzuk nektarra ekartzen espezializatzen dira, aldiz, besteak polena ekartzen. Erlea lore batetik bestera ibiltzen da eta, loreekin lortu duten konplizitateari esker, loreak ernaltzen dituzte lore bateko polena bestean utziz. Lan hau ez da konstzientea, nahi gabe egiten du, aurreko lorearen polena gorputzeko iletan itsatsita ekartzen baitu hurrengora eta honela batetik bestera eramaten polena eta ernaltzen loreak.

Loreko nektarrera estaminetako polena jalkitzen da, erlearen eraginez edo haizearenez eta horrela nektarra xurgatzen duenean erleak haren baitan dauden polen-aletxoak ere xurgatzen ditu. Ondorioz, nektar harekin eginiko eztiak landare haren polen.aleak izango ditu.

Polen-ale horiei "eztiaren nortasun-agiria" esaten zaie, nektarra zer loretatik bildu duten adierazten baitute.

Polenik ez duen eztia glukosaz elikatutako erle batetik jasoa izan daiteke edo oso iragazki xehetik igarotakoa. Lehen kasuan iruzur baten aurrean geundeke eta bigarrenean legez kontrako maneiu baten aurrean.

Badira kasuak, ordea, iruzur izan gabe, polen gutxi duten eztienak, zeinetan jatorria adierazten duten polenik agertzen ez den. Adibidez, kolonia egiteko landatzen den labanda landarea hidridoa da eta ez du polenik izaten. Beraz, labanda-eztiak ez du labanda-polenik agertuko eta ezaugarri kimikoetatik antzeman beharko zaio labandarena den ala ez.

Beste kasua mielatoena da. Mielatoa loretatik ez datorren “nektarra” denez, ez du polenik agertuko, baina, agian, bai legami-esporak. Analisi polinikoa egitean atentzioa deituko du zein polen gutxi duen eta konduktibitate elektrikoa begiratzean zein konduktibitate altua duen. Kasu biotan polenaz gain, beste ezaugariei begiratu beharko zaie ezti-mota zehazteko.

Era berean, aipatu behar da landare eztiemaile guztiek ez dutela polen-kopuru bera ematen. Batzuek mekanismo bitxi batzuen bidez lortzen dute polen gutxirekin iristea beste lore batera.Besteek, aldiz, polen asko sortzen dute. Horregatik, batzuen nektarrean polen asko jalkiko da eta beste batzuetan oso gutxi.

Arrazoi horregatik ikerketa handiak egin dira ezti-mota eta ezti-mota horren emaile den  landarearen nektarreko polen-kopuruaren arteko erlazioak ezagutzeko eta lortu dituzte taula zehatzak. Adibidez, gaztaina-eztia dela esateko eztitan dauden polen guztietatik % 95 behar dute izan gaztainondoarenak, polen asko sortzen duten horietakoa delako. Akaziaren kasuan, aldiz nahikoa da eztitan dauden polenetatik % 15a izatea akazia-eztia dela esateko, akaziak oso polen gutxi ematen duelako.

Esandakotik kontura daiteke irakurlea polenaren sailkapenak garrantziren bat baduela ezti-motak arautzean. Ikus EZTIAREN EUSKO LABELAREN ARAUDIA. Han ikusiko dituzue gure arteko ezti-mota guztiak banan bana. Bakoitzean ikusiko duzue zein polen-portzentaia eskatzen den  ezti bat lorebakar kontsideratzeko.

PrintEmail