abaraska1-2.jpg

Linfozito motak

Bi linfozito-mota daude, batzuk, B linfozito deituak, eta, besteak, T linfozitoak. B linfozitoek immunitate humoralaren erantzuleak (antigenoen aurkako antigorputzak sortzen dituzte) eta T linfozitoak ehunen immunitatearenak.

B linfozitoak

B linfozito batek antigeno bat harrapatzen duenean gongoil linfatiko batean tinkatzen da eta plasmozito izeneko batean eraldatzen da, eta hortik aurrera antigeno horren aurkako antigorputzak fabrikatzen ditu, alegia, B linfozitoak identifikatu duen antigeno horren aurkako immunoglobulina (antigorputz) espezifikoak. Adibidez, errubeola izan baduzu  eta errubeola duten beste ume batzuekin elkartzen bazara hurrengo batean, lehen sortutako plasmozitoek nahikoa errubeolaren aurkako immunoglobulina sortuko dute berriro ez gaixotzeko.

linfozitoak1

B linfozitoak sortzen dituen immunoglobulinak ez dira beti berdinak. Antigenoarekin lehen aldiz topo egiten duenean M immunoglobulinak (IgM) sortzen ditu lehenik eta G immunoglobulinak  (IgG) gero. Mikrobio berdinekin topo egiten duenean hurrengo batean G immunoglobulinak  (IgG) bakarrik sortzen ditu. M immunoglobulinak (IgM) hilabete gutxitan ibiliko dira odolbideetan, infekzioa ez bada maiz gertatzen. G immunoglobulinak, aldiz, etengabe jarraitzen dute sortzen urte askotan zehar. Adibidez, tetanosaren aurka txertatuz gero 20 urtez jarraitzen dute plasmozitoek G immunoglobulina antitetanikoak sortzen.

linfozitoak2

T linfozitoak

Ehunetako zelula arteko immunitatea T linfozitoek bermatzen dute. Zenbait T linfozito gai da erasotzaile arrotzak hiltzeko; beste batzuek linfokineak sortzen dituzte, alegia, defentsarako dauden beste zelulen jarduera erregulatzen duten molekulak, batzuetan aktibatuz eta besteetan inhibituz.

linfozitoak3

T linfozitoek neurtzen dute gorputzera sartutako substantzia arrotzak zenbateraino diren mehatxu gorputzarentzat, ea kaltegarri diren eta erasotzeko agindua eman edo  kaltegabeko eta bakean utzi. Beraz, T linfozitoen artean batzuek (erasotzaile bat detektatzean) B linfozitoak plasmozito bihurtzera bultzatzen dituzte eta immunoglobulinak ekoiztera eta beste T linfozitoek (kaltegabeko elementu baten aurrean) eragiten dute B linfozitoen gain plasmozito bihur ez daitezen.

Hemen dugu, bada, gorputzaren funtzionamendu immunologiako normala, alegia, elementu arrotz kaltegarriaren aurrean B linfozitoak plasmozito bihurtzen dira T linfozitoen eraginez, eta beste T linfozitoek eragozten dute immunoglobulinen jariapena behar ez denean eta, baita ere, eragozten dute B linfozitoak plasmozito bihurtzea.

linfozitoak4

B linfozitoak, antigenoak sentsibilizatuta daudenean, T linfozitoen kontrolpetik ihes eginez, plasmozito bihurtu eta immunoglobulina normalak (IgG) sortu ordez IgE immunoglobulinak sortzen hasten badira, ERREAKZIO ALERGIKOA gertatzen ari dela esaten dugu, eta kasu honetan antigenoari  “alergenoa” esaten zaio, alegia, alergia-sortzailea. (Ikus Erreakzio alergikoa artikulua)

IgE immunoglobulinak, berez, ez dira erreakzio alergikoarekin bakarrik lotu behar. IgE immunoglobulinak onak eta beharrezkoak ditu gorputzak parasitoen aurkako erantzuna sortzeko. Echinococcus, Ascaris edo Plasmodium-en aurkako erantzun adaptatiboa da IgE. Erantzuna kaltegarri ez den agente batengan sortzen denean alergia deitzen diogu eta patologikoa da. Edonola ere, denok daukagu IgE odolean eta normala da eta beharrezkoa.

PrintEmail