erregina-19.jpg

Erleen espezializazioa

Udaberriko eguraldi oneko egun batean erlauntz batera hurbilduz gero, erleak sartu-irten ikusiko dira eta norbaitek pentsa dezake noraezean irten eta lore bila ibiltzen direla. Askok dakitena da,ordea, erleek komunikazio-sistema berezia dutela, “hizkuntza” deitua, eta elkarri adierazten diotela lore nektarduna non dagoen. Era berean, lore horrek zein usain duen ere jakinda irteten da erlauntzatik.

Hori horrela, landare jakin bateko loreetan ibiltzen den erlea lore-mota hartan jardungo da handik aurrera. Ezin izan zitekeen bestela, polinizazioarengatik erakartzen baditu landareak erleak berarengana, mota bereko polena ekar diezaion da. Beste mota bateko landarearen polena ez du ezertarako. Beraz, erle-banako bakoitza lore-mota batean espezializatzen da.

Nektar-biltzaileak / polen-biltzaileak

Gure artean erle-produkturik ezagunena eztia da, baina erleek biltzen dituzte beste produktuak ere, hala nola, polena eta propolia.

Polenari dagokionez, polena da erlearentzat proteina-iturri nagusia eta ia bakarra. Urtean 30 kilo polen jaten ditu erlauntzeko kolonia batek. Horregatik, erlearen anatomia guztiz moldaturik dago polena biltzeko, batez ere atzekaldeko bi hankak. 

Hariari jarraituz (Ikus polen-bilketari buruzko informazio gehiago POLENA atalean), erleak espezializatzen dira batzuk nektar-bilketan eta besteak polen-bilketan. Biek polinizatzen dituzte loreak, batek loreak eskaintzen dion nektarra xurgatu nahian ari denean eta, besteak, anteretatik polena askatzen ari denean.

Landare polen-emaileak / nektar-emaileak

Gizakion hitzegiteko moduan esateko, ematen du zenbait landarek badakiela erleak polena behar dutela bizitzeko, eta beste batzuek nektarra ere behar dutela. “Behar duzue eta etorriko zarete” esaten dietela ematen du.

Izan ere, lore deigarriak eduki arren landare guztiek ez diote nektarrik eskaintzen erleari, polena soilik baizik. Adibide ezagun bi baditugu gure artean, bata basatia (otea) eta beste landatua (kiwia).

Batek pentsa dezake nektarrik gabeko landareak izatea gerta daitekeela, baina ez dela polenik gabeko landarerik izango, ugalketak huts egingo ez badu behintzat. Baina badira, gizakiak eraldatu dituenak, adibidez, arrosa eta labanda. Azken hau esentziak egiteko landatzen da gure artean, eta eztia ematen du nektarra baduelako, baina ez du polenik ematen. Ugalketa aldaxkaz egiten da, ez haziz.

PrintEmail