martxel2-9.jpg

Polinizazioa: landare eta animalien arteko koeboluzioa

Azken 400-300 milioi urtetan landareak eta animaliak elkarrekin bizi izan dira lehorrean eta elkarrekin eboluzionatu dute. Animalien presentziarik gabe ezin dira esplikatu landareek garatu dituzten ugal-organoak (estamineak, pistiloak, obulutegiak, petaloak, …) eta ezta ere ezin dira esplikatu animaliek garatu dituzten hainbat organo eta egitura sozial (erleen kasuan) landareen eboluzioa alde batera utzita.

Polinizazioari dagokionez, landareak ugalketa lortzen du eta animaliak janaria (nektarra edo polena). Kontu hauetaz hitz egitean intentzionalitatea balute bezala hitz egiten dugu, baina argi dago bien ezjakintasunean oinarritua dela. Intsektuak ez daki landarearen deiari jarraiki lorea polinizatzen ari denik, eta landareak ere ez daki intsektua zergatik hurbildu zaion.

Gizakiok ere oso gauza gutxi dakizkigu, bestela uste arren, eta animaliok landareekin daramatzagun urteotan guk ere haiekin eboluzionatu dugu eta haien mila mantingaletan harrapatuta gaude, konturatu ala ez. Gutxi aipatzen den adibidea azalduz, auskalo zenbat milioika hazi banatzen dugun gure mendiko oinetakoen bidez. Darwinek 50 hazi topatu zituen eper baten hanketan.

 

PrintEmail