martxel7-24.jpg

Polinizazio on baten onurak

Polinizazioaren definizioan esan  da polena estigmaraino heldu arteko fenomenoa dela, helburua duelarik obulua ernaldu eta hazia sortzea.

Nekazaritzan landatzen diren landare askotan ez da hazia lortzea izaten helburua (letxuga, tipula, porrua, …), baina bai beste alor askotan, hazia bera jateko (intxaurra, hurra, lekaleak…), olioa egiteko edo haziaren garraiobide den fruitu edo fruta ekoizteko.

Gizakia, jabetu edo ez, beti probetxatu da polinizazioaz, noski, bere uzta jasotzean. Gaur egun, polinizazioaren onuraz jabeturik, ekoizle handi eta txikiak kezka agertzen dute erleei buruzko berriak (normalean txarrak) argitaratatzen direnean.

Erleen alokairua ohiko praktika da nekazaritza-munduan, polinizatu behar den landarea loratu aurretik eramaten dira erleak, estrategikoki kokatu landa-eremuan eta  loraldia bukatzean erretiratu. Kontu izango du alokatzaileak erleei kalterik egingo dien pestizidarik ez botatzeko, sarritan gertatzen den bezala.

Polinizazio egoki baten ondorioz uzta asko handitzen da eta frutaren kasuan, gainera, fruta bera handiago eta ederrago izaten da, obulutegi guztiak ondo garatzen bazaizkio.

Nekazaritzatik kanpora ere polinizazioaren ardura handia da batez ere dibertsitatearen kezka dutenengan. Nagusiki bi estrategia (haizearena eta intsektuena) horien artean batek huts egingo balu, bestea dutenak ugalduko lirateke lehenaren kaltetan. Honela Asia aldetik etorritako erle-izurrite batek (barroasiak) Europa, Amerika eta Australiako erle basatiak suntsitu dituenean, erle-populazioa erlezainen eskuetan egoteak Nekazaritza-erakundeen arreta bultzatu du, ez bakarrik nekazaritzan duen garrantziarengatik, baizik eta baita flora basatian ere.

Intsektu polinizatzalerik gabe biodibertsitatea gutxitzen da.

PrintEmail