eztitegia2-15.jpg

Polen lehortua

Polena erleari nola kendu

Gizakiak hainbat trikimailu sortu du erleari polena kentzeko. Ohikoena erleak polena erlauntzean sartu aurretik kentzea da. Erlauntzaren sarreran 5 m/m-ko zulotxoak dituen errejiladun xedera edo tranpa bat paratzen zaio erleari. Errejila honek erlauntzeko sarrera erabat hartzen dio eta erlauntzera sartu nahi badu errejilako zuloetatik igaroz egin beharko du. Atzeko bi hanketan  polen-pilota banarekin datorren erlea bera kabitzen da errejilako zulo horietan, baina ezingo ditu pasa aurrera polen-pilotak. Polen-pilotek errejilako zulo-ertza ukitzean hanketatik libratu egiten zaizkio eta azpian dagoen sareko tarteetatik tiradera batera erortzen.

Horrela lortutako polena nagusiki bi modutara komertzializatzen da, lehorturik edo izozturik. Hemen lehorturik saltzen den polenaz hitz egingo da. (Ikus beste atalean “Polen izoztua”). Badira beste komertzializatzeko beste moduak ere: tabletetan, edo eztia eta jelearekin nahasian, adibidez (Erle-produktuak elkarrekin konbinatuta usatzen direnean elkar potentziatzen dute, eraginak handituz).

Polenaren maneiua egoki egin behar da bere ezaugarri mikrobiologikoak kaltetuak izan ez daitezen. Kalitateko polenaren mugak: Bakterio koliformerik ez; Bakterio aerobio totalak:≤10.000 cfu/g (cfu/g=colony-forming units per gram); onddo eta legamiak:≤500 cfu/g.

Polenaren lehorketa

Polen-pilotak polen-xedera edo tranpako tiraderatik jasotzen direnean berehala lehortu behar dira, polena hondatzea nahi ez bada.

Gaur egun, aire epel  eta lehorrez hornitutako armairu berezietan lehortzen da polena, bandejatan zabal-zabal eginda.

Armairuko tenperaturak ez du 40ºC-tik gora egon behar eta polenaren hezetasuna % 4 arte edo (max. % 5) jaitsi behar da. Hezetasuna gehiegi jaitsiz gero polena mindu egiten da eta gutxiegi jaitsiz gero, alde batetik, lizundu egiten da, eta, bestetik, polenak erlategitik bertatik dakartzan intsektuen arrautzak eklosionatu eta harrak egiten zaizkio polenari.

Garai batean eguzkitan jarriz egiten zen polenaren lehorketa, bandeja batzuetan zabalduta. Praktika hau baztertuta dago erabat gaur egun, izan ere, hezetasun-puntua ezin zen ondo kontrolatu, eguzkiak kalte handia egiten dio polenari (dituen bitamina, entzima edo proteinetan) eta kanpo librean zabaldurik egoten zen polenak haizeak ekartzen zituen hautsak jasotzen zituen eta inguruan zebiltzan animalien (zomorro, txori, sagu, eta abarren) eraso eta kutsadurak. 

Lehorketa garaian, beroaren eraginez,  hainbat elementu bolatil  gal ditzake polenak.

Polenaren garbiketa

Polena behin lehortu ondoren garbitu egiten da, eduki ditzakeen elementu arrotzak kentzeko: argizari-pusketak, erle-hanka edo hegoak, … izan ere, gorago esan den bezala, polena kentzeko erleari jartzen  zaion tranpa erlauntzaren sarreran dago eta ezinbestean jasotzen ditu erleak erlauntzetik ateratzen dituen hainbat zabor. Garbiketa, bada, behar-beharrezkoa da.

Modu askotara egiten da garbiketa hau. Batzuetan haizea erabiltzen da polen-pilotak baino arinagoak diren zikinak eliminatzeko, garai batean garia eta lastoa bereizteko egiten zen moduan; bestetan, galbahetik pasatzen dira polen-pilota lehortuak tartean duten hautsa (gehiena polen-hautsa askea) kentzeko; azkenik, bistaz ere begiratzen da polena beste hainbat elementu detektatzeko, zinta garraiatzailean mantso-mantso behatuz.

Polenaren kontserbazioa

Polena lehortu eta garbitu ondoren biltegiratzeko modu hermetikoan gorde behar da. Gaur egun, ia denek hutsean gordetzen dute 25 kiloko plastikozko poltsatan.

Behin polen lehortua salmentako formatuan ontziratuz gero, ez du hotzik behar, baina komeni da flaskoa oso ondo ixtea, hezetasunik har ez dezan.

Ekoizle handiek, edo hobeto esan, enpresa ontziratzaile handiek erabili izan dituzte hainbat kontserbatzaile polen-upeletan edo poltsatan sartzeko. Haietako bat da anhidrido karboniko alimentarioa da; produktu hau sartuz oxigenoaren presentzia gutxitzen da poltsen barruan.

Erabili izan diren produktu kontserbatzaileen artean daude:  Aluminio-fosfuroa, etil oxidoa edo metil bromuroa (orain debekatua).

Azken aldi honetan ari da iristen Txina aldeko polena erabat “garbia”, esan nahi da, inongo onddo edo bakteriorik gabea. Kontuz ibili beharreko gaia da, zeren eta, polen hori irradiatua baitator, gamma izpiz (Kobalto-60 edo zesio-137) edo X izpiz edo elektroi-azeleratzailez.

Janariak irradiatzeari buruzko iritzi kontrajarriak aurkitzen dira bibliografian, oso aldekoak batzuk eta oso kontrakoak besteak.

Argi dago onura handiak ekar ditzakeela eta ekartzen dituela janarietan egon daitezkeen hainbat mikrobizidun hiltzeko, janarien bizi-iraupena luzatzeko, janarietako berezko hainbat prozesu atzeratzeko (e.b. patataren erneketa), eta abar. Aitortzen dute zenbait ezaugarrien galera egon daitekeela irradiazioa erabiltzean, baina dena den irradiazioaren ordez egiten diren bero edo hotz prozesuetan adinakoa dela diote.

Irradiazioa erabiltzearen aurkakoek arriskuaz hitz egiten dute: Janarien ezaugarri batzuk aldatu  egiten direla, janarietako DNA alda daitekeela, mikrobizidunen zepa erresistente eta kaltegarriagoak sor ditzakeela teknika honek, ... 

Irradiazioaren teknika garestia izanik garapen mugatua izan du oraindaino janarien irradiazioak, baina egunetik egunera ari da indarra hartzen. Polemikak jarraituko du.

Polen lehortuaren kalitate-galerak

Informazio desberdinak dabiltza polen lehortuaren kalitate-galeraz. Polenak lehortzean antioxidatzaileak eta entzimak galtzen dituela eta, badira bere balio terapeutikoaren % 50 galtzen duela diotenak. Beste batzuek, ordea, ez diote lehortze prozesuari halako eragin kaltegarririk egozten.

Polen izoztuaren aldeko joera indartzen ari da polen lehortuaren kaltetan. Polen lehortuak komertzializatzeko duen erraztasuna falta du izoztuak, ordea, eta borroka horretan dago kontua. (Irakurleak begira beza “Polen izoztua” atala).

Eztabaida eztabaida, gure artean, polena hartu nahi duenak praktikan polen lehortua besterik ez du oraingoz eskueran.

PrintEmail