biltegia-14.jpg

Erle-polena

 

Erle-polena erleek loreetatik bildu, pilotatan pilatu eta erlezainek erleei kentzen dieten polena da. Nagusiki erle-polena da gizakiak jaten duena. Bestela esanda, erleek bildutako polena aprobetxatzen du gizakiak. 

Gizakiak erleari polen nola kentzen dion azaldu baino lehen, erleak polena nola eta zertarako biltzen duen azaldu beharko da eta erlearen eta lorearen artean zein lotura dagoen.

 

Lorea eta erlea elkarren beharrean

Lore bati begiratzen bazaio, ordea, ez da dendan erositako arroz-ale erdi baten tamainako pilotatxorik ikusiko, hautsaren moduko zerbait baizik. Pilota horiek erleak egiten ditu, milaka eta milioika polen-ale mikroskopiko elkartuz. Polen-ale mikroskopiko hori nabarri dezakegu behatza lore baten barnetik pasaz  gero; hauts moduko bat geratzen zaigu erantsita, “lore-hautsa”(polena adierazteko euskaraz erabili ohi den beste hitza, “lore-hautsa”).

Polen-ale mikroskopiko bakoitzak loreetako obozelula edo obulua ernaltzeko ahalmena du. Horretarako lehenik loreak duen beste organo baten gainean pausatu behar du, estigmaren gainean, hain zuzen. Estigma da pistiloaren goialdeko azken zatia, polena jasotzeko moldaturik dagoena.

Polena “erne” egiten da estigmaren gainean eta tutu bat luzatuko du obozelularaino eta hau ernalduko. Hortik aurrera hasiko da haziaren formazioa.

Polena da, beraz, lorearen zati arra, zein estamineetan sortuko den eta haizeak edo intsektuek estigmaraino helaraziko duten.

Baditugu, bada, landareak, baditugu loreak, badugu polena bertan. Baditugu intsektuak, baditugu erleak eta badute landareek intsektuen beharra polena lore batetik bestera eramatekoa. Milioka urteetan zehar koeboluzio luze baten ondoren, baten beharrak eta bestearenak ase dituzte loreek eta intsektuek.

Erleentzat polena proteina-iturri ia bakarra da eta, beraz, berau biltzeko egokitu dira, bai anatomikoki, bai etologikoki.

Polen-bilketa

Erle-koloniaren barnean, erle batzuk espezializatzen dira nektar-bilketarako eta beste batzuk polen-bilketarako. Anatomikoki berdinak izan arren, polen-bilketan ari denak ez du nektarrik biltzen bidaia berean.

Erle langileek atzeko hankak, batez ere, anatomikoki oso eraldatuak dauzkate, beraien bidez  polen-pilotak egin eta erlauntzera ekartzeko.

Milioika urtetako koeboluzioz, erleen bisita polinizatzeko erabiltzen dute landareek eta, beraz, landare bati bere espezie bereko polena komeni zaio ernalduko bada. Horregatik, erle indibiduo bakoitza espezializatzen da lore espezie batean ibiltzen, eta, modu orokorrean esan daiteke, erleak osatzen dituen polen-pilotak espezie bereko landareenak direla, alegia, monoespezifikoak direla.

Polen-pilotak nola egiten dituen erleak

  • Erle polen-biltzailea paparoan ezti edo nektar tanta bat duela irteten da larrera. Lore batera iristean estamineen gainean pausatzen da eta bere baraila era aurreko hankaz anteretako polena paparoko eztiz eta ahoko listu-sekrezioekin igurtziz bere gorputzeko iletara botatzen du eta haietan kateatuta geratzen da.
  • Lore batetik bestera doalarik, atzeko hanketako eskuilaz errepasatzen ditu gorputz osoa eta beste hankak, honela haietan zegoen polen guztia bilduz.
  • Polenez beteta dituen eskuila horiek atzeko hanka beretan dituen orraziz garbitu egiten ditu, alegia, eskuineko hankako orraziaz garbitzen du ezker hankako eskuila eta ezker hankako orraziaz eskuineko eskuila.
  • Ezproiaren laguntzaz orrazian dagoen polena berehala pasatzen du hankaren kanpoaldera eta han polen-saskietan sartzen. 
  • Polen-saskien erdian ile zurrun bana dago eta ile horren inguruan  eta beronek eutsita metatzen du polena, baserritarrek belar ondua meta-makilaren jiran metatzen zuten bezala,  polen-pilota geroz eta handiagoa eginez.

Polen-piloten deskarga

Atzeko bi hanketan pilota bana duela erlauntzera etortzen da erlea eta umesabiaren inguruan hutsik edo erdibetean dagoen gelaxka batean uzten ditu bi pilota hauek.

Etxe-lanetan diharduten erle gazteak buruz behera sarturik polen-pilota solteak dauden gelaxkara, buruz bultza eta elkarrekin bat eginda uzten dituzte pilotok.

Polen-gelaxkak ez dituzte betetzen muturreraino,  eztiarekin egiten duten bezala, eta ez dituzte operkulatzen ere. Polen-biltegia, alegia, polenez betetako gelaxka multzoa, umesabiaren jiran antolatzen dute. Euskal erlezainek “artoa” deitzen zioten.

Erleek zertarako erabiltzen dute polena?

Erleentzat polena beren proteina-iturria da eta beren larbei hirugarren egunetik aurrera ematen diete eztiarekin nahasi eta ahia egin ondoren. Polen-eskasiak ondorio txarrak dakarzkio erladiari: Erle jaioberriak ez dira inude bihurtzen eta, ondorioz, umesabia erregina-jeleaz ondo elikatu gabe geratzen da; Loke izeneko gaixotasuna agertzeko arriskua handitu egiten da.

Polenik gabe erleek ez dute erregina-jelea behar bezala jariatzen eta beren larbak ez dira sasoiko jaioko. Argizaria bera ere ez dute jariatzen polena behar adina jaten ez badute. Hitz batean, polenik gabe, ez dago erladirik.

Gizakiak nola kentzen dio polena erleari?

  • Erlauntzean sartu aurretik: Gizakiak sortu ditu hainbat trikimailu erleari polena kentzeko. Ohikoena erleak polena erlauntzean sartu aurretik kentzea da. Erlauntzaren sarreran 4,5 m/m-ko zulotxoak dituen errejila bat paratzen zaio erleari eta bi polen-pilotarekin datorren erlea ezin da zulo horietatik igaro eta polen-pilotak zulo-ertza ukitzean erori egiten zaizkio eta azpian dagoen tiradera batean galtzen.
  • Horrela lortutako polena bi modutara komertzializatzen da, lehorturik edo izozturik. (Ikus polen lehortua eta polen izoztua atalak).
     
  • Erlauntzean sartu ondoren: Gorago esan bezala, erleak abaraskako gelaxkan polena trinkotu egiten du. Horrela pilatutako polena ezin da abaraskatik berezi eta abaraska-zati eta guzti komertzializatzen da, “erle-artoa” deritzo. (Ikus izen bereko atala).

Zenbat polen kentzen zaie?

Hain beharrezko izanik polena erlearentzat, ezin zaie polen gehiegi kendu, normalean ekartzen dutenaren % 10-a kentzea nahikoa da. Bataz beste, erle bakoitzari  2 – 4 kg kentzen zaie, halere, eskualde batetik bestera izugarrizko aldeak daude. Erlezainak kentzen duena %10 bada, erlauntza batera urtean sartzen dena, beraien kontsumorako 20 – 40Kg dela esan daiteke.

 

PrintEmail