martxel2-9.jpg

Animalia polinizatzaile ezberdinak

Edozein tokitan bereziki aipatzen diren animalia polinizatzaileak intsektuak dira. Normala da hala egitea, hauek baitira gure artean garrantzizkoenak. Baina badira beste animalia polinizatzaile gehiago ere. Aipa ditzagun denak.

Intsektuak

Erleak aipatuko ditugu lehenik, nahiz eta geroago beraiei buruz zabal hitz egin. Ezagutu 20.000 erle-espezie ezagutzen dira. Ikusmena koleopteroena baino landuagoa dute. Ultramorea ere ikusten dute; zenbait loreen nektarioetan seinale ultramoreak topatu dituzte erle bisitariak loreak elkarrengandik berezteko. Kolore gorria ez dute ikusten, beltza bezala da beraientzat. Erleek bisitatzen dituzten loreak ikusgarri eta biziki koloretsuak dira. Erleak intsektu astun samarrak direnez, loreek lurhartzeko plataformak garatu dituzte, adibidez, landare ezpaindunetan (Labiatae) eta lekadunetan (Leguminosae). Landare orkideoak izan dira erle eta erlastarren bisitara gehien espezializatu direnak; Orkideo batzuek beren plataforma intsektuaren emearen forma eta usaina lortu dituzte eta intsektu arra lorearekin kopulatzen saiatzen da, saiakera horretan loreak polinizazioa lortuz.

Beste intsektu polinizatzaileak koleopteroak, kakalardoak dira, agian, polinizatzailerik aintzinekoenak. Kakalardoek usaimena landuagoa dute ikusmena baino eta horregatik usain fuerteko loreak bisitatzen dituzte. Kolorez zuriak edo argiak izaten dira.  Kakalardoek polinizatzen dituzte larrosa, intsusa, magnolia, zuhandorra (Cornus), kapestra (Spiraea), … 

Tximeletek ere landare asko polinizatzen dituzte; oso mihi luzea (tronpa deitua) dute, kiribildua, eta beste intsektuak ailegatzen ez diren nektarioetara (lorearen nektar-biltegiak) ailegatzen dira. Erleen moduko usaimen eta ikusmenak dituzte, baina kolore gorria eta laranja ikusten dituzte. Tximeleten bisitara moldatutako loreek ez dute plataformarik. Tximeleta gautarrek gauez zabaltzen diren loreak bisitatzen dituzte; lore “gautar”hauek iluntzean hasten dira usaina botatzen.

Hegaztiak

Hegazti polinizatzaileetan ezagunenak kolibriak dira. Hegaztiek kolore gorria ondo ikusten dute eta, ondorioz, animalia polinizatzaileak hegaztiak diren tokietan lore gorriko landareak izaten dira, adibidez, fuksiak. Gure etxeen barnean dauzkagun landare tropikal askok lore gorriko loreak dauzkate eta hegaztiak polinizatuak dira beren berezko lurraldeetan. Europan ez da ezagutzen hegazti polinizatzailerik.

Hegaztiek polinizatutako eta gure artean kultibatua den landarea eukaliptoa da.

 

 

 

  Saguzarrak

Saguzarrak dira ugaztun polinizatzaile bakarrak. Amerikako saguzarrak dira, Mexico eta Estatu Batuetako hego-mendebaldekoak, 18 espezie. Jakina denez, gautarrak dira saguzarrak eta beraiek polinizatzen dituzten loreak ere gauez zabaltzen dira, normalean handiak dira eta oso usaintsuak.

Saguzarrek polinizatzen dituzten landareak kaktusaren familiakoak dira gehienak eta agabeak. Bananondoak ere saguzarrek polinizatzen dituzte.

PrintEmail