martxel3-28.jpg

Polinizazioa

Ziur aski harrituko da irakurleren bat ERLE-PRODUKTUEI buruzko web gune batean POLINIZAZIOA agertzearekin, eztia edo polenarekin batera. Egia esan, ez da polinizazioa erleek biltzen edo beren gorputzean sortzen duten zerbait materiala. Kontabilitateko terminologia erabiliz "aktibo inmateriala" izango litzateke, erleek egin egiten dutena, baina fisikoki ikusten ez dena.

Ez da,ordea, baliorik gabeko zerbait. Balioduna da eta baloratua dago. Erleak alokatu egiten dira lursail kultibatuetan kokatzeko, loreetara nektar edo polen bila egiten dituzten bisitekin hazi-kopurua handitzen baita nabarmen. Ikuspegi ekonomikotik begiratuta, askoz garrantzia handiagoa du erleak polinizatzaile gisa, ezti-ekoizle gisa baino.

Guzti horregatik iruditu zaigu egokia gai hau ere bertan txertatzea.

Definizioa

Polinizazioaren oinarrizko definizioa oso sinplea da, eta da: Landare loredunetan polena anteratik estigmaraino heltzea edo helaraztea, non erne eta obulua ernalduko duen.

Erraz uler daitekeenez, hemen goi-mailako landareez ari gara, fanerogamo edo espermatofitoez, alegia, hazia ematen duten landareez. Ebolutiboki goroldio edo iratzeen ugalketarekin lotura estuak dituzte, noski, espermatofitoek, baina haietan ez da aurkitzen  lorearen egiturarik.

Aintzinakoa da polinizazioa, dirudienez Karboniferoan (duela 300 milio urte) agertzen dira polinizazioaren lehen aztarnak. Triasikoan (duela 250 milioi urte) animalia bidezko polinizazioa agertzen da jada.

PrintEmail