martxel2-9.jpg

Eztiak sor ditzakeen kalteak

Eztia produktu on, natural eta sanoa izan arren, ez die guztiei on egingo. Entzun izan ditugu, bati bihotzerrea ematen diola edo arnasa estutzen diola. Ez da kalteko den ezer jan behar. Sarritan behin on ez arren, gero aproba egin eta gorputzak ondo onartzen du, norbere gorputza ere ez delako beti modu berean egoten. Hemen kasurik arruntenak aipatuko ditugu. Kasuak ezagutu ahala gehitzen joango gara:

  1. Diabetikoek edo giltzurrun eta gernubideetan oxalatozko harriak sortzeko joera dutenek (eztiak azido oxaliko dexente duenez) ez lukete eztirik hartu behar medikuarekin aurrez kontsultatu gabe. 
  2. Eztiari alergia dutenen kasuak oso arraroak dira. Gerta daiteke eztiaren osagaietako bati izatea alergia, glukosa edo fruktosari, adibidez. Horrelako arazoa duenak kontuz ibili beharko du bestelako gauza gozoekin ere, kalte egiten dion gaia zein den jakin arte.
  3. Tripako mina sortu izan da eztia hartzean, halako tope bat bezalako zerbait urdailean, baina beti ere ezti asko eta azkar irentsiz gero gertatzen da. Kasu hau gertatzen da likido epel edo bero batean ezti asko urtu eta basokada bat trago batean irensten denean. Minutu gutxitan etortzen da gorputza bere onera.
  4. Normalean kafesnerik hartzen duten pertsonek hartu izan dute eztiz gozatua, katarroa datorkienean. Kexu izaten da sarritan halakoa, eztiak beherakoa sortzen diola eta, konturatu gabe kafesnea bera dela libragarria, batez ere gutxitan hartzen duenarentzat.
  5. Eztabaida dago ea urtebetez beherako haurtxoek eztirik jan dezaketen ala ez. Beldur dira batzuk eztitan doazen zenbait gaik ez ote duten hipersentsibilitatea sortuko haurrarengan. Ematearen aldekoek diote antzeko gaiak jaten dituztela adin horretako haurrek inor alarmatu gabe. 
  6. Eztabaida horren barnean sartuko litzateke,baita ere, eztia jateagatik haur-botulismoa          (Urtebetetik      beheko  haurrek bakarrik harrapatzen dute, Clostridium botulinum-ek sortua)  garatzeko egon daitekeen arriskua. Literaturan eztia jateagatik sortutako kasuak oso arraro eta bakanak dira. Dena den, badaezpada ere, urtebetez beheko haurrei eztirik (eta polenik) ez ematea aholkatzen da. Zauriak eztiarekin tratatuz gero ere egon daiteke botulismoa kutsatzeko arriskua, beti ere urtebetez beheko  haurretan.

  7. Txantxar edo Kariesa:

 Nork ez du entzun azukrea txarra dela hortzetarako?. Kezka horrek jo du maiz eztia hartzearen aurka, eztiaren osagai nagusienak azukreak baitira.Txantxarra zerk sortzen duen eta nola aurre azaldu aurretik esan dezagun eztia ez dela ona txantxarrari aurre egiteko. Kasu honetan Lourdesko ura hobea da, beste edonongoa ere bai.

Txantxarra zer den

Gaixotasun bat da, zeinak erreakzio kimiko konplexu batzuen bidez hortz eta haginen esmaltea erasotzen duen lehenik eta berauen zati organikoa gero, alegia, hotz-mamia.

Erasotzaileak

Erasoaren aintzindariak azidoak dira, esmaltearen osagai inorganikoak disolbatzen dituztenak.

Azido hauek mikroorganismo batzuek sortzen dituzte beren energia-iturriak lortzeko, ahoan bertan, karbono-hidratoak hartzitzen dituztenean. Azido hauetan aipa daitezke: laktikoa, azetikoa, propionikoa edo pirubikoa.

Lehenengo baieztapena : Ahoan dabiltzan karbono-hidratoak lehen-gai dira azido erasotzaileak sortzeko. Eztiaren osagai nagusienak karbono-hidratoak dira, azukreak.

Mikroorganismo horiek koloniak osatu behar dituzte azido horiek kopuru nahikoan sortzeko eta, bestalde, hortzaren kontra egon behar dute haien fermentaziotik sortzen diren azidoak ere denboraldi bat hortzaren kontra mantentzeko. Hitz gutxitan, hotz-haginen kontra itsatsita egoteko euskarri bat behar dute eta euskarri horri hotz-plaka deritzo.

Plaka-sortzaileak

Hortz-plaka batik bat bakterio-koloniaz osatutako pelikula gelatinatsu bat da eta hotz-haginei eta hortzoiei sendoki itsatsia.

Bakterioz (%30) gainera, ura, zelula epitelialak, globulu zuriak  eta jan-hondarrak izaten dira hortz-plakan.

Hagin-gain eta tarteetan erraz sortzen diren janari-hondar berak nahiko euskarri sortzen dute.

Bakteriook hortz-haginen beste guneetan itsatsi eta mantentzeko kola antzeko zerbait behar da eta ahoko mikroorganismo hainbatek sortutako polisakarido batzuk egiten dute zeregin hori.

Polisakarido hauetan ezagunenak dextrano eta lebanoak dira, karbono-hidratoetatik, bereziki sakarosatik (azukre zuria) sortutakoak.

Dextranoak (hortz-koronan sortzen den plakako osagai nagusiak) Strptococus mutans-ek sortuak dira. Lebanoak, aldiz, (hortzoietako plaketako osagaia) Actinomyces viscosus-ek sortzen ditu.

Dextranoak eta lebanoak honela sortzen dira:

1.-Sakarosa + bakterio-entzima (dextrano-sakarasa) => dextrano + fruktosa

2.-Sakarosa + bakterio-entzima (lebano-sakarasa) => lebano + glukosa

Sakarosa zatitzen da lehenik bere osagaietan, alegia, fruktosa eta glukosan. Gero polimerizatu egiten dituzte eta dextranoak sortzen dituzte glukosarekin eta lebanoak fruktosarekin.

Dextrano katea luzekoak dira kaltegarrienak, oso itsaskorrak baitira, uretan disolbaezinak eta bakterioen metabolismoarekiko erresistenteak. Horregatik behin itsatsiz gero zailak dira eliminatzen.

Lebanoak zertxobait disolbagarriak dira uretan eta bakterioek metaboliza ditzakete. Hortzoietan babesturik erraz irauten dute plaka-sortzaileok.

Bigarren baieztapena : Dextranoak eta lebanoak sortzeko behar den sakarosa badu eztiak, nahiz eta %5 baino gutxiago izan.

Hotz-txantxarra sortzeko prozesua honela laburbildu daiteke:

      *Ahoko bakterioek polisakarido itsaskorrak sortzen dituzte, batik bat sakarosatik.

    **Polisakarido hauek hortzetan itsasten dira.

  ***Polisakarido hauen sare tartean bakterio-koloniak finkatzen dira.

****Bakterioek azidoak sortzen dituzte beren metabolismoko hondakin gisa.

*****Azido hauek esmaltea erasotzen dute : SORTU DA TXANTXARRA.

Gozoa jateak txantxarra al dakar beti?

Erantzuna ez da bai ala ez bezain sinplea.

  1. Gozo-gauza guztiak ez dute eragin bera: sakarosak, fruktosak, glukosak, ....
  2. Ez da gauza bera gauza gozoak berak bakarrik jatea edo beste janariekin batera jatea. Gozo gauzak bera bakarrik jatea da arriskutsuago.
  3. Ez da gauza bera gozo gauzak jan eta oheratzea edo ez. Hortz-haginak garbitu gabe eta gauza gozoak janberritan oheratzea arriskutsuagoa da egunez gauza bera eginda baino.
  4. Ez da gauza bera janari gozoa itsaskorra izatea, hortz eta haginetan erantsita geratzen dena edo likidoa izatea. Likidoa ahotik berehala desagertzen da, baina gozokia itsaskorra bada, denbora luzean iraun dezake haginari itsatsita eta zenbat eta denbora gehiagoan egon orduan eta kalte gehiago egin dezake.
  5. Ez da gauza bera gauza gozoak inoiz edo behin  edo maiz jatea, zenbat eta maizago jan arriskua handiagoa da, noski.
  6. Ezin utzi aipatu gabe higienea. Edozein gozoki mota izan eta edozein modutara jaten dela ere, higiene egoki batekin txantxarra izateko arriskua nabarmen gutxitzen da.
  7. Eztia txantxar-sortzaile da, beraz?

Gorago egin diren azalpenetan argi ikusten da azukreak, karbono-hidratoak direnez, zuzenean inplikaturik daudela txantxarraren sorkuntzan. Eztiak %2 edo 3 du sakarosa, %40 glukosa eta %40 fruktosa. Itxuraz, bada, arriskugarrien artean dago.

Eztiaren alde

Eztiaren alde gauzak esate aldera, esan dezagun zerbait:

    * Sakarosa oso gutxi du. Normalean % 2 edo, du. Inoiz ez %5 baino gehiago.

  ** Normalean likidotan disolbatua hartzen da. Kontu handia eduki behar da, batik bat, biberoia hartzen duten    haurrekin, gertatzen baita, oraindik higieneko arauak jarraitzeko gai ez izanik, ahoa esne gozotan blai har dezaketela lo eta horrek kalte handiak ekar diezaizkieke. Kalte handiagoak biberoi eta guzti lo hartzen badu.

Oso umetatik hezi behar da hortz-higienean haurra.

*** Eztia ez da gai itsaskorra. Txantxarra sortzeko arrisku gutxiago du beste gozokiak baino. Gai itsaskor batekin batera janez gero, ogitartean, adibidez, haginetan itsatsia gera daitekeenez, orduan kaltegarriagoa litzateke.

Eztiaren osagai txarrak

Eztia produktu natural bat da eta horrek maiz sortzen du produktu on eta birjina baten irudia. Eduki ditzake, ordea, zergatik ezkutatu ?, osasunarentzat onak ez diren produktuak erlazainak ez baditu gauzak ondo egin.
 
Batetik, egon daitezke ingurumen kutsatu batetik etor daitezkeen kutsagaiak. Alegia, ingurumen kutsatu batean bizi diren landareek gai kutsatzaileak jaso ditzateke sustraietatik eta beren nektarrera pasa. Ondorioa, badu bere garrantzia inguru garbi batean erleak edukitzea.
 
Bestetik, eztitan ager daitezke erlazainak erleen gaixotasunen aurka egiteko erabiltzen dituen plagizida edo antibiotikoen arrastoak. Kalitateko ezti baten karian lan egiten duen erlazainak badaki noiz eta nola eman botikak erleari eztia inolaz ere kutsatu gabe.
 

PrintEmail