kea2-12.jpg

Ezti motak

Edonork daki ezti desberdin asko dagoela, argiak, ilunak, usaintsuak , xuabeak, fuerteak, ...Bestalde ohituak gaude dendetan ezti-mota desberdinak ikusten: akazia-eztia, erromero-eztia, txilar-eztia, ...Kontsumitzaileak sarritan galdetzen du: Nola dakite eztia akaziarena, edo txilarrarena den?.

transhumantzia

Adibide gisa, erleak dauden inguruan akazia-zuhaitzak baldin badira nagusi eta akazia loretan hasi aurretik eztirik ez bazuen erleak, eta akaziaren lorea bukatzen den bezain laster eztia kentzen badio erlezainak, pentsatzekoa da ezti hori akaziak emandako eztia izan daitekeela.

Baina sarritan tronpatu ohi da erlezaina, edo bestela esanda, sarritan ez da ezti hori erlezainak pentsatzen duen purutasunekoa izaten. Analisatu egin behar da beti.

Bai Eztiaren Eusko Labeleko araudian eta hemen ondoren aipatuko diren ezti-moten deskribapean ezti-mota bakoitzaren ezaugarriak agertzen dira, batzuk fisiko-kimikoak dira eta beteak polinikoak.

Jarduera arrunt batean ezaugarri polinikoei begiratzen zaie, alegia, aztergai den eztiaren 10 gramo hartzen dira eta nahasian dauzkan polenak berezten dira, identifikatzen eta estatistikoki espezie bakoitzaren errepresentazioa ikusten.

“Eztiaren ezaugarriak” atalean esan denez, landare-espezie bakoitzak  polen-kopuru desberdina sortzen du eta horregatik polen asko sortzen duen espeziekoa dela esateko haren polen portzentaia handia beharko du izan.

Horrela, ezti lorebakarra dela esateko portzentaia hauek eskatzen zaizkie mota desberdinetako eztiei:

            + Akazia-eztia: Akazia-polena > % 15

            + Txilar-eztia: Txilar-polena > % 45

            + Erromero-eztia: Erromero-polena > % 20

            + Gaztainondo-eztia: Gaztainondo-eztia > % 90

            + Ekilore-eztia: Ekilore-polena >% 15

            + Ezki-eztia: Ezki-polena > % 20

            + Eukalipto-eztia: Eukalipto-polena > % 70

            + Lahar-eztia: Lahar-polena > % 20

            

Bi kasu aipatuko ditugu polen-erizpideak balio ez dutenekoak:
  1. Labanda-eztia: Landatzen den labandak ez du polenik ematen, hibridoa delako. Ondorioz, labanda-eztia den edo ez jakitekoanalisi kimikoa egin behar zaio.
  2. Basoko eztia: Ezti-mota honen osaketa mixtoa da, batetik, lore-nektarrez osatua da % 50ean eta, bestetik, beste % 50-a zuhaitzek hostoetatik edo ezkurretik jariatutako likido gozoz osatua da. Analisi fisiko baten bidez determinatzen da basokoa den hala ez.

Ezti-mota bakoitzaren purutasuna neurtzeko onartzen diren parametroak ez dira Europako eztiaren lege orokorrean agertzen eta, beraz, erlezainak ezer gutxi behar du etiketan halako landarearen eztia dela ipintzeko.

Lege baten bidez ez bada ere eztiaren merkatuan purutasun-portzentaje  egoki batzuk onartzen dira, oso aldakorrak badira ere.

Arauetan estuenetakoa eta aintzindaria Europa mailan Eztiaren Eusko Labelaren araudikoa da. Ikus legeen atalean.

Behin ezti-mota desberdinak identifikatzeko arauak ipiniz gero bi sail nagusi egingo dira: Batzuk ipinitako purutasun-langa edo listoia pasatzen dutenak izango dira, ezti lorebakarrak deituak. Honela sortuak dira merkatuan aurkitzen ditugun: erromero-eztia, akazia-eztia, txilar-eztia, labanda-eztia, etab.

Besteak, lore-mota askotatik bildutako eztiak izango dira, bereziki bat nagusitzen ez zaienak, ezti milalore edo ezti loreanitzak deitzen zaie.

Ezti-mota ezagunenak banan bana:

Erromero-eztia ( Rosmarinus officinalis)

alt Kolorea: oso argia (≤ 35 Pfund)

Aroma: usain xuabea.

Zaporea: Ahoan aroma gehiago nabari zaio.

Sasoia: otsaila, martxoa eta apirilean loratzen da. Hasierako erromero-eztiak almendrondo (Prunus dulcis) edo         (Diplotaxis erucoides) eztia eduki dezake nahasian. Berandukoak, aldiz, eskaiarena (Timus communis), eta, orduan, haren aroma nagusituko zaio.

Jatorria: Klima meditarranearra den tokitan. E-H: Nafarroa eta Araba hegoaldean.

Akazia-eztia ( Robinia pseudoacacia)

alt Kolorea: Oso argia, cavaren kolorea (≤27 mm Pfund)

Aroma: Usain xuabea, almidoi-usain puntu batekin.

Zaporea: Oso fina, beste inolako zapore berezirik gabea. Horregatik oso estimatua. Fruta helduaren zaporea gogora arazten du. Nekez kristalizatzen da.

Sasoia: Maiatza.

Jatorria: Akazia inbaditzailea da eta berez zabaldu da han eta hemen. Munduko ekoizlerik handiena Hungaria da. H-E: Alde kantauriarrean.

 

Ekilore-eztia ( Helianthus annuus)

alt Kolorea: Anbar argia edo oso argia, hori-laranja tonalitatearekin (55-75 mm Pfund). Kristalizatutakoan oso horia.

Aroma: Usain oso berea, olio- edo argizari-usain puntu batekin.

Zaporea: Gozoa, zozo antzekoa. Irenstean eztarrian erre bezala egiten du eta urruma sortzen du. Berehala kristalizatzen da eta kristal handiak eta gogorrak ematen ditu.

Sasoia: Uztaila

Jatorria: Alde meditarrearretako laborea. E-H: Nafarroa eta Arabako hegoaldean.

eztia ekilorea-6

Eukalipto-eztia ( Eucaliptus sp.)

Biskositatea: Ezaugarri dilatanteak ditu, alegia, irabiatzean sendotu egiten da.

Kolorea: Anbar edo anbar argia (40-75 mm Pfund)

Aroma: Berezia eta iraunkorra, egur bustiarena gogora arazten du. Usaina berezgarriagoa suertatzen da zaporea baino (Kimikoki:  2,3 pentadiona, 2-fenilazetaldehidoa).

Zaporea: Gozoa, azidotasun-puntu batekin.

Sasoia: Espezie asko daude. E-Hkoak udaberrikoak dira.

Jatorria: Berez Australiakoa, E-Hko kostaldean da ugariena.

Txilar-eztia ( Erica sp.)

Biskositatea: Ezaugarri tixotropikoak ditu, batez ere Callunak, alegia, irabiatzean mehetu, lijertu egiten da.

Kolorea: Anbarra, tonu laranja/gorrizta. Kristalizatzean kafesne kolorea hartzen du eta krematzean argitu egiten da. ( 80-119 mm Pfund).

Aroma: Baso hezeko usaina gogora arazten du, eta esne-usaina ere bai.

Zaporea: Gazi-puntu bat nabari zaio eta irenstean mikaztasua ere bai. Erica espezie batetik bestera dezente aldatzen da.

Sasoia: Udaberrikoak egon baldin baude ere, normalean saltzen dena udakoa da, abuztu/irailekoa.

Jatorria: Txilardiak alde mediterraneoan eta atlantikoan aurkitzen dira, batez ere lurtzoru silizeoetan.

 

Gaztainondo-eztia ( Castanea sp.)

Kolorea: Anbarra; Ilun antzekoa mielatoak baldin baditu; gorrizta, txilarra baldin badu. (62-119 mm Pfund). Purua denean nekez kristalizatzen da.

Aroma: Mina (Kimikoki:  2-etil-1-hanal-benzaldehidoa, furfilo-proxinatoa , azetofenona , 2-feniletanola, 2-anozetofenona). 

Zaporea: Sakona eta iraunkorra. Mingots-puntua eduki dezake. Oso purua denean astunegia gerta daiteke.

Sasoia: Uztaila

Jatorria: Haruztuaren maila osoa hartu zuen aintzina,, baina orain urritua dago. Nafarroako iparraldean badira sail handiak.

Txikori-belarraren eztia ( Taraxacum offcinale)

Kolorea: Anbar argia, urrekara.

Aroma: Desatsegina lehen golpean, ezti zaharkituarena bezala.

Zaporea: Sakona eta berezia. Irenstean erruma sor dezake.

Ezti milalorearekin nahasian jateko hobea.

Sasoia: Apirilean.

Jatorria:  Belardi atlantiko asko ongarriztatuetan irteten da bete-betean.

Mielatoak

Mielatoak izan daitezke arteak emanak, edo ametzak, edo haritzak, edo sahatsak, edo gaztainondoak, edo ezkiak edo izeiak. Gure artean ohikoenak arte, ametz edo haritzarenak dira (Quercus, sp)

Kolorea: Oso iluna, ia beltza likido denean. Kristalizatzen denean marroi iluna. (≥102 mm Pfund).

Aroma: Maltarena gogora arazten du.

Zaporea: Dituen gatz askorengatik gazi puntua du eta gozotasuna estaltzen dio. pHa nektar-eztiek baino altuxeagoa izaten du.

Sasoia: Udan

Jatorria: Alde mediterraneoan.

eztia basoa-5

 

 

 

 

PrintEmail