erregina-19.jpg

Immunitate-sistema

Gutako bakoitza izaki bakan eta berezia da, gutako bakoitza desberdina da besteetatik eta fetu garen unean bertan garatzen da gure sistema immunitarioa.

Zer da sistema immunitarioa?. Gure gorputzak “bere” sentitzen ez duen edozeren aurrean bere burua defendatzeko duen sistema. Une bakoitzean gure gorputzak “badaki” zein den bere berezko osagaia eta zein ez. Bere baitan zerbait “kanpotar”tzat hartzen badu, saiatuko da deusezten eta kanporatzen.

Terminologia

Komeni da hemendik aurrera erabiliko ditugun hainbat hitz definitzea, hitzetan korapila ez gaitezen edo trabatu.
 
Alergenoa: Alergia sortzen duen antigenoari esaten zaio.
 
Antigenoa: Gure gorputzarentzat arrotz diren elementuak: Bakterioak, birusak, guretzat bateragarria ez den odol-motako globulu gorriak, parasitoak, …
 
Immunoglobulinak: Antigorputzak. Glikoproteinak dira, gammaglobulina motakoak.
 
E immunoglobulina (IgE): Plasmozitoek sortutako immunoglobulina. Immunoglobulina hau kopuru oso txikitan aurkitzen da. Bere eginkizun nagusia parasito eta protozooen aurkako immunitatea da; immunoglobulina hau gorputzarentzat kaltegarri ez den agente batengana bideratzen denean alergia sor daiteke. 
 
G immunoglobulina (IgG): Plasmozitoek sortutako immunoglobulina, lehenik IgM sortu ondoren. Urteetan jarraitzen du gorputzak immunoglobulina hori sortzen. 
 
M immunoglobulina (IgM): Plasmozitoek antigeno batekin topo egiten dutenean lehenik sortzen duten immunoglobulina. Hilabete gutxi irauten du odolean.
 
Linfozitoak: Globulu zuriak ere deitzen zaie. Hezur-muinetan sortzen dira eta gure odol zirkulazioan barna gorputz osoan zabaltzen dira. Gure gorputzaren defentsa osatzen dute. Hauek osatzen dute gure sistema immunitarioa beste zelulekin batera.
 
B linfozitoa: B linfozitoek immunitate humoralaren erantzuleak dira. Antigenoen aurkako antigorputzak sortzen dituzte.
 
T linfozitoa: T linfozitoek ehunetako zelulen arteko immunitatearen erantzuleak dira.
 
Mastozitoa: Ehun konjuntiboko zelula handiak erreakzio alergikoa sortuko duten osagai kimikoz (histamina da beraietako bat) betetako granuluz beteak. Azalean mastozitoek IgE-en milaka errezeptore dituzte
 
Plasmozitoa: B linfozito batek antigeno bat harrapatzen duenean gongoil linfatiko batean tinkatzen da eta plasmozito izeneko batean eraldatzen da, eta hortik aurrera antigenoa horren aurkako antigorputzak fabrikatzen ditu, alegia, B linfozitoak identifikatu duen antigeno horren aurkako immunoglobulina (antigorputz) espezifikoak: IgE, IgM, IgG.

Linfozitoak dira gure sistema immunitarioaren gudariak, hauek garbitzen dute gure gorputza elementu arrotzetatik. Linfozito-mota asko daude, zelula-ama batetik sortzen diren guztiak berdin-berdinak dira eta antigeno (gorputzarentzat arrotz den elementua) jakin bat deuseztatzeko programaturik daude. Antigeno jakin hori topatzen dutenean eliminatzen saiatzen dira. Ez hori bakarrik, behin antigeno horrekin borrokan ibili ondoren, handik aurrera memorizatu egiten dute antigeno hori eta berriro azaltzen den bezain laster desegingo dute. Adibidez, errubeola jasan duen bat bere bizi osorako immunizaturik dago gaixotasun horrekiko; Gaixotasun hori umetan izan zuenean sentsibilizatu ziren linfozitoek babesten dute gorputza.

PrintEmail