Eztiaren erabilpena
Energi iturria: Kontutan edukita eztiaren % 80 inguru azukreak direla , eta monosakaridoak, alegia, gorputzak digeritu beharrik ez dituenak, argi dago energi iturri aparta dela eta ariketa fisiko handiak egin behar dituztenentzat oso egokia. (Ikus EZTIA ENERGIA-ITURRI)
Osasun-iturria: gorago aipatutako elementuengatik eztiak fama handia du sendagai gisa, osasunarekin lotzen dugu beti. (Ikus EZTIA OSASUN-ITURRI)
Nola hartu eztia?
Eztia hartzen da kopuru txikitan bere hartan, azukre zuriaren ordez eta berau hartu ohi dugun bezala, edo ogitan igurtzita, edo edari hotz edo berotan urtuta. Jogourth, mami edo gaztanberarekin ere hartzen da.
Edari bero batean urtuta hartzen denean, kontu izan behar da beroegi ez egitearekin, bere propietateak galdu baititzake. Oheratu aurretik edari epel batekin hartzen bada, esnearekin, adibidez, eragin lasaigarriak ditu. Edari hotz batean urtuta hartzen bada, bizigarri suertatzen da.
Zenbat hartu egunean?
Zaila da kopuru bat esatea, pertsona guztiak baikara desberdinak eta gauza desberdinak egiten baitugu egunean zehar. Hala ere, pertsona heldu osasuntsu batek 30-40 gramo jan beharko lituzke gutxienez eztiaren eragin onak sumatzeko, alegia, zopa-koilarekada eder bat bezala.
Zauri edo erredurak tratatzeko eztia modu likidoan erabili behar da, zuzenean edo eztiz igurtzitako gasak ipiniz. Esan beharrik ez dago aurrez ondo garbitu behar direla zauriak.
Ezti hartzitua
Hartzidura jasan duen eztia, ozpindurik egonik, ez da jangarria . Ozpin-kiratsa edukitzen duenez, ez dago arriskurik inork jango duenik.
Eztia azukrez asetako produktua izanik, nekez ugaltzen dira legamiak bertan, baldin eta hezetasuna % 18tik behera bada (Txilar-eztiak hezetasun handiagoa (%20) eduki dezake). Hezetasunak hortik aurrera egiten badu, eta zenbat eta gehiago eduki eztiak hartzidura alkoholiko bat jasaten du, alegia, azukrea gutxitu eta alkohola gehitzen da. Hartziduraren ondorioz eztia mindu egiten da, ozpindu, alegia, eta "irakiten" hasten da, mindu-kiratsa botaz. (Ikus zehatzago EZTIAREN KALITATEA ("Hezetasuna")).
