kea3-18.jpg

Analisi polinikoa

 

Eztia analiza daiteke fisiko eta kimikoki baina baita ere analiza daiteke biologikoki, alegia, bere baitan dauzkan bizidunen edo bizidunen zatiak iker daitezke.

Eztiaren analisietan ohiko gai biologikoak polen-aleak dira. Polen-aleok identifikatuz jakin daiteke erleek zein landaretatik bildu duten nektarra.

Badira landareak polen asko sortzen dutenak, eta badira beste batzuk oso gutxi sortzen dutenak. Landare bakoitzak bere estrategiak ditu landare bateko polena beste landare bateraino iritsarazteko, edo lore bateko polena beste lore batera heltzeko.

Landareetan bi estrategia dira nagusi, bata da, polena haizez banatzekoa (anemofilia) eta, bestea da, animalia bidez banatzekoa. Animalien artean intsektuak dira garrantzizkoenak (entomofilia) eta intsektuen artean erleak.

Polena haizez banatzen duten landareak (anemofiloak) polen asko sortzen dute, polen-aleren bat zorian-zorian lore eme edo organo emeraino iristeko probabilitate minimo bat egon dadin. 

Polena intsektu bidez banatzen duten landareek (entomofiloak) polen gutxi sortzen dute, lore batetik bestera polena eramango duen intsektu garraiolaria badutelako.

Eztiaren analisian erleak bisitatzen dituen landareen polena aztertzen da, landare entomofiloena bakarrik, landare anemofiloetako polen ale bat edo beste ere ager badaiteke ere, haizeak ekarria. Beraz, landare entomofiloetan zentratzen da ezti-analisia.

Iragazi xeheak erabiliz, eztiari polena kentzea debekaturik dago legez, bai baitaude nazioak eztiaren kristalizazioa ekidin nahiez eztiari iragazketa ultrafina egiten diotenak. Eztiak beti eduki behar du bere jatorriko polena, beste gauzen artean horrexek berak erakusten baitu bere jatorria.

Badira beste hainbat gauza jakin behar direnak analisi poliniko bat aztertzeko eta ondo interpretatzeko:

Nektarrik gabeko loreak

 
Badira landare entomofiloak nektarrik sortzen ez dutenak, baina, nektarrik ez eduki arren, polena ematen dutenak. Erleek, bada, bisitatzen dituzte lore polen-emaile hauek erladiak behar duen polena biltzeko. Landare hauen loreen polena ere agertuko da eztiaren analisian, baina ez da kontutan hartuko eztiaren jatorria jakiteko egin behar den estatistikan. Adibidez, analisi poliniko batean azalduko balitz (kasu hau errealitatean ez da inoiz gertatuko) %50 Quercus eta %50 Erica, lehen begirada batean esango luke batek erdia haritzetik bildua zela eta beste erdia txilarretik. Kontutan edukiz gero haritzak polena bakarrik ematen duela eta ez nektarrik, interpretazio zuzena litzateke ezti hori % 100 txilarretik bildua litzatekeela.
 
Ondorioz, polena bakarrik ematen duten landareak ez dira kontutan edukitzen eztiaren lorebakartasuna aztertzekoan estatistika egiten denean. (((((Ikus hurrengo taulan nola bi portzentaje ematen diren, bata, estatistika itsua eginez, eta, bestea, nektar-emaileak direnak kenduz.))))
 

Polen-kopuru desberdineko loreak

 
Landare entomofiloen artean (intsektu bidez polinizatzen direnak) ere landare-mota guztiek ez dute polen-kopuru bera sortzen. Landare batzuek polen asko sortzen dute (adibidez, gaztainondoak) eta beste batzuek gutxi (adibidez, sasi-akaziak). Horren arrazoia eboluzioa da, landare-familia bakoitzak bere lore-egitura desberdinak eratu ditu eta landare batzuek polen gutxirekin lortzen dute besteek lore askorekin lortzen duten efikazia bera.
 
Estatitiska egiteko unean kontutan eduki beharko da fenomeno hori, zeren eta ezti jakin bat nagusiki halako landarearen nektarrez egina dela esateko, portzentaje desberdina eskatzen zaio landare-mota bakoitzari. Esate baterako, ezti jakin bat gaztainondo-eztia dela esateko eztiak dituen polenetatik % 90 gaztainondoarenak izan behar dute Eusko-Labeleko Araudian, baina sasi-akaziaren kasuan % 15 nahikoa da.
 

Polenik gabeko landareak

Landare entomofiloen artean badira polenik ematen ez dutenak ere, gizakiak hibrido antzuak lortu dituelako, adibidez, perfumeak egiteko landatzen den labanda kultibatua (Lavandula spp).
 
Kasu honetan analisi polinikoak ez luke argibiderik emango eta analisi kimikoan oinarrituz argitzen da labanda-eztia den ala ez.
 

Lorekoa ez den eztia

Ezti guztia ez dator loretik, esan nahi da, erleek biltzen dutela eztia egiteko gaia loreak ez diren beste tokietatik ere. Horren adibide on bat haritz, ametz eta artetik (Quercus generokoak hirurak) erleek biltzen duten mielatoa da. Bolumenari begiratuz gure artean ezagunenak Quercus generokoenak badira ere, beste landareek ere ematen dute mielatoa: Sahatsak (Salix sp), ezkiak (Tilia sp), izei zuriak (Abies alba ), izei gorriak (Picea abies), alertze europarrak (Larix decidua), makalak (Populus), urkiak (Betula), pagoak (Fagus), pikondoak (Ficus carica), astigar zuriak (Acer pseudoplatanus), gaztainondoak (Castanea), eta gariak (Triticum).
 
Mielatoa da landare batzuek hosto, fruitu, kandu edo beste nonbaitetik jarriatzen duten izerdi landua. Izerdi landu hori zauri batzuetatik isurtzen da, ezaguna izanik intsektu zurrupatzaileek (hemipteroak nagusiki: landare zorriak, zimitzak, eta abar ) landarearen izerdia zurrupatzen jardun ondoren utzitako xuloetatik isurtzen dena.
 
Batetik, bada, landareen sekrezioa izan daiteke mielatoa eta, bestetik, intsektu zurrupatzaileek isurtzen duten likido gozoa. Intsektuen likido gozo hau inurriek ere biltzen dute, hori dela eta landare zorriak landare batetik bestera eramanez, nola erleak mugitzen dituen erlezainak transhumantzian.
 
Beraz, analisi polinikoaren ikuspegitik mielatoa erleek biltzen duten polenik gabeko eztigaia da.
 
Nola jakin edo konturatu ezti batek mielatoa duela analisi polinikoa begiratuz, polenik ez badu?
 
Analisi polinikoa begiratzean analistak beti ipini behar du “PK” datua, alegia, zenbat polen ale dagoen 10 gramo eztiko. (((Ikus aurreko taulan, basoko ezti bateko PK)))
 
Mielato asko baldin badu PK txikia izango da, polen diagramak adierazten duen ezti-motak duena baino gutxiago. Anomaliaren behatuz gero, analisi fisiko-kimikora jo beharko litzateke, beste gauzen artean “eroankortasun elektrikoa” egitera.
 

Polena eztiaren jatorriaren adierazle

Analisi polinikoa egitea oso aspaldiko praktika da eta helburu asko ditu. Bata, gorago aipatu duguna jakiteko, alegia, zein ezti-mota den. Kontsumitzaileak asko estimatzen du informazio hori, zaporearen berri ematen baitio. Bestea, kontrol-lanetan erabiltzen da, zeren eta polenak eztiaren jatorria adierazten baitu. Berez, landare-jatorria adierazten du, baina baita ere jatorri geografikoa, landareen banakera ezagutzen bada. E.b. Gipuzkoan ez luke erromero-polen kopuru handirik azaldu behar, erromeroa ez delako eskualde honetako landarea.
 
Jatorri izendapenetako araudietan, bada, ohikoa da eskualdeari dagokion floraren erreferentzia bat azaltzea eta analisi polinikoetan zenbait landareri dagozkien polen-kopuruak zehaztea edo mugatzea. Honela, hona zer agertzen den Espainiako Eztiaren Jatorrizko Izendapenetako bi arauditan:
 
Berez, Jatorrizko Izendapeneko polen-portzentaiak ez betetzeak ez du bere kalitatearekin lotura zuzenik, huts–hutsean parametro fisiko-kimikoei begiratzen badiegu,  baizik eta kontsumitzaileak espero beharko lukeena ez eskaintzea izan daiteke akatsa, iruzurra baita ere neurri batean, nahiz eta erlezainak delako eskualde hartan bildu ezti hori. Kalitate handiko eztia izan daiteke, baina etiketan esaten duena betetzen ez badu, iruzur baten aurrean gaude.
 

Ezti-nahasketa

Erlategi edo urte-sasoi desberdinetako eztia nahas daiteke elkarrekin, lote handiagoak egiteko edo urte osoko uzta bezala ezti-mota bakarra merkaturatzeko. Argi dago milaloreak diren bi ezti-mota nahasten baditugu beste ezti milalore bat sortuko zaigula.
 
Baina hemen ezti–nahasketa aipatzen badugu lorebakartasuna ziurtatzeko polen-analisiaren ez-nahikotasuna aipatzeko da, alegia, polen-analisiak bera bakarrik parametro bakarra adierazten digu, baina ezti lorebakar batek (erromero-eztia, akazia-eztia, …) gorago aipatu diren parametro fisiko-kimikoak ere bete behar ditu. Adibide xume batez adierazteko, ezin da erromero-eztia iluna izan.
 
Erlezainen artean egon daitekeen tentazioa da purutasun handiko ezti-lorebakarrari ezti milalorea gehitu eta hasierako ezti lorebakarraren kopurua ugaltzekoa. Errealitatean inoiz gertatzen ez bada ere, demagun badugula txilar-ezti partida bat bere polena % 100 txilarrarena dena. Demagun, badugula beste ezti milalore partida bat PK txilar-eztiaren berdina duena eta txilar-polenik bat ere ez duena. Demagun erdi eta erdi nahasten ditugula. Argi dago matematikoki nahaskin berriak %50 txilar-polena izango duela, beraz, polenari bakarrik begiratuz, Eusko-Labelaren araudiaren arabera “txilar-eztia” litzatekeela, %45 eskatzen baitu. Baina ziurra da, txilar-eztiaren beste parametro fisiko-kimikoak ez dituela beteko. Iruzurra ez bada egin nahi, ezin litzateke ezti hau txilar-ezti gisa saldu behar.
 

Leku bakoitzak bere eztia

Toki bakoitzeko eztia besteetatik desberdina da, zaila delako bi azalera handi topatzea landaredi  berdin-berdina dutenak. Bi hurbileko eremuetako landaredia desberdina bada edo eta landare-espezien kopuruak desberdinak badira, bietako eztia desberdina izango da.
 
Badira eskualdeak ehundaka hektarea berdin-berdinak dituztenak, dena baso-mota bereko estaldura dutenak, edo belardi mugaezinak dituztenak. Gure artean zaila da honelako paraje homogeno handiak topatzea.
 

Ezti desberdina erlategi berean

Eman dezagun erlezain batek erlategi bakarra duela eta beti han dituela erleak, transhumantziarik egin gabe. Batek pentsa dezake erle haiek urtez urte ezti bera egingo dutela, baina ez da hala.
 
Erlategi bereko erle guztiek sortutako ezti guztiak bat egiten baditu ere, urte batetik bestera beti irtengo da zertxobait desberdina. Zergatik?
 
  • Urte batetik bestera eguraldia desberdina delako. Horren ondorioz, adibidez, urte bateko maiatzean eguraldi txarra bada eta erleak erlauntzatik irten ez badira, maiatzean loratzen diren loreen nektarra faltako da urte hartako eztitan.
  • Erleak urte batetik bestera ez direlako indartsu egoten urtesasoi berean, eta sarritan gertatzen da indartzen direnerako loraldia pasatzen zaiela behar bezala probetxatu gabe. 
  • Erlategi bereko bi erlauntzetan ezti oso desberdina topa dezakegu. Adibidez, eman dezagun erle berri bat sortu dugula apirilean eta lagunduz-lagunduz ekainerako indartsu egotea lortu dugula. Erle horrek ekainetik aurrerako eztia sortuko du. Baina erlategi bereko beste erle batek umea botatzen badu ekainaren hasieran, handik aurrera ez luke eztirik sortuko eta ekain aurretik bildutakoa bakarrik izango luke erlezainarentzat. Honela, erlategi berean erle batek ekain aurreko eztia emango luke eta besteak ekainetik aurrekoa.

Ezti lorebakarrak

 
Erleak inora mugitu gabe baldin badaude erlategi batean, eta urtearen bukaeran eztia kentzen bazaie, ia ziur eztia milalorea izango dela, azken batean, urte osoan hilabetez hilabete erleek bildu duten eztia dena batera atera delako.
 
Eztia hilero kentzen bazaie, agian, hilabete bateko eztia lorebakarra izango da, alegia, lore bateko eztia nagusi izango da. Lore horren polen ugariak (eta beste parametro fisiko-kimikoek) adieraziko du hori.
 
Erlezainak erleak lurralde batetik bestera mugitzen baditu, “loraldi non, erleak hara”irizpideari jarraituz, eta loraldi bakoitzaren ondoren eztia kentzen badie, lortu ahal ditu ezti lorebakarrak.
 
Gorago aipatu da, zein irizpide erabiltzen den espezie batekoa ala bestekoa den jakiteko.
 

 

PrintEmail