abaraska1-2.jpg

Polena eta osasuna

Polena elikagai funtzionala dela esan genezake, jendeak ez du polena jaten proteina –iturri delako edo karbohidrato asko daukalako, baizik eta halako kasuetan on egiten diolako. Polena jaten duenak gorputza sendotzeko hartzen du: Urduritasunaren aurka, idorreriaren kontra, prostatitisa prebenitzeko, eta abar. 

Elikagai funtzionala dela esan ondoren, argi gehitu behar da polena janari osoa dela gizakiarentzat, eta giza gorputzak behar dituen elementu guztiak dituela eta gainera proportzio egokian. Bestela esanda, polena bakarrik janez bizi daiteke gizakia, baina ez da horrelako kasurik ezagutzen. Komeni da, halere, hori jakitea, zenbait momentu berezitan polena erabil dezakegulako elikagai nagusi gisa. 

Aholku orokorrak

Polena nork ez hartu

  • Eztiaren kasuan bezala, polena ez zaie eman behar urtea bete ez duten haurrei , bularra hartzen ari direnei, “haur-botulismoa” gaitza harrapa dezaketelako. (Ikus KONTZEPTUAK atala)
  • Polena jaten hasi diren pertsonetan agertzen diren efektu sekundario bakarrak trastorno gastrointestinalak dira: sabeleko mina, diarrea eta inoiz edo behin eztarriko edo ahoko irritazioak. Sintoma hauek gertatzen dira normalean polen gehiegi jateagatik edo tratamenduaren hasieran. Sintoma hauek jarraitzen badute polena hartzeari utzi behar zaio.
  • Ez da errekomendatzen polena hartzea oheratzeko orduan, psiko-estimulantea delako eta insomnioa sor dezakeelako. 

Polena nola hartu

Egokiena polena baraurik hartzea da, baina ez ditu bere ezaugarriak galtzen egunean zehar hartuta ere.

Polena ongi listukatu behar da ahoan jiraka ibiliz eta ore bat egin arte. Ondoren ur edo infusio bat edanez garbi daiteke aho barnea. Polenaren zaporea ez da beti kontsumitzailearen gustukoa, batez ere lehen alditan. Zaporea atsegina ez dutenek beste janariren batekin nahas dezakete: jogurt, ezti, marmelada, laranja-zuku, …

Gorputzeko arazoren bat dutenek eta arazo horren konpontzeko hartzen dutenek, polena hartu beharko dute arazoa bukatu arte: kirurgia-ondorena, estresa, alergia, anemia, … Badira, ordea, polena urte osoan zehar hartzen dutenak; Hauen kasuan, atsedenaldiak egiten dira tarteka, adibidez, hiru astetan hartu eta laugarrenean hartu gabe egonez.

Badira udaberrian edo/eta  udazkenean baxualdiak (psikofisikoak) izaten dituzten pertsonak eta polenaren bidez tratatzen dituztenak emaitza onekin. Pertsona horiek udazken-hasieran edo udaberri-hasieran hilabetez hartzen dute polena.

Zenbat polen hartu

Normalean aholkatzen da kafe-koilarakada bat (+/- 15 g) egunean haurren kasuan eta zopa-koilarakada bat (+/- 20-30 g) helduentzat.

PrintEmail