erleak_eztia-29.jpg

Polenaren osaketa kimikoa

Polenaren osaketa kimikoa emateko orduan izugarrizko aldeak topatu dira bibliografian lan batetik bestera. Lehen eskuko lanak aztertuz, eta gure eskualdetik hurbilekoak begiratuz, uste dugu osatuko dugula pixkana-pixkana ikuspegi zehatzago bat. Ondorengo lanean, bada, portzentajeak kontuz hartu behar dira eta maila estatistiko apal batez.

1.-Hezetasuna

*Erleak bildu berritan: % 30-40. Gune hezeetan % 60 izatera irits daiteke.

*Lehortu ondoren: % 4 - 7 (Karl Fisher metodoaz)

*Beti eduki behar duena: <% 5

Hezetasuna %5 baino gehiago baldin badauka sitsa eta onddoak garatzen dira eta polena erabat hondatzen da. Hezetasuna %4 baino gutxiago badauka, polena mindu egiten da.

2.-Karbohidratoak: %35 (20 - 40 %)

Polenaren karbohidratoen artean daude: Hiru ugarienak (=Fruktosa, glukosa,sakarosa), almidoia, zelulosa, hemizelulosa, esporopolenina eta lignina.

- Azukre erreduktoreak (glukosa, fruktosa, … ): % 25-40. Hauek gehienbat datoz erleak polen-pilotak egiteko paparoan eramaten duen eztiarengatik. Erle polen-biltzailea paparoa eztiz beteta irteten da erlauntzetik eta ezti horrekin oratzen eta elkartzen ditu loreetatik bildutako polen-ale mikroskopikoak.

- Azukre ez-erreduktoreak (sakarosa, maltosa, …): %5-15

- Almidoia: %2-3

- Zuntz dietetikoa  %10,6-15,9, batez ere, zelulosa, lignina eta esporoleninaz osatua. Zelulosa ere bai. Zuntza ez da digeritzen baina hesteetako eginkarien trantsitua erregulatzen laguntzen du.

3.-Balio kalorikoa: 246 Kcal/100g

Bati-bat erle-polenak dituen glukosa eta fruktosari zor zaizkio kaloria hauek, hain zuzen ere, erleak polen-pilotak egiteko erabiltzen duen eztikoak.

4.-Proteinak eta aminoazidoak: % 20 - 35

Ehun proteina-motatik gora ezagutzen dira polenean.

Frakzio nitrogenatua aminoazido forman dago, produktu naturaletan aminoazido gehien duenetakoa da polena, erregina-jelearekin batera.

Aminoazido esentzial (giza gorputzak sor ez ditzakeenak eta janariaren bidez lortu behar dituenak) eta semiesentzial (haurrek janari bidez lortu behar dituztenak, helduek beraiek sortzen dituzte) guztiak ditu polenak. Amino ez-esentzialak ere bai, noski.

Jarraian agertzen dira aminoazido bakoitzaren portzentajeak, polenak duen proteina eta aminoazido kopuruarekiko, alegia, % 20-35arekiko. Adibidez, leuzina % 9,6 bada %20-35arekiko, leuzina % 1,92-3,36 artean dela polenaren osaketa kimiko osoarekiko.

Aminoazido esentzialak

Eztiaren aminoazido esentzialak: Leuzina: % 9,6; Lisina: % 7,70; Isoleuzina: % 7; Balina: % 6.91; Fenilalanina: % 5,94; Metionina: % 1,17; Triptofanoa: % 0,8; Treonina: % 1,9; eta Histidina (semiesentziala): % 1,6.

a) Lisinak kaltzioaren finkatzean laguntzen du, apetitua sustatzen, digestioa errazten eta odoleko globulu gorrien berrikuntza bultzatzen.

b) Triptofanoak PP bitaminaren asimilazioa ahalbidetzen du.

c) Histidinak hematopoiesia laguntzen du, alegia, odoleko hemoglobinaren osaketa.

d) Fenilalaninak C bitaminaren metabolismoa baldintzatzen du.

e) Leuzinak area edo pankreasaren funtzionamendu ona bultzatzen du.

f) Metioninak gibela eta sistema digestiboari laguntzen die.

g) Argininak kontra egiten die antzutasun, inpotentzia edo frigilitateari.

Aminoazido ez-esentzialak

Eztiaren aminoazido ez-esentzialak: Azido aspartikoa: % 12,57; Azido glutamikoa: % 12,18; Prolina: % 6,21; Arginina: % 5,35; Alanina: % 5,38; Serina: % 4,95; Glizina: % 4,81; Tirosina: % 3,69; Hidroxiprolina; Zisteina.

a) Zisteinak larruazalaren goxotasuna hobetzen du.

b) Tirosinak eguzki-izpien kontra babesten du azala.

c) Prolina / azido glutamikoa proportzioa polen zahartasunarekin eta manipulazio txarraren arabera igo egiten da, azido glutamikotik prolina sortzen baita.

d) Prolina/ Aminoazido askeak proportzioa: Lehorketa-prozesua ondo egina izan duen polenak ≤ 65%. Beroketa altuegia edo luzeegia eginez gero % 80ra irits daiteke. Aminoazido askeek %15eko galera dute hilero (Ilunpean eta 18-22ºC tenperaturan edukita); prolina ere gora doa denborarekin. Polenaren kalitatea kontrolatzeko parametro ona da, beraz.

5.-Lipidoak: % 5 (1 – 20%)

Landare anemofiloen (beren polena haize bidez banatzen dutenak) polenak erreserba bezala lipido gutxi du (adib. Pinazeoenak %2) eta almidoia gehiago; landare entomofiloenak, berriz, azukreak eta lipidoak dituzte (adib. Txikoria-belarrarenak %14ko lipido-kopurua du). Aldakortasuna %1etik %20ra artekoa da; bataz bestekoa % 5a kontsidera daiteke.

Lipido ez-saturatu/saturatuen arteko erlazioa 1,96koa da. Gaur egungo proposamen dietetikoek erlazio hori >1 izatea eskatzen du, hain zuzen.

 
Lipidoen frakzioan aurki ditzakegu: fosfolipidoak, glizeridoak, gantz-azido askeak (Arakidonikoa, Bohenikoa, Bruzikoa, Kaprikoa, Kaproikoa, Kaprilikoa, Laurikoa, Linolenikoa, Miristenikoa, Oleikoa, Palmitikoa, Palmiteikoa eta Estearikoa), esterolak (hormona esteroideak osatzeko oinarri direnak, haien artean androgenoen prekurtsoreak), hidrokarburoak eta terpenoak (olio esentzialetan parte hartzen dute eta zenbait espezietako polenari berari usain berezia ematen diote).

6.-Entzimak

Proteinen artean entzimak dira aipagarriak kopuru handian eta entzima-mota guztiak baitauzka polenak, batez ere, amilasa, oxidorreduktasa, inbertasa (=sakarasa), fosfatasa zenbait, transferasak eta hainbat kofaktore entzimatiko (biotina, glutation, NAD edo zenbait nukleotido).

7.-Bitaminak

Polenak B taldeko bitamina guztiak ditu, eta baita ere C bitamina eta bitamina liposolugarriak (probitamina A, D eta E bitaminak); D eta E bitaminen trazak besterik ez ditu. Ez du A bitaminarik, baina hesteetan karotenoak A bitamina sortzeko gai dira; beraz, A bitaminarik (= erretinola) ez du, baina hesteetan sortzeko gaitasuna bai A probitaminatik abiatuta.
 

A probitamina

B taldeko bitaminak:

  • B1 bitamina (=tiamina) 5,7 – 10,8 μg/g
  • B2 bitamina (=erriboflabina) 16,3 – 19,2 μg/g
  • B3 (=PP)bitamina (=niazina=az.nikotinikoa) 90-200 μg/g
  • B6 bitamina (=piridoxina ) 0 – 3 μg/g
  • B8 bitamina (=biotina= H Bitamina) 0,1 – 0,25 μg/g
  • B12 bitamina (=kobalamina) 3,4 – 6,8 μg/g

 

 

C bitamina (=azido askorbikoa) 152 - 840 μg/g
D bitamina (=kaltziferola) 0,2 – 0,6 μg/g
E bitamina (=tokoferola) 0,1 – 0,3 μg/g
K bitamina (=filokinona) -
P bitamina 1 – 17 μg/g

Inositola 30 – 40 μg/g

Kolina

Azido folikoa

Azido pantotenikoa

 

8.-Gatz mineralak: % 2 - 6

Ugari dira polenaren gai mineralak (%2,4 – 6,4): Kaltzioa (Ca), Magnesioa (Mg), Burdina (Fe), Manganesoa (Mn), Zinka (Zn) eta Kobrea ( Cu) baina urtean zehar kopurua aldatu egiten da. Oligoelementuetan selenioa (Se) aipatu behar da.
Potasioa % 0,3 – 1,2 Kaltzioa % 0,3 – 1,2 Sodioa % 0,1 – 0,2
Magnesioa % 0,1 – 0,4 Fosforoa % 0,3 – 0,8 Sufrea % 0,2 – 0,4
Gainera aurkitu izan dira: Titanioa, nikela, kromoa, kobaltoa, kloroa, zirkonioa, berilioa, boroa, zinka, beruna, zilarra, artsenikoa, eztainua, galioa, estrontzioa, iodoa, barioa, uranioa, silizioa, aluminioa, manganesoa, molibdenoa, burdina, kobrea, …

9.-Karotenoideak eta flabonoideak

Karotenoideak  (Karotenoak (beta-karotenoan aberatsa da) eta xantofilak) polen-mota askotan aurkitzen dira, tetraterpenoetatik eratorriak. Polenean beti aurkitzen direnak flabonoideak dira (flabonak, isoflabonak (Kolore horia ematen diotenak) eta antozianoak (kolore gorria eta bioleta ematen diotenak)). Flabonoideen artean aipatzekoa da errutina.

10.- Antiobiotikoak

Antiobiotiko aktiboak baditu polenak, inhibina bezala ezagutzen direnak.

11.- Osagai bolatilak

Osagai hegaskor edo bolatilak ere baditu polenak, hala nola karbonilikoak eta ez-karbonilikoak (alkoholak, aldehidoak, estereak eta zetona bat.

12.- Azido 10-hidroxidozenoikoa

Antiseptiko eta inmunomodulatzailea

13.- Hormona sexualak

Guruin endokrinoen jariapenak erregulatzen dituzte. Prostata guruina “gaztetu” egiten dute eta honetan asko laguntzen du Faktore Antiinflamatorio Prostatikoak.

14.-Besteak

Hazkuntza faktoreak ere aurki daitezke polenean.
 

PrintEmail