kea3-18.jpg

Ezti likidoa

Eztia likidoa da erleak bilduberrian, alegia, nektarra likidoa da. Nektarrak duen hezetasuna % 30-40 da. Erleak ura kentzen dio % 16-18 arte heltzeraino. Beraz, nektarra ezti bihurtzen denean gai lodi bat da, %80 inguru azukre dena eta berez kristalizatzeko joera du. Hilabete gutxitan kristalizatu eta gogortu egingo da.

 
Ezti likidoak baditu zenbait erabilpen kristalizatuak (nahiz eta krematua izan) ez dituenak eta jendeak nahi izaten du likido eran. Etxe komertzial handiek ere hala ohitu dute jendea. (Ikus pasteurizazioa). Berotuz gero, 28 ºC-tik gora, ezti-mota guztiak likido bihurtzen dira, baina beroketa guztiak ekidin behar dira ahal dela, eztiaren galera letorkeelako hortik. (Ikus pasteurizazioa).
 
Zer egin?
  1. Izoztu. Ezti likido ateraberria izozkailuan sartzen bada ( -20ºC) ez da kristalizatzen. Horregatik etxe batean urtean 6-10 kilo ezti jaten badira, horra erremedioa, konjeladorean sartu eta jan ahala ateratzen joan. Lasai egon ez da fraskoa lehertzen izozkailuaren barnean.
  2. Ur gutxiko ontzi batean ura ipini eta irakiteraino berotu. Sutatik atera eta ezti potea sartu uretan. Ura erabat hozterako nahikoa ezti likido izango da potean, den-dena urtu ez bada ere.
  3. Azenarioaren metodoa. Aspaldiko ohitura da ezti kristalizatuan azenario bat sartzearena. Horrela egun bat eduki ondoren azenarioaren jiran ezti likidoa aurkitzen da. Egunak pasa ahala azenarioa zimurtzen joaten da. Kasu honetan gertatzen dena da eztiak azenarioaren ura tiratzen duela eta azenarioaren inguruko eztia urtsu bihurtzen dela. Azenarioak dituen bitamina batzuk ere gehitzen zaizkio eztiari. Sistema txarra ez bada ere, azenarioaren inguruko ezti urtsua egunero jan behar da, bestela fermentatzeko arriskua baitago. Hozkailuan sartuz gutxitu daiteke arrisku hori.
 
Ikus Kristalizazioa

PrintEmail