jelea_xafla-17.jpg

Intsektu polinizatzaileen galera

Haize bidezko polinizazioa bermaturik dago haizeak baretzeko gaitasuna lortzen ez dugun bitartean, baina animalia bidezkoak arriskuak baditu gizakiak sortuak eta geroz eta gehiago arduratu beharrean gara. Adibidez, pestiziden eraginez milioika erle ari da galtzen munduan zehar, baita gure artean ere. Landare transgenikoek bakarrik jasan ditzaketen plagizida eta dosiak erabiliz, inguru guztiak basamortu bihurtzen ari da gizakia han eta hemen. Erleak galtzearekin erlezaina arduratzen da eta alarma jotzen ari dira. Erlea galtzen den bezala, beste milaka zomorro anonimo ari da galtzen, momentuz haien falta inork somatzen ez badu ere.

Monokultiboak ez dira batere onak izurriteen kontrolerako, aitzitik izurrite-sortzaileak dira askotan. Baina monokultibo horiek produktu kimikoz tratatuak direlarik, produktu sistemikoz sarritan (nektarretan ere azalduz eta, ondorioz, intsektu polinizatzailea galduz), eta fumigazio masiboz, larriagotzen du egoera eta urte askotarako kutsadura sor dezake lurzoruan.

Monokultibo itzel hauen hedapena landare autogamoetan (adibidez, soja; neurri handi batean autogamoa da, erabat ez bada ere) gertatzen da, alegia, landare berak ekoiztutako polenaz polinizatzen direnetan. Landare horien ekoizleek ez dituzte zertan kontutan eduki intsektu polinizatzaileak eta edozein plagizida erabiltzen dute, landatutako landarea hiltzen ez duen beste edozer.

PrintEmail