abaraskak_1-30.jpg

Eroankortasun elektrikoa

Fisikako hiztegiak honela definitzen du eroankortasun elektrikoa: Elektrizitatea eroateko gaitasuna. Eroankortasuna karga elektrikoaren eroaleen higitasunarekin erlazionaturik dago.

Eskolan ikasi genuen uretan sartuta leudekeen bi elektrodoren arteko  elektrizitatearen pasua handitu egiten zela uretara gatza botaz gero; zenbat eta gatz gehiago, orduan eta pasu handiagoa.

Eztia ere likido bat denez eta gatz mineralak badituenez,  bere eroankortasun elektrikoa neurtuz gero, ezti horren gatz-edukiera jakin dezakegu. 

Ezti-mota bakoitzak bere gatz edukiera du eta, ondorioz, eroankortasun elektrikoa erabili dezakegu ezti-mota bat sailkatzeko edo etiketan aipatzen den ezti-mota benetakoa den ala ez jakiteko.

Eusko-Labeldun eztiaren araudia begiratuz gero, ikusiko da ezti-mota bakoitzaren eroankortasuna zein den. 

Likidoen eroankortasuna Siemens (S) unitateetan neurtzen da, distantzia batean dauden bi punturen artean. Normalean erabilia da: (S/cm): Siemens/zentrimetroko urruntasunean.

Orokorki esan daiteke, zenbat eta gatz gehiago (beraz, eroankortasun handiagoa) orduan eta ilunagoa izango dela eztia. Alderantziz esanda, zenbat eta ilunagoa den eztia, orduan eta gatz mineral gehiago du. Basoko eztiak eroankortasun altuagoa du besteak baino.

Hona adibide batzuk Eusko-Labeldun eztiaren arauditik aterata. Argi dago eroankortasunaren (gatz mineralen edukiera) eta kolorearen arteko erlazioa.

Ezti-mota Eroankortasuna ( 10⁻⁴ S/cm) Kolorea (mm Pfund)
Akazia ≤ 2,5  ≤ 27
Laharra ≥ 2,10 ≥ 40
Erromeroa 1,00 - 3,2 ≤ 35
Ekilorea 2,5 - 4,5 55 -75
Eukaliptoa ≥ 3,5 40 -75
Txilarra 5 - 9,90 80 - 119
Basokoa ≥ 5,5 ≥ 102
Gaztaina ≥ 10 62 - 119

Honatx ikerketa honetako ezti lorebakarren eroankortasun-taula:

Lagina Ezti-mota Eroankortasuna
15 Txilarra 7,40
16 Txilarra 8,35
17 Txilarra 9,35
19 Txilarra 8,41
25 Txilarra 6,71
27 Txilarra 6,38
29 Txilarra 6,02
30 Txilarra 5,54
32 Txilarra 6,63
33 Txilarra 5,62
34 Txilarra 5,70
37 Txilarra 9,82
20 Basokoa 9,37
21 Basokoa 4,10
22 Basokoa 8,35
40 Basokoa 9,07
39 Ekilorea 3,60
Taula honetan ikusten da 21. laginak ez duela betetzen araudia, gutxienez 5,5 beharko bailuke. Jatorrizko izendapena duen eztia da.

Eroankortasun elektrikoa beharrezkoa suertatzen da  ezti lorebakar batzuen kasuan, adibidez, basoko eztiaren kasuan. Basoko eztiaren kasuan analisi polinikoak berak bakarrik ez digu asko balio. Basoko eztia lore-nektar eta mielatoaren nahasketa da. Mielatoak polenik ez duenez, bertan agertzen zaigun polen-espektroak ez digu mielato kopurua adierazten eta, orduan, eroankortasun elektrikoa erabiltzen da irizpide gisa.

PrintEmail