martxel2-9.jpg

Erle-pozoiari alergia

Egoera txarra da benetan erlezaletasuna duenak erle-ziztadekiko alergia izatea. Argi utzi behar da, alergia nabarmena duena ezin dela erlezaintzan jardun. Bere bizitza arriskuan jarriko luke.

Badira erreakzio txarrak ziztaden ondorioz, benetan alergia ez direnak, baina erreakzio txar bat izanez gero, diagnostikoa egitea komeni da. Ezagutu ditugu igandean etxean ondo bazkaldu ondoren, jan eta edan nahikoa egin ondoren, erlategira joan direnak eta erleen lehen ziztadarekin ziplo erori direnak kordea galduta eta gorakoak eman eta otordukoa bota dutenak. Larrialdi egoera hori igaro eta analisiak egin eta alergiarik ez dutela erakutsi izan diete. Aurreko esaldian “edan” hitza azpimarratu dugu, ezagutu ditugun kasuetan denek aitortzen zutelako alkohola edan, edan zutela. Beraz, erle-ziztadek badakite alergikoak ez diren erreakzioak ematen.

Dena dela, gaur egun badaude desentsibilizatzeko terapiak ere, alegia, erle-ziztadei alergia izan eta tratamendu luze baten ondoren lortzen dutenak berriro alergiarik ez izatea. Tratamenduak bost bat urte iraun dezake, lehen bederatzi astetan astero medikuarengana joanez eta gaineranzko denboran hilean behin. Medikuak erle-pozoia sartzen joaten zaio alergikoari oso kopuru txikitik hasita, apurka-apurka gehituz.

Desentsibilizazioa interesgarria suertatzen da ez bakarrik erlezain edo erlezainaren ingurukoentzat, baizik eta baita landa eremuan bizi den alergikoarentzat. Nahiz eta erleekin lanik ez egin, edozein unetan erle baten gainean eser daiteke, adibidez,  belarretan eseritzekoan. 

Maiz ikusten da alergiadun jendea erlezainen familiatan, geroago ikusiko den bezala, aldian behin ziztaden bat edo beste jasotzea baita alergia sortzeko egoerarik arriskutsuena. Gezurra badirudi ere, zenbat eta ziztada gehiago jaso, orduan eta alergia ez izateko aukera gehiago izaten da.

Lau kasu aipatuko dira, laburpen gisa, alergiaren inguruan:

  1. Inoiz ziztadarik jaso ez duena: Oso arraroa litzateke erle-pozoiarekiko alergikoa izatea.
  2. Inoiz edo behin ziztadaren bat edo beste jasotzen duena: Arrisku handia du alergiko bihurtzeko.
  3. Urtean zehar ziztada asko (ehundaka) jasotzen dituena (normalean erlezaina): Arriskurik ez du alergiko bihurtzeko.
  4. Une batean erle-eraso bat jasan eta minutu gutxitan ehundaka ziztada jasotzen dituena: Intoxikazio larria jasan dezake, ez alergia.

Zer egin erreakzio alergikoaren aurrean

 

  1. Lasaitasuna garrantzizkoa da. Pertsona alergikoa lasaitu egin behar da eta jarrera komodo batean jarri, eserita edo etzanda; etzanda hobe, zorabiatu ere egin daitekeelako. Arnasa sakon hartzen lagundu; Estuasunak okertu egiten ditu sintomak. 
  2. Dutxa hotza. Ur hotzetan dutxatzeak momentuko hobekuntza dakar.
  3. Larrialdietako telefonora deitu eta gertatzen denaren berri eman. Autorik bada eskueran, azkar abiatu osasun-zentrorantz. Bakarrik topatuz gero, eta botikarik gabe, ez geratu geldirik, jo hara edo hona norbaiteren bila.
  4. Botikinarik (ikus hurrengo puntua) bada, eman antihistaminikoak eta hauek efekturik egiten ez badute, sartu adrenalina-indizioa larruazalean. Kortikoideak ere baldin badira eskuartean eta horien erabileraren berri jakinez gero, eman baita ere. Botika guzti hauen erabilera larrialdietako telefonotik bidera dezakete. Homeopatian ere bada botika bat, “Apis”, hain zuzen. Ezagutu ditugu erreakzio alergiko handiak homeopatiarekin soilik konpondu direnak.
  5. Asfixia-arriskua gertatzen bada, laringea eta mihia handitu direlako, trakeotomia egin beharrean aurki zaitezke. Gogorra izanik ere, hobe itotzea baino. 

Erlezainaren botikina

Erlezaina aipatzen bada ere, alergia duen orok eskura eduki behar duen botikina da ondoren aipatuko dena. Esan beharrik ez dago botikok hobeto kontserbatzen direla hotzean, baina nola sarritan autoan erabili behar diren, komeni da poltsa isotermikoan edukitzea. Modu berean, urtero komeni da berritzea botikineko botikak.
Botikineko elementuak:
 
  • Homeopatiako “Apis D6”: Homeopatiako pilulak hartzeko modua da: Mihi azpian kokatzen dira pare bat pilula eta urtzen uzten mihipean. Sintomek ez badute atzera egiten, hamar minuturo pilula bana sartzen da mihi azpian sintomak desagertu arte. Ordubete bat igaro daiteke sintomak desagertu arte.
  • Antihistaminikoa: Farmazietan ugari dira markak. Antihistaminikoak pozoiaren histamina desegiten du. Pastilak izaten dira eta gerta daiteke alergikoak ezin irentsia. Pastila uretan urtu eta eman beharko zaio edo adrenalina erabiltzera jo.
  • Adrenalina: Adrenalina xiringa batean saltzen da, golpe bat eman larruazalaren gainean (izterrean edo sabelean) eta edukina sartzen duen xiringa automatikoan. 
  • Kortikoidea: Kortikoideak ere histaminaren askapena eragozten dute, mastozitoen mintza sendotzen dutelako.

 

PrintEmail