abaraska2-3.jpg

Polen izoztua

Polen izoztua eta lehortua modu berean kentzen zaizkio erleari, alegia,  erleak polena erlauntzean sartu aurretik. Erlauntzaren sarreran 5 m/m-ko zulotxoak dituen errejiladun xedera edo tranpa bat paratzen zaio erleari. Errejila honek erlauntzeko sarrera erabat hartzen dio eta erlauntzera sartu nahi badu errejilako zuloetatik igaroz egin beharko du. Atzeko bi hanketan  polen-pilota banarekin datorren erlea bera kabitzen da errejilako zulo horietan, baina ezingo ditu pasa aurrera polen-pilotak. Polen-pilotek errejilako zulo-ertza ukitzean hanketatik libratu egiten zaizkio eta azpian dagoen sareko tarteetatik tiradera batera erortzen.

Horrela lortutako polena bi modutara komertzializatzen da, lehorturik edo izozturik. Hemen izozturik saltzen den polenaz hitz egingo da. (Ikus beste atalean “Polen lehortua”). 

Izoztu behar den polena jaso den egunean bertan konjelatzen da. Gero garbitu egiten da, polen lehortua bezala, hegalak, hankak, hautsa eta erlauntzeko beste zakarrak kentzeko. Gas neutro batean gordetzen da.

Konjelaturik dagoen  polenak egoera naturalean dituen propietate berak mantentzen ditu, konposatu nitrogenatuek erakusten duten bezala; halaber, ondo mantentzen dira C bitamina eta A probitamina.

Apurka-apurka ugaltzen ari da Europa aldean polena izoztuta edo konjelatuta saltzeko joera. Kontsumitzaileak, ordea, ez du ikusiko hain erraz dendetan, izan ere, gaur eguneko polen izoztuaren merkaturatzea oso urria baita. Erlezain txikiek beraiek izozten dute etxerako behar dutena, baina dendetara izozturik eraman eta hala saltzeak hainbat eragozpen ditu.

Polen izoztuaren erabilpena

Gure inguruko merkatuan ikusten ez badugu ere, ekoizten da polen izoztua. Bi kontsumo-gune ditu: 

a) Erlastarren hazkuntza: Gorantz doan merkatu bat erlastarren hazkuntza da, berotegietako landareen polinizaziorako. Erlastarren hazkuntzan polen izoztua erabiltzen da, polen lehortuak ez duelako erlastar erreginaren onarpenik, alegia, polen lehortua ez du jaten eta ezta ere  ez du arrautza egiteko ere maite, aldiz, bildu eta berehala izoztua izan dena  bai.

b) Giza_kontsumoa: Gorago esan da polen lehortua ez dela 40⁰Ctik gora berotzen. Polen izoztuaren aldekoek esaten dute, ordea,  polenaren osagarri termolabilen batzuk galdu egiten direla lehorketa-prozesuan.

Bestalde, polen izoztua gozoagoa izaten da jateko. Beste arrazoien artean kontutan eduki behar da polen bilduberriak (beraz, bildu eta berehala izoztuak ere bai) % 30-40-ko hezetasuna duela (irits daiteke leku hezeetan % 60 edukitzera) eta polenak berez duen mikaztasuna diluituagoa izango duela hainbeste ur edukitzean.

PrintEmail