martxel4-27.jpg

Pozoia

Definizio erraz eta sinplea da erle-pozoiarena eta da, erleak ziztatzen gaituenean larruazalaren barnera sartzen digun produktua. Definizio hau oso humanoa edo ezti-lapurrarena da. Erleen ikuspegitik definitu beharko bagenu, esan beharko genuke erleek beren erladiaren defentsarako duten arma dela.

Ikuspegi batetik ala bestetik erle-pozoia erlearen gorputzaren barnean guruin batzuetan sortzen den produktu bat da. Guruin horiek xiringa (“eztena” deitua) baten barnera isurtzen dute beren edukia eta xiringa hori arerioaren barnera sartzean husten da pozoi-guruinen edukia.

Erleak beren artean edo beste intsektuekin borrokatzen direnean, eztena arerioaren gorputzean sartu eta atera dezake arazorik gabe, intsektuen azala kitinazkoa izanik, arrautza-azala bezala pitzatzen baita. Ugaztunen kasuan, larruazal mamitsua dugu eta kautxuzko zati batek bezala bertan sartzen den orratza kateaturik geratzen da, are gehiago eztenak arpoiaren moduko hortzak baditu, erlearenak dituen bezala. Gure kasuan, bada, erleak eztena sartzen digunean ezin ateraz geratzen da eta berak ahal duen indar guztiz eztena ateratzen saiatzen denean, ipurtaldea apurtzen zaio eta eztena bertan utziz egiten du ihes.

Ihes egiten du, bai, baina bere gorputzean sortu den zauri larriaren ondorioz ordu gutxitara hilko da erlea. Erlearen beldurra sortu duen ustezko arerioaren gorputzean han geratu da eztena eta eztenera pozoia isurtzen duten guruinak. Guruin horiei begiratzen bazaie, hor ikusten da taupada moduko bat zeinaren eraginez pozoia sartzen jarraitzen duen. Airearen eraginez, bestalde, bistan dauden guruinok lehortzen joaten dira eta ondorioz uzkurtzen pozoi guztia hustu arte.

Erle ziztatzailea, bada, hil egiten da, baina ez arerioari beti gogoratuko duen ezten mingarria sartuta utzi gabe. Esperantza izango du hil aurretik min horrek erladitik urrundu araziko duela betirako erasotzailea. 

Bada zerbait gehiago. Erleak bere erladiarekiko lotura ez da bere heriotzarekin bukatzen, zeren eta, pozoiak baditu osagai biziki hegaskorrak eta hauek airera zabaltzean inguruko erleek sumatzen dute bere senidearen heriotzaren arrazoia, alegia, badela arerioren bat inguruan. Ondorioz, alarmaren seinale den usainaren jatorrira hurbiltzen dira eta beste ziztada bat egiten ustezko erasotzaileari. Honatx, beste ziztada bat; honatx, beste erle hila; honatx, beste alarma berria, eta horra nola erle gehiago hasten diren hurbiltzen eta ziztatzen… erladiaren defentsa sofistikatua  martxan jarri da. Erasotzaileari erlauntzetik urruntzea besterik ez zaio geratuko, bertan bere burua galdu nahi ez badu.

Zergatik hitz egin hemen pozoi hiltzaileaz?

Normala litzateke erle-pozoiaz erlezaintzako lan batean hitz egitea, erlezainei beren burua nola babestu erakusteko, baina zergatik hitz egin hemen giza-osasunarekin loturiko web-orri batean?.

Esaten dutenez, aspaldi batean medikuak jabetu ziren erlezainen artean artrosi eta erreuma gaitzak gutxiago ematen zirela. Aurkitu zuten arrazoia erlezainek etengabe jasotzen dituzten erle-ziztadak izan ziren. Erle-pozoia erlezainentzat ona bada, ez da txarra izango besteentzat ere, eta hor sortu zen erlezaintzako sektore berri bat, erle-ziztadez sendatzen dutenena eta erle-pozoia biltzera dedikatzen den erlezainena.

 

PrintEmail