abaraska2-3.jpg

Erle-pozoia eta osasuna

 

Erle-pozoiaren atalean esandakoak esan ondoren, eta beldurra hezurretaraino sartu ondoren, ez da erraza izango jendeak begi onez ikustea erle-pozoia. 

Aspaldi batean medikuak jabetu omen ziren erlezainen artean artrosi eta erreuma gaitzak gutxiago ematen zirela. Aurkitu zuten arrazoia erlezainek etengabe jasotzen dituzten erle-ziztadak izan ziren. Erle-pozoia erlezainentzat ona bada, ez da txarra izango besteentzat ere, eta zenbait giza-gaixotasunaren aurka erle-pozoiaren erabilera zabaldu zen. Are gehiago, sarritan apiterapia esaten denean, soilik erle-pozoiaren bidez egiten den terapia ulertzen da.

Erle-pozoia pozoi bortitza da. Kontraindikazioak

Ohar hau egin gabe ezin gara hasi erle-pozoiak giza-osasunerako izan ditzakeen onuraz hitz egiten. Erle-pozoia hartu nahi duenak jakin behar du erle-pozoia ona den ala ez gaixoak duen gaitz hartarako, eta baita ere jakin behar du bere gorputzeko beste zerbaitetarako badenez kaltegarria. Giza-gorputz guztiak desberdinak dira eta erle-pozoia, aldiz, beti da bera. “On ote da niretzat?” galdetu behar du erle-pozoia probatu nahi duenak.

Erantzunak mediku baten eskutik etorri behar du, gaixoaren historiala eta egoeraren berri ondo dakien baten eskutik. Beraz, ondo egin behar da diagnostikoa eta baita ere ondorengo ziztaden dosifikazioa. Beste edozein tratamenturen jarraipena egiten den bezala, pozoi  bidezko tratamentuaren jarraipena ere egin egin behar da, batez ere luzea denean.

Aditu baten aholkupean erabaki beharko da erle-ziztadak non sartu, emanaldi bakoitzean zenbat sartu eta zenbat egunean behin sartu. Behin hori jakinez gero erleak gune horretan aplikatzea edonork egin dezake, ez baitu inongo misteriorik. Halere, ona izango da botikina aldean edukitzea, ziztatuari erreakzio alergikoren bat sortuta ere.

Lerro gutxitan bada ere, adierazi nahi dira hemen erle-pozoia kontraindikatua edo, eduki ditzaketenak: Erle-pozoiari alergia diotenak (Norbait alergikoa den ala ez jakiteko probak egin behar dira aurrez); Kardiopatia desorekatua dutenak; Diabetiko kronikoak; Hemofilikoak; Tuberkulosidunak; anemikoak; Urdaileko edo duodenoko hemorragiadun ultzeradunak; Giltzurruneko gutxiegitasunak dauzkatenak (pozoiaren exkreziorako zailtasunak dauzkatenak); Haurdun dauden emakumeak; eta abar. Horregatik esan dugu gorago, ez dela bakarrik begiratu behar zein gaixotasunentzat den ona erle-pozoia, baita ere begiratu behar dela zer ez zaion komeni gaixoari.

Giza osasunerentzat mesedegarri

Erle-pozoiari buruzko liburuetara jotzen bada, etengabeko gaitz zerrendak agertzen dira erle-pozoiez sendatzen direnak. Lan honetan ere zerrenda luze horiek jarri dira, baina ezer gutxi esaten da gehienei buruz, ez zuhurtasunez, baizik ezjakintasunez. Lau alderdi lotu behar dira ganoraz hitz egiteko: a) Gaitz bati buruz hitz egitean gaitz hori zer den ondo jakin behar da; b) Jakin behar da zer duen erle-pozoiak gaitz horrekin zerikusia duena; c) Datuak eduki behar dira erle-pozoiez tratatu eta emaitza onak izan direla frogatzen dutenak; d) Tratamentuari buruzko informazioa eduki behar da.

Web-orri hau informazio-biltegi bihurtu nahiko genuke, informazio fidagarria apurka-apurka modu ondenatu eta kontrastatuan ezarriz. Momentuz, irakurleak alde handiko informazioa topatuko du hainbat gaixotasunei buruz, batean asko eta besteetan gutxi. Espero dugu irakurleek ere bidaliko digutela informazio gehiago. Esker ona aurrez denoi.

Erle-pozoiari ondorengo efektuak aitortzen zaizkio

  • Antiinflamatorioa: Anturak gutxitzen ditu. Anturek sortutako minak baretzen laguntzen du, hala nola, artritisa, mialgiak (muskuluetako minak), ziatika, ormain mingarriak, …
    Erle-pozoiak (batez ere bere osagai nagusiena den melitinak), itxura denez, kortisonaren isurketa eragiten du, alegia, kortikosteroide antiinflamatorio natural nagusiena. Melitinak ACTHren (= Adrenocorticotropic Hormone) ekoizpena handitzen du hipofisi mailan. Hormona hori gero guruin suprarrenalera joaten da eta han kortisona sortarazten du.
  • Analgesikoa: Ziztada izandako lekuan efektu anestesikoa du. (Ikus “a” puntua)
  • Basomotorea: Pozoiak dilatatu egiten ditu kapilarrak (batez ere zerebro mailan) eta odol-zirkulazioa bizkortzen.
  • Immunoaktibatzailea: Gorputzeko sistema immunologikoa aktibatzen du. 
  •    Gorputzak badu kanpotik heltzen zaizkion mikroorganismoen aurka hesi bat jartzeko ahalmena;        ahalmen horri deituko genioke gorputzaren sistema immunitarioa. Sistema immunitario berak lesio baten ondoren ehun berrien sorkuntzan parte hartzen du.
  •    Erle-pozoiak antigeno gisa aktuatzen du, alegia, gorputzarentzat arrotz den zerbait bezala eta zeinaren aurka mobilizatu behar dituen bere defentsak. Esango litzateke immunoestimulazio bat gertatzen dela.     Hona bada, erle-pozoiaren sendatzeko duen ahalmenetako bat, alegia, sistema immunitarioaren aktibatzea.
  • Eragin hipotentsorea: tentsio arteriala jaisten du. Melitinak eta batik bat apaminak odol-presioan eragin erregulatzaile positiboak  dituzte.
  • Odolaren akzio fibrinolitikoa: Odol-hodietan sar daitezkeen oztopo txikiak (hodiok butxatuz infartuak eragin ditzaketen tronboak) disolbatu egiten ditu odolaren zirkulazioa hobetuz.

 

 

 

 

 

Ondorengo gaitz hauen kontra aholka daiteke erle-pozoia:

Gorago esan bezala, bibliografian agertzen dira ondorengo gaixotasun guzti hauek eta erle-pozoiez sendatzen direla. Informazio gehiago lortutakoan joango gara hemen ipintzen. Gogora bestalde, gorago medikuaren gain begiradari buruz esandakoa, alegia, zerrenda honetan agertzen delako ez bedi norbera erle-ziztadak hartzen, kalterik egingo ez diotela ziurtatu gabe.

  1. Defentsa baxu edo hondatuta.
  2. Autoimmunitateagatiko gaitzak (erreuma, lupusa, …)
  3. Alergiak, bronkiotako asma barne.
  4. Arterietako hipertentsioa.
  5. Gaitz erreumatikoak (miopatiak, poliartritisak, kardiopatia erreumatikoak). Erle-pozoiko fosfolipasa A₂-k iragazkorragoak bihurtzen ditu ehunak. Inflamaziodun gaixotasun erreumatikoek sortutako minak baretzeko erabili izan da arrakasta handiz erle-pozoia. Aintzinatetik erabili izan da baita ere artritisak tratatzeko. Mina kentze horretan emaitza onak eman ditu baita ere esklerosi anitza bezalako gaixotasun autoimmuneetan.
  6. Espondilitisa edo espondilartritis ankilopoietikoa.
  7. Poliartritis infekzioso ez zehaztuak.
  8. Traumatismoak, hanturak eta era guztietako oinazeak.
  9. Ultzera trofikoak.
  10. Nerbio-sistema periferikoaren gaixotasunak (erradikulitisa, hanturak, neuralgiak, polineuritisa, …)
  11. Iritisa eta iridoziklitisa.
  12. Baskulopatia kirurgikoak (tronboflebitisa, endarteritisa, odol-hodi periferikoaren arteriosklerosia, …)
  13. I eta II mailako tireotoxikosia.
  14. Meniere sindromea
  15. Dermatosiak (Psoriasia, ekzema)
  16. Migraina-sindromea (=jakeka)
  17. Ekzema
  18. Desentsibilizazio terapiak
  19. Displasiak eta neoplasiak
  20. Birusek eragindako gaixotasunak
 

 

PrintEmail