martxel4-27.jpg

Erleak eta beste intsektuak

Zergatik ematen zaie halako garrantzia erleei polinizazioaren gaian?. Alde batetik, intsektu sozialak direlako, alegia, taldean bizi direnak, eta, bestetik, hara-hona erabili ditzakegulako.

Intsektu sozialak dira

Jakina da intsektuek metamorfosia jasaten dutela beren bizitzako garapenean, alegia, arrautzatik larba jaiotzen da eta gero larba hau heldu bihurtzen da metamorfosiaren ondoren.

Intsektu askotan prozesu hori oso luzea izaten da eta arrautzatik heldura bitarteko denbora hilabete edo urtetakoa izan daiteke. Eguraldiak garrantzizko papera izango du prozesuaren abiaduran.

Erlearen kasuan ere erlauntzeko erle-kopurua urtesasoiarekin loturik dago, erreginak errutari utzi egiten baitio neguan edo janaria gutxitzen denean. Kanpoko janariaren eskuragarritasuna eguraldiak eta urtesasoiak baldintzatzen du, bada. Baina udaberritik udazkenera bitartean erregina erruten ari da etengabe, batzutan asko eta besteetan gutxi, baina beti ari da arrautzak egiten. Ondorioz, milaka erle dago erlauntzean eguraldi onaren zain larrera irteteko eta nahikoa da goiz eder bat milaka lore bisitatu eta ernaltzeko. 

Beste intsektuetan goiz eder bat ezer gutxi da beren garapena bat batean bukatzeko.

Urte askotan plastikozko berotegian ere erabili izan dira erleak polinizazio-lanetan, tomate, ilar, eta abar polinizatzeko. Erlearentzat ez da eremu egokia berotegietakoa, berarentzat esparru txikiegiak dira. Erleak gutxienez kilometro bateko erradioko eremu irekia behar du eta berotegietan galdu egiten da.

Azken aldian berotegietan erabiltzen den intsektua erlastarra da, Bombus generoko hainbat espezie. Erlastarra ere intsektu sozial bat da, himenopteroa, erlea bezala. Sortzen dituen koloniak txikiak dira eta neguan desegin egiten dira. Lan-eremua txikia dute eta oso ondo egokitzen dira berotegietara. Erlea baino astunagoak dira eta landatzen diren zenbait barietateen loreen polinizazio-mekanismoak aktibatzeko erlea baino hobeak dira. Gaur egun gure artean ere erabiltzen dira, hauen merkatua indarrean da.

Hara-hona erabiltzen dira

Nekez imajina genezake kamiolari bat trailer bat tximeletaz beteta gure errepidean, tximeletak beren kabuz bizi dira eta tximeletek polinizatzen duten labore bat bagenu, haien berezko ugalketaren zain egon beharko genuke.

Erleen kasuan, ordea, eztia ematen duten kontuarekin, gizakiak aspaldi ikasi zuen mando gainean hartu eta loraldi batetik bestera ibltzen. Gaur egunean, kamioetan ibiltzen dira eta labore-eremu zabaletan trailer-erremolke berean uzten dira ehundaka erlauntz soro-bazterrean.

PrintEmail