eztitegia2-15.jpg

Alergiak

Landareetan bi estrategia dira nagusi, bata da, polena haizez banatzekoa (anemofilia) eta, bestea da, intsektu bidez banatzekoa (entomofilia). Intsektuen artean garrantzizkoena erleak dira.

Polena haizez banatzen duten landareak (anemofiloak) polen asko sortzen dute, polen-aleren bat zorian-zorian lore eme edo organo emeraino iristeko probabilitate minimo bat egon dadin. 

Polena intsektu bidez banatzen duten landareek (entomofiloak) polen gutxi sortzen dute, lore batetik bestera polena eramango duen intsektu garraiolaria badutelako.

Airean nagusi diren polenak, beraz, landare anemofiloenak dira eta horien artean daude alergia sortzen dutenak ere, adibidez, gramineoak landare belarkaretan, edo sahats edo makalak zuhaitzen artean. 

Ez da jende gutxi polenari alergia edukiz, erle-polenari beldurra hartu eta kontsumitzen ez duena. Harrigarria badirudi ere, polenari alergia dutenek ez lukete beldurrik eduki behar, alderantziz, erle-polena erabili dezakete alergiari aurre egiteko.

Alde batetik, erle-polenak ez du alergia sortzeko gaitasunik, erlearen listu-guruinetako sekrezioek deusezten baitituzte bere agente alergenikoak. Bestalde, erle-polenaren hainbat osagarrik efektu farmakologikoak ditu. Itxura denez, bi modutara eragiten du polenak, kaskada histaminikoaren  haustura sortuz eta sistema immunitarioa estimulatuz (immunizazio honetan inplikatuak egonik dituen aminoazidoak (arginina eta leuzina), kobrea, zinka, A bitamina, E bitamina eta selenioa).

Alergien aurkako aktibitatean zeregin handia ematen zaie flabonoideei, mastozitoen mailan histaminaren askapena eragozten baitute, kaltzioaren iturriak blokeatuz eta, ondorioz, histaminen isurketa. Historia beste modu batera kontatuta, erreakzio alergikoaren gakoa histaminaren askapenean dago (gogora, medikuek antihistaminikoak agintzen dizkigutela alergien aurrean); histamina mastozitoetan dago eta berauen mintza haustean askatzen da histamina; mastozitoen mintzaren apurtzea kaltzio ioiek eragiten dute, zeinak zelulan sartzen diren kaltzio-kanaletatik; kaltzio-kanal hauek zabaltzen dituena erreakzio alergikoa da; flabonoideek (polenarenak kasu honetan) blokeatzen dituzte kaltzio-kanal horiek eta erreakzio alergikoaren sintomak desagertzen dira.

Honela bada, polenaren alergia duen pertsona desentsibila daiteke erle-polena hartuz, kopuru txikiekin hasi eta pixkanaka handituz.

Aholkatzen da alergiak hasi aurretik, sei/zortzi bat aste aurretik, hastea erle-polena hartzen eta alergia-sasoia ailegatzen denean erle-polena hartzeari uztea. Lan batzuetan ikusten da erle-artoaren (Ikus erle-arto atala) mastekatze eta jateari eraginkortasun handiagoa aitortzen zaiola.

PrintEmail