erleak_eztia-29.jpg

Erle-pozoiaren osaketa kimikoa

Erle langilearen pozoiaren osaketa kimikoa ez da berdina jaioberritan edo handik hiru astetara. Erreginaren pozoia osatua dago erabat jaiotzen den unean, baina langileena apurka-apurka osatzen da. Erle langilea zainketa-lanetan hasten denean eta kanpoko larre-lanetan hasi aurreko egunetan dauka pozoi-guruina ondo betea eta pozoia osatua. Dena dela, lau faktoreren menpe dago erle-pozoiaren osaketa: Erleak biltzen duen nektarra, jaten duen polena, adina (gorago esan bezala) eta erle-espeziea.

Pozoiaren osaketa kimikoa konplexua da eta hainbat osagai dauzka. Hiru atal bereziko dira:

1.-Osagai hegaskor edo bolatilak: % 4 – 8.  

Osagai hegazkor hauek dira erle-pozoiaren usain ezaguna sortzen dutenak eta baita ere inguruko beste erleen erasoa erakartzen dutenak. Pozoiak % 0,1 iso-amil azetatoa dauka eta berau da alarma-deia sortzen duen feromonaren osagaietako bat.

2.-Ura: % 88

3.-Pozoiaren osagai behinenak: % 6 – 8. Pozoi lehortuan (% 6 – 8 horretan) ondorengo osagaiak aurki ditzakegu:

Molekula txikiak (% 24)

  • % 15 aminoazidoak
  • % 4-5 fosfolipidoak
  • % 2 karbohidratoak 

Aminak

% 1-2 histamina 

Polipeptidoak (% 50-60)

  • % 50 melitina eta promelitina
  • % 2-3 apamina
  • % 2-3 mastozito desegileak (MCD peptidoa)
  • % 3 miniamina 

Entzimak (% 13-15) 

% 10-12 fosfolipasa A 2

% 3 hialuronidasa

 

  Erle-pozoiaren beste osagai batzuk

Ematen du bibliografian lasterketa moduko bat dagoela erle-produktuek zenbat osagai desberdin dituzten azaltzeko. Hemen segidan jarriko ditugu bibliografian agertzen direnak, gerora lehen eskuko lanekin alderatzen direnean, joango gara batzuk gehiago nabarmentzen eta beste batzuk albora uzten.
 
Erle-pozoiaren beste osagai batzuk: Azido formikoa, azido klorhidrikoa, azido ortofosforikoa, kolina, triptofanoa, gatz mineralak (burdina, iodoa, potasioa, sufrea, kloroa, kaltzioa, magnesioa, manganesoa, kobrea eta zinka), sekapina (% 0,5 – 2,0), tertiapina (% 0,1), prokamina (%1 – 2), dopamina (% 0,2 – 1,0), noradrenalina (% 0,1 – 0,5), adolapina, katekolaminak, histidina, serotonina, tetrapina, azido α-aminobutirikoa eta feromonak.
 
Dirudienez, erle-pozoiak magnesio-fosfatoa [Mg₃(PO₄)₂] edukitzeagatik (% 0,4) ditu aitortzen zaizkion ezaugarri medikoak. 
 
 

Osagai batzuren azalpena

  1. Histamina eta serotonina: Momentuko mina eragiten dute, eta odol-hodien permeabilitatea areagotzen, hauek dilatatzen dira eta inflamazioa sortu. 
  2. Melitina: Pozoiaren osagairik ugariena. Peptido hau da erle-pozoiaren toxizitate gehienaren erantzule, shock-arena, besteak beste. Arnas-paralisia sortzen du eta hemolisia (odoleko globulu gorrien desegitea), mina eta hantura sortuz. Pozoiak ukitzen dituen zelulen mintza erasotzen du, eta bere egitura kimikoa desorganizatzen du, prestatuz honela beste osagai batek gero, fosfolipasa A2-k, egingo duen kaltea, alegia, zelula-mintza zulatu eta pozoiak ukitutako zelulak suntsituz (digerituz). Tentsio arteriala jaisten du eta histaminaren isurketa sustatu. Ez da oso alergenikoa
  3. Apamina: Polipeptido bat da. Odol-hodien permeabilitatea handitzen du. Heparinaren (odol-antikoagulantea) sekrezioa bultzatzen du. Oso neurotoxiko indartsua da apamina (erle askok batera helduz gero toxikazioa sortzen du) eta gizakiaren nerbio-sistema zentralean eragiteko gai da, kitzikatuz. Antiinflamatorio eta analgesikoa da.
  4. Fosfolipasa A2 (=A lezitinasa): Entzima honek lezitinaren gantz-azido ez-aseak lisolezitina bihurtzen ditu. Entzima honek zelula-mintzeko fosfolipidoen arteko loturak desegiten ditu eta ehunak iragazkorragoak bihurtzen ditu (Gaitz erreumatikoetarako interesgarria). Pertsona sanoetan ere bere eragin ona badu, zeren eta zelula mintzetako fosfolipido ahulduak desegitean zelulak berriak sintetizatzen baititu. Bestalde, afinitate edo zaletasun berezia ikusi zaio entzima honi tumore-zelulen mintzekiko eta birusen lipidoekiko. Odolaren koagulazioa eragozten du. Prostaglandinen askapena eragiten du.  Sor dezake hipotentsioa, muskulu lisoaren uzkurdura eta mastozitoen histaminaren askapena. Oso alergenikoa da; Erle-pozoiari alergia dioten erdiek baino gehiago fosfolipasa A₂-ri erreaktibitate handia agertzen diote.
  5. Hialuronidasa: Entzima honek erle-ziztadak afektatutako ehunen biskositatea gutxitzen du (ehun konjuntiboaren  azido hialuronikoa depolimerizatzen baitu) eta pozoiaren osagaien penetrazioa eta barreiaketa errazten du kapilareen permeabilitatea handitzen baitu..
  6. MCD peptidoa (“Mastozitoen Peptido Degranulatzailea”(Jatorriz: “Mast-cell Degranulating peptide”)(=401 peptidoa): Mastozitoen degradazio bortitza sortzen du eta hauetako histaminaren askapen handia, ondorioz, mina eta gorritasuna sortuz. Eragin antiinflamatorioa du, zeren eta azido arakidonikotik, ziklooxigenasa entzimaren bidez, sortzen diren eta inflamazioaren eragile diren prostaglandinen sintesia eragozten baitu 
  7. Adolapina: Analgesikoa da, mina baretzeko morfina edo opioa baino eragin handiagoa du. Gainera, antiinflamatorioa eta antipiretikoa da.
 
 
 
 
 
 
 
 

PrintEmail