biltegia-14.jpg

Landare loredunen estrategiak

Bi  talde nagusi egingo genituzke landare loredunen artean, autogamoak (lore bereko polenarekin ernaltzen direnak) eta alogamoak (beste lore bateko polenarekin ernaltzen direnak).

Ez dira gutxi landare autogamoak, baina ugari dira haietan eragozpen mekaniko-fisikoak edo kimikoak autogamia % 100 izan ez dadin, beste landareetako polenaz ernaldurik, bariabilitate genetiko minimoa bermatzeko. 

Landare alogamoak (“alo-”(gr)= “beste”), beraz, beste lore batetik letorkiekeen polenaz ernaltzen dira. Landare hauetan parte hartzen dute erleek.

Baditugu, beraz, landare batzuk polena kanpotik noiz etorriko zain daudenak. Garraiolaria zein den da orain argitu behar duguna.

Garraiolaria behar duten landareok ere bi azpitaldetan banatuko ditugu: Batzuk polena haize bidez banatutakoaren zain egoten direnak eta, besteak, animaliek ekarri zain egoten direnak. Badira ur-landare gutxi batzuk polenaren garraioa urez egiten dutenak; kasu hauetan polen harikara izaten da.

Haize bidezko polinizazioa (Anemofilia)

Polinizazio-mota hau erabiltzen dute gure arteko landare askok: gramineo guztiek (gari, olo, garagar, zekale, kanabera, lezka, arto, …), asunak, pinuek, izeiek, … Zentzu ebolutiboaren  bila dabiltzanek diote haize bidezko polinizazioa egokiagoa dela lurralde hotzen kolonizaziorako, hotza dela eta intsektuen ugaritasuna eta iraupena zailagoa delako.

Haizebidez polinizatzen direnak saiatzen dira lorea (beraz polena) hostoa baino lehen ematen, polenaren sakabanaketa handiagoa izan dadin. Adibide gisa hurritza aipa daiteke.

Arau orokor bat eman beharko bagenu mota honetako landareak zein diren jakiteko, ez da txarra beren edertasunari erreparatzea. Landareok ez dute lore polit, koloretsu eta distiratsurik, normalean lore berdeak dituzte. Ez dute animalien atentzioa erakarri beharrik, ez dute inor begira. Zertarako izan koloretsu inork ez begiratzekotan?

Polinizazio-mota hau erabiltzen dutenek polen asko ekoizten dute eta atmosferara zabaltzen. Logikoa da, zoriaren baitan utziz polen ale bat lore baten estigmaren gainean pausatzeko aukera, apustua argia da : polen asko eta asko ekoiztu eta ea bakarren bat iristen den auzoko lorera. Bestalde, estigma handia eta likatsua izaten dute, hurbiltzen den polen-alea erraz itsatsi dadin.

Adibidez, Gipuzkoa eta Bizkaia pinuz josita daudenez, udaberrian bazter eta ur-putzu guztiak  horitzen dira pinu-polenaz. 

Normalean talde honetakoak dira polen-alergia sortzen dutenak, hauen polena baita arnasa hartzean sudur-zulo edo biriketara sartzen duguna.

Animalien bidezko polinizazioa (Entomofilia)

Polinizazio-mota hau erabiltzen dutenak garraiolari duten animaliara egokitu dira eta, alderantziz, animaliak ere egokitu dira bisitatzen duten lorera. 
 
Animalietan moldaera hori izan daiteke fisiko-anatomikoa: Ikusmenaren araberakoa, mihiaren luzera, ilea, hegan egiteko modua, … Moldaera izan daiteke etologikoa: gauez ibiltzeko sena. 
 
Landaretan moldaera izaten da fisiko-kimikoa: animalia bisitariaren gorputzera egokitutako lorea; animaliaren ikusmenera egokitutako kolorea; animalia jakin bat erakartzeko usaina; animalia arrak erakartzeko banako emearen morfologia eta hormonak…
 
Aurreko landareek ez bezala, landare hauek auzokoaren polena etxeraino dakarten garraiolariak dituzte eta, ondorioz, polen gutxi ekoiztea nahikoa dute beste lore batera polena irist arazteko. Gure gizarteko postariaren funtzioa hartzen dute animaliek loreekiko, lore bat bisitatzean aurreko lorearen polena utzi bertan eta hurrengoarentzat berria hartuz.

PrintEmail