abaraskak_1-30.jpg

Erle-pozoiaren efektu txarrak

Erle-ziztada jasotakoan gure gorputzean erreakzio desberdinak ager daitezke:

Mina

Segundo gutxitako mina izaten da, baina oso min bizia. Min honetatik ez da inor libratzen, ezta urtean zehar ehundaka ziztada jasotzen dituen erlezaina ere. Badira oso mingarriak diren uneak gure gorputzean, e.b. sudurretako mintzak, eskuko behatzak, ... Min horren aurka ez dago ezer egiterik. 

Ondoeza

Ikusi ditugu erle-ziztada bat jasan eta zurbil-zurbil jarri eta zutik egon ezinik jarri direnak. Ziztatuak “erle hiltzaileak” moduko filmak ikusi baditu edo gauza larriak entzun baditu, edozeren zain eta beldur jarri daiteke eta, ondorioz, zorabiatzeraino larritu. Eseri arazi edo lurrean etzan arazi eta lasaitzea besterik ez dago egiterik, shock anafilaktiko baten aurrean ez gaudenean, noski. Beti da ona likido asko edatea eta hankak goian direla etzanda egotea. Dutxa hotz batek ere mesede handia egiten du.

Hantura lokala

Erleak eztena sartzen duen unean mina sentitzeaz gainera berehala gorritasuna azalduko da eta normalean hantura. Beraz, normaltasunez hartu behar da zitada-gunea haztea. Zerbait hotza aplikatzeak asko gozatzen du bai min-azkura eta bai hantura. Behin ere egin behar ez dena ziztadagunean hatz egitea da.

Bekokia bezalako tokian ez da haragi askorik eta sarritan hantura beherantz etortzen da eta aurpegiko mukosen handitzea gerta daiteke, begiena, adibidez. Buruko iletan kateatzen den erleak ez du atsedenik izango eztena sartu arte. Horrelakoetan behatz tartean lehertzea besterik ez zaigu geratzen erlea larruazalera iritsi aurretik. Buruko iledun azala odol irrigazio handiko eremua da eta dena odol-hodiz betea dago. Horko ziztadek pozoia zuzenean odol-korrontera sartzeko arriskua dago eta, beraz, ondo babestu behar den zona da.

Erreakzio alergikoa

Erle-ziztada baten aurrean gorputzean koadro orokor larria azaltzen denean, orduan, alergiaren aurrean egon gaitezkeela esaten dugu. Gorputzak ziztada bakar bati neurririk gabeko erantzuna ematean agertzen da. Laburki azalduz ondoko sintomok ager daitezke:

  • Zurbiltasuna
  • Ahuldade handia
  • Takikardia
  • Pultsu nabariezina
  • Arnasa hartu ezina; soinua arnasa hartzean; asfixia.
  • Zenbait mukosen handitzea: ezpainak, mihia (ezin hitz egin), begiak, …
  • Zianosia: ezpainek, aurpegiak eta eskuek bioleta-kolorea hartzen dute.
  • Aurpegi konjestionatua
  • Botalarria, pixak alde egitea eta diarrea(eutsi ezinekoa).
  • Kordea galtzea
  • Izerdi hotza
  • Urtikaria gorputz osoan zabaldua, lehenik zaplastak han eta hemen eta gero denean.
  • Odol-tentsioaren beherakada

Irakurlea nahas ez dadin, esan behar da ez direla sintoma guzti horiek denak batera eta lehen erreakzioan agertzen, baina ez du esan nahi sintoma guztiok ez agertzeak alergiarik ez dagoenik. Alergiaren agerpenik larriena shock anafilaktikoa da eta orduan bai ager daitezkeela sintoma guzti hauek eta oso modu larrian.

Erle-ziztada bati beti dagokion erreakzio lokala baino zerbait gehixeago izan duenak ondo egingo du medikuarengana joatearekin, diagnostiko on bat egin dakion. Alergiarik ez bada, hobe, baina baldin bada, aldez aurreko neurriak hartzeko ondo etorriko zaio.

Lehen ziztada edo ziztadak izan dituenak, ondo egingo du adi egotea egun oso bat igaro arte, zeren eta sintomak ez dira beti bapatekoak izaten eta 24 orduz geroztik ere ager daitezke.

Alergia duenak erle-ziztadak ekidin behar ditu, ziztada bakar baten ondorioz hil daitekeelako, esku eran botikarik edo mediku-zentrorik ez badu. Horregatik beti eskatzen zaio erlezainari (alergia duenari, noski) botikina berarekin erabiltzeko, norberarentzat edo erlezainaren jiran ibili daitekeen beste norbaiti egin diezaioketen kalteagatik. 

PrintEmail