eztia_basoa-5.jpg

Pozoiaren erabilera

Pozoia nola kendu erleei

Negozio txarra litzateke erlezainarentzat pozoia ematen duten erle guztiak hilko balitu, horregatik hainbat sistema sortu dira erleei pozoia kentzeko erlea hil gabe. Horietako bat aipatzearren, sistema elektrikoarena da. Erlauntzaren sarreran errejila elektriko bat ipintzen da, erlea erlauntzera itzultzean pausatzen den unean, eta erleak lurra hartzen duenean deskarga elektriko txiki bat hartzen du eta kalanbre horren ondorioz gorputza uzkurtzen du erleak eta eztenaren muturretik pozoi-tantatxo bat  isurtzen zaio. Errejila elektrikoaren azpira erortzen da pozoi-tantatxo hori eta azpiko plaka batean jasota geratzen da.

Gero laborategietara saltzen du erlezainak eta laborategiek, behar bezala dosifikaturik, sartzen dute beren botiketan.

Pozoia zizta beza erleak berak

Normalean apiterapian (osasunerako erle-produktuen erabilpena) antzinako bidea erabiltzen da, erleak ziztatzeko duen joera aprobetxatu eta erlea bera hurbiltzen da larruazalera eta honek hantxe sartzen du eztena. 

Osasuna eta pozoia atalean esango den bezala, ziztadak ematen ari denak jakin beharko du non sartu, aldian zenbat sartu eta zenbat egunean behin sartu. Informazio hori ez dago edonoren esku eta adituen preskripzioa nahitaezko baldintza da. Auto-medikazioaren arriskuaz jabetu arazi behar da gaixoa, batez ere, erle-ziztaden aurrean, erle-produktuetan bortitzena bera baita  edo bestela esanda, elikaduraren osagarri ez den bakarra. Behin jakinez gero non, zenbat eta zenbatean behin, erleak gune horretan aplikatzea edonork egin dezake, ez baitu inongo misteriorik. Halere, ona izango da botikina aldean edukitzea ziztadak hartzeko unean, ziztatuari erreakzio alergikoren bat sortuta ere.

Erleak zuzenean aplikatzeak badu kontutan eduki behar den zerbait eta da erle guztiek ez dutela beren pozoi-guruina beterik izaten beti eta, beraz, adibidez, lau ziztadetako pozoi-kopurua desberdina izan daitekeela segun eta zein erle aukeratzen diren. Komeni izaten dira erle gazteak, kanpoko lanetan hasteko adinean daudenak, baina beste intsektuekin borrokan ibili ez direnak, alegia, pozoia gastatu gabe daukatenak. Erleen adina ezagutzen ikasi behar du horrelako lanetan ari denak.

PrintEmail