eztia_basoa-5.jpg

Erreakzio alergikoa

Erreakzio immunitarioaren desbideratze bat da alergia, alegia, erreakzio normala ez den erantzun bat da, jende gehienei inongo erreakziorik sortzen ez dien elementu (“alergenoa” ) baten aurrean pertsona jakin batzuei sortzen zaiena.

Alergeno jakin bat (demagun pareta-belarraren polena) B linfozitoen gaineko errezeptoreen gainean finkatzen denean, B linfozito hauek plasmozito bihurtzen dira, gorago esan den bezala, eta IgE espezifikoak ekoizten dituzte. Plasmozito horietan sortutako IgE-k ehun konjuntiboko zelula handi batzuk aktibatzen dituzte, mastozito deituak. Mastozitoek milaka IgE-ren errezeptore dituzte azalean eta erreakzio alergikoa sortuko duten molekulaz beteta daude, histaminaz, adibidez.

erreakzio-alergikoa1

Demagun bada, alergeno baten eraginagatik sortutako IgE imunoglobulinek mastozito baten azalean finkatu direla. Alergeno hori agertzen bada,mastozitoen gainean dauden IgEren gainean finkatuko da eta mastozitoek beren edukia hustuko dute beren inguruko ehunetan (Hasi da erreakzio alergikoa). Hori gertatzean mastozitoen barneko molekulek, histaminak, adibidez, odol-kapilareak dilatatu egiten dituzte bertara odola ekarriz. Ondorioz, gune hori gorritu egingo da eta berotasuna nabarituko da. Odol-kapilareak odolez lepo iragazkor bihurtzen dira eta odol-plasma ehunetan zabaltzen da. Orduan mina eta azkura sortzen da lehenik, hipotentsioa gero, bihotz-erritmo bizkortzea eta ehun lisoen uzkurketa (bronkioena, adibidez, arnasteko zailtasunak sortuz).

erreakzio-alergikoa2

Alergenoak oso leku desberdinetatik eragin dezakete: Airetik (polenak, akaroak, …), digestio-bidetik (arrautzak, …), azaletik (porlana, …), edo odoletik (botikak, erle-pozoia, …). Erreakzio alergikoaren intentsitatea oso desberdina izan daiteke pertsona batetik bestera, ia hutsaren hurrengoa dena edo oso larria dena. Gaixotasunak oso indar desberdinak har ditzake

Erle-pozoiaren osagai alergenikoak

Argi dagoenez erle-pozoiak alergiak sortzen dituela, galdetu behar da lehenik zer dagoen erle-pozoian alergeno dena. Irakurleak ikus dezake erle-pozoiaren osaketa kimikoa  web gune honen “erle-pozoiaren osaketa kimikoa” atalean. Erle-pozoiaren osagairik alergenikoenak fosfolipasa eta hialuronidasa dira. Melitina ere bai, baina oso neurri txikian.

Erle-pozoiarekiko alergiaren sorrera eta garapena

Esperientziak erakusten du erlezain profesionalek ehunka ziztada jasotzen dituztela urtean zehar eta estatistikak erakusten du erlezain horien artean gutxi direla alergiko bihurtzen direnak. Bestalde, erlezainen familietan usu agertzen dira erle-pozoiarekiko alergikoak, hain zuzen, erleekin harremana bai, bai harreman ez-jarraitua dutenen artean. Interes bereziarekin aztertu izan da egoera hau.

Erlezainen odolean aurkitzen dira batera IgG pozoiaren aurkako immunoglobulinak eta IgE pozoiarekiko alergia sortzen duten immunoglobulina espezifikoak.

Erlezainen erle-pozoiarekiko desentsibilizazioaren arrazoia esplika dezake erle-pozoiaren aurkako IgG immunoglobulinaren presentzia handiak, etengabe eta kopuru handian sortzen baitute eta odolean kopuru handian mantentzen. IgG-en sekrezioa epe laburrekoa da eta pozoia detektatu eta hilabete gutxitara desagertzen da.

Alergia sortzaile diren IgE immunoglobulina espezifikoak, aldiz, kopuru txikian dituzte odolean. IgE-en sekrezioak denbora luzez iraun dezake erle-ziztadak jaso ondoren.

Erle-pozoiaren aurkako IgG-aren tasa gorputzarentzat alergiaren aurkako babesle kontsideratzen da, sueroko mililitroan 150 nazioarteko unitate edo gehiago daudenean. Honek esan nahi du, kopuru hori edukiz gero IgG immunoglobulinak neutralizatzen dutela gorputzera sartzen den erle-pozoia eta ez dietela betarik ematen pozoiko elementu alergenikoei mastozitoen gainean finkatutako IgE-etaraino ailegatzeko.  Alergenoak IgE-etara ez ailegatzean ez da mastozitoen edukia kanporatzen eta ez da erreakzio alergikoa agertzen.

Erlezain txikiek edo erlezain profesionalen familiartekoek, ordea, urtean zehar ziztada gutxi jasotzean alergia sortzeko arriskua daukate, IgG immunoglobulina babesleak gutxi edukitzean (aurreko ziztada medio sortutakoak desagertu direlako), IgE immunoglobulinarekin (oraindik presente) akopla baitaitezke pozoi-alergenoak eta mastozitoen bat-bateko desgranazioa sortu eta, ondorioz, alergia agertu.

Barka bezait irakurleak konparazio militar bat, alegia, IgG infanteria litzateke eta IgE artilleria. Infanteriak eraso txikiak eragozten ditu eta artilleriak handiak. Infanteriarik ezean (IgGak desagertu direlako) erasotzaileak artilleriaraino ailegatzen dira eta erasoa txikia izan arren artilleriak kanoiez erantzuten du eta, orain alergiara itzuliz, erasoari gure sistema immunitarioak emandako erantzunak gorputza bera suntsi dezake edo egoera txarrean utzi.

Desentsibilizazioa

Erle-pozoiarekiko alergia duenak bi aukera ditu mundu honetan lasai antzean bizitzeko, batez ere, landa-ingurune batean bizi bada, eta, zer esanik ez, erleak ugari diren inguru batean bizi bada. Bata, botikina eraman beti aldean eta bestea, desentsibilizatzea.

Botikinari buruz badago informazioa “Pozoiari alergia” atalean.

Desentsibilizazioa da alergia galtzeko prozesua, alegia, gaur egun badago modua erle-pozoiarekiko alergia kentzekoa.

Desentsibilizazio-prozesua luzea izaten da, bost bat urte edo, behar izaten ditu. Ospitaleko zerbitzuetan egiten da, aldian behin bertara joanez: Lehen 9 astetan astero joanez eta handik aurrera hilero. 

Duela 20 urte, desentsibilizazioaren helburua IgG immunoglobulinen sekrezioa handitzea zen eta IgE-etara iritsi aurretik pozoia desegitea. Gaur egun, T-linfozitoen erantzun desegokia bide zuzenera eramatea da.

Apurka-apurka pozoiaren dosia handituz iristen dira alergia kentzera. 

PrintEmail