martxel3-28.jpg

Eztiaren kalitatea

Artikulu honekin batera doan Kalitatearen definizioak idatzian saiatu gara kalitatea nola uler daitekeen adierazten.

Aurreko lan horren bukaeran aipatzen zen kalitatea definitzeaz gain neurtu ere egin behar dela eta horretarako analitika jakin batzuk egiten dira eta handik ikusten zein den esku artean dugun eztiaren kalitatea. Eztiaren analitikatik, azken batean, eztiak izan duen prozesuaren berri jakiten da.

Kalitatezko produktu baten jarraipena ez da analisietan soilik oinarritzen, alderantziz baizik. Esan nahi da, analisiek detektatzen dute produktu baten kalitatea mantentzeko prozesu osoan hartu diren neurrietan akatsik baden ala ez. Detektoreak dira analisiak, ez produktuaren kalitatearen oinarri.

Analizatzen diren parametroak ondo interpretatuta eman dezakete eta eman behar dute aztertu den eztiaren ontasun-maila eta loretik mahaira bitartean eztiari eman zaion tratuaren berri.

Laburpena

Kalitate oneko eztia zein den jakiteko hainbat metodo azaldu dira lan honetan, baina zuhaitz tartean gal ez dadin irakurlea, hona laburpena:

1.-Ingurumen garbian dauden erleek nektar garbia bilduko dute, gero ezti garbia sortzeko.

2.-Erlezainak kontu handiz erabiliko ditu erleen gaixotasunak sendatzeko behar dituen medikamentuak, erabilpen txar batez kutsa ez dezan bertako eztia.

3.-Eztia abaraskatik erauzi edo atera eta ontziratu behar duen lekuak eta bertan dauden material eta langileak higiene eta garbitasun maila ona behar dute.

4.-Eguzkitan eduki den eztiak kalitatea erabat galdua du.

5.-Eztia erleari kendu eta kontsumitzailearen eskuetara iritsi arte ez da inoiz berotuko 30 – 35 gradutatik gora, eta are gutxiago pasteurizatuko.

6.-Etiketatuan eztia noiz ekoiztua den (“uzta-urtea”) ipintzen duenak kalitate-bermea ematen du. Uzta-urtetik bi urte pasa gabe dagoen eztia bere onenean dago.

7.-Lagin hauen etiketatuan kalitate-kontrolen baten zigilurik dutenek ( Ezti ekologikoa, Jatorrizko Izendapenekoa, edo Eusko-Labela) ematen dute kalitate-bermerik handiena, batez ere azkenekoa dutenak.

8.-Ezti-lorebakarretan purutasunik handienak Eusko-Labeldunetan azaltzen dira.

PrintEmail