Propolia
Propolia erleek hainbat landaretatik biltzen duten gai erretxinatsua da, landare-begietatik bildua , hain zuzen, zeinak inpregnatzen dituen begiok ingurumeneko erasoetatik babesteko, direla eraso klimatikoak (e.b. euria), edo mikrobiologikoak (e.b.bakterio eta onddoak).
Propoliak berak duen osaketa kimikoa zertxobait aldatzen du erleak berak ere propolia biltzen ari denean, zeren eta argizariz nahasten baitu (hain lingirda ez izateko) eta guruin hipofaringeoko sekrezioekin, batez ere, β-glikosidasarekin. Sekrezio hauen eraginez flabonoide heterosidoak hidrolisatu eta aglikona aske bihurtzen dira, horrela sortzen den produktuaren eragin farmakologikoak handituz, alegia, landare begian azukreekin loturik zeuden konposatu fenolikoak aske agertzen dira erle-propolian.
Erleak zertarako erabiltzen du propolia?
-
Zuloak ixteko: Erleak ezin du zirrikiturik ikusi bizi den erlazulo edo erlauntzean, eta sumatuko balu ez luke atsedenik hartuko dena itxirik ikusi arte, batik bat, aire-korronterik sumatzen badu. Propoliz ixten ditu zuloak. Neguko hotzetatik babesteko ere erabiltzen dute erleek propolia, atakaren neurria txikituz. Erle gutxi duen erladiak ere agertzen du ataria txikitzeko joera, erasotzaileei errazago aurre egiteko.
-
Erlauntza sendotzeko: Modu berean propoliz itsasten ditu erlauntzean jartzen dizkiogun material guztiak eta erlezaina beti espatula zorrotz eta sendoz askatu beharko ditu. Erlauntza bateko tapa ezin da esku hutsez ireki, erabat kolatua egoten da propoliz.
-
Erlauntza esterilizatzeko: Bestalde, egur zuri batez eginiko lauki bat sartzen badugu erlauntza barnean, handik egun gutxitara dena hori-hori eginda aurkituko dugu, propoliz uhieldua. Erleak bere bizitoki guztia esterilizatzen du propoliz, gaitasun hori baitu propoliak, bakterizida eta fungizida sendoa baita.
Esterilizatze horretan ez da libratzen den txokorik erlauntzean, abaraskako argizarizko gelaxkak (eztia, polena, arrautza eta larbak habia edo gelaxka aseptikoetan egon daitezen) ere denak daude propoliz igurtzirik, baita erle beraien gorputzak ere.
Dirudienez, inguruan zuhaitz propoli-emailerik ez duten erleek larbak erasotzen duen loke gaitza gehiago izaten dute.
Erleak bere garapenerako behar izan du zerbait bilatu, zeren eta erlauntzeko giroa ezin hobea da mikrobioak (bakterioak, onddoak) ugaltzeko: 50.000 buru; egunero 10.000 sartu-irteera ; milaka larba bistan; 35⁰C inguruko tenperatura; %70 inguruko hezetasuna; karbono-hidratoz betea; eta azken batean, hori dena bolumen txiki batean.
- Etsaiak momifikatzeko: Erleak erlezainari erasotzen dion bezala erlauntza zabaltzen duenean, erasotzen ditu modu berean ezti-lapurretara edo erasotzera erlauntzean sartzen diren animaliak: liztorrak, erleak, tximeletak, saguak, muskerrak, … Liztor bat bada erlauntza barnean harrapatu eta hil dutena, erraz aterako dute herrestaka erle garbitzaileek, baina sagu bat bada, ez dira gai gorpua ateratzeko eta bertan momifikatzen dute propoliz erabat estaliz eta gorpu horren desegiteak ekarriko lukeen mikrobio-ugalketa ekidiz. Propoliz egindako hil-kutxan aurkitu ohi ditu erlezainak hildakook, erabat zimurtu eta lehortuta, ustelduraren arrastorik gabe.
Nondik eta nola biltzen du erleak propolia?
