abaraska2-3.jpg

Propoliaren osaketa kimikoa

Propolia erleek hainbat landaretatik biltzen duten gai erretxinatsua da, landare-begietatik bildua , hain zuzen, zeinak inpregnatzen dituen begiok ingurumeneko erasoetatik babesteko, direla eraso klimatikoak (e.b. euria), edo mikrobiologikoak (e.b.bakterio eta onddoak).

Propoliak berak duen osaketa kimikoa zertxobait aldatzen du erleak propolia biltzen ari denean, zeren eta argizariz nahasten baitu (hain lingirda ez izateko) eta guruin hipofaringeoko sekrezioekin, batez ere, β-glikosidasarekin. Sekrezio hauen eraginez flabonoide heterosidoak hidrolisatu eta aglikona aske bihurtzen dira, horrela sortzen den produktuaren eragin farmakologikoak handituz.

Propoliaren kolorea hori argitiktik marroi ilunera bitartekoa da gure artean, kolore horren sortzaileak hainbat pigmentu izanez: Krisina, antozianidinak, … Kolore bitxiagoak aurki daitezke: Kubako propolian (morea) edo Australiakoan (beltza).

Propolia osaketa kimiko konplexua du. Lehen ikuspegi bat eman nahiez, ondorengo osaketa emango genuke:

  • Ura: <5%
  • Argizaria: <30%
  • Gatz mineralak: %1
  • Polena: % 5
  • Erretxina eta baltsamoak:>50%
  • Olio esentzialak:<10%
  • Beste osagai organikoak: % 5

Osagai hauek banan bana lantzen hasi aurretik esan dezagun erretxina eta baltsamoak direla propoliaren osagairik garrantzitsuenak, bai kopuruari dagokionez (% 50tik gora), bai propoliari aitortzen zaizkion ezaugarri antioxidatzaile, antimikotiko ( =antifungiko) eta antibakterianoei dagokienez.

Erretxina batzuekin (oleoerretxinekin) konbinatuta daude olio esentzialak (=olio aromatikoak, olio baltsamikoak). Olio esentzialak iritsi daitezke propoliaren %10 izatera.

Kimikoki erretxina eta baltsamoetan osagai fenolikoak dira nagusi. Osagai fenolikoaz aparte, erretxinatan aurkitzen dira: Esterolak, esteroideen eratorriak, terpeno eta seskiterpenoen alkohol eta beren eratorriak, seskiterpeno eta triterpenoen hidrokarbonoak, eta abar.

Propoliaren osaketa kimikoa aldakorra da lurralde batetik bestera erleak inguruan dituen landareen arabera. Mundu mailan ondorengo sailkapena egiten da:

Propoli-motak Jatorri geografikoa Landare iturria Konposatu bioaktibo nagusienak
       
Makal-propolia Europa, Ipar-Amerika, Asiako eskualde ez-tropikalak Populus spp. (Makala) Gehienetan P. nigra L. (Makal beltza) Flabonak, flabanonak, azido fenolikoak eta bere esterrak
       
Urki-propolia Errusia Betula verrucosa Ehrh (= Betula pendula) (Urki dilindaria) Flabona eta flabonolak (makal-propoliaren desberdinak)
       
Propoli berdea Brasil Baccharis spp,        nagusiki Baccharis dracunculifolia DC. Azido p-kumariko prenilatuak, azido diterpenikoak
       
Propoli gorria (= Clusia-propolia) Kuba, Venezuela Clusia spp. Bentzofenonaren poliprenilatuak
       
Ozeano Barear propolia Ozeano Bareko eskualdea ( Okinawa, Taiwan) Ezezaguna C-prenilflabanonak
       
Kanariar propolia Kanariar Irlak Ezezaguna Lignano furofuranak

Sailkapen horretan, bada, “makal-propolia” litzateke Euskal Herriko propolia, nahiz eta makaletatik aparte beste zuhaitzetatik ere jasoa izan, adibidez, haltza, lizar, zumar, sahats, gaztainondo, indigaztainondo, lahar, Quercus generokoetatik (haritza, erkametza, artea,…) pinu, alertze eta urkitik.

J.Serrak eta A. Lacallek aztertutako Euskal Herriko propolietan aurkitutako osagai nagusienak ondorengoak dira eta bertan ikusi ahal dira goiko laukian “makal-propoliari” aitortzen zaion aktibitate biologikoaren eragileak: Flabonak, flabanonak eta azido fenolikoak :

Propoliaren osagaiak

Ura

Propoliaren elaborazioan ura erabiltzen denez, batik bat erretxina eta argizaria banatzeko, propoliaren analisietan ur dexente ager daiteke, baina ez luke % 5-tik gora eduki behar. Euskal Herrikoetan alde handia aurkitu zen batetik bestera: %  2,35 – 22,60. Ur gehiegi.

Argizaria

Propolian agertzen den argizaria erle-argizari bera da bere osagaietan, alegia, hidrokarburo, monoester, azido aske eta alkohol askeetan. Propoliaren osagaietan zati handia da argizaria: literaturan % 30 inguru agertzen da. Euskal Herrikoetan alde handia aurkitu zen batetik bestera: %  1,80 – 27,70. 

Argizariak ez dio propoliari osasun-propietaterik gehitzen; Horregatik ahalegina egiten da ahalik eta kontzentrazio txikienean egon dadin

Gatz mineralak

Literaturan agertzen den maximoa %15ekoa da. Euskal Herrikoetan analisatutakoek  % 0,31 - 0,81 tartekoak izan dira. Agertzen diren gatz mineralak: Kromoa (Cr), kadmioa (Cd), burdina (Fe), kobrea (Cu), manganesoa (Mn) eta beruna (Pb).

Polena

Propoliak izaten du polena ere nahasian. Bataz beste % 5 inguru izaten du.

Erretxina eta baltsamo aromatikoak 

Hauek dira osagairik nagusienak: % > 50. J.Serrak eta A. Lacallek aztertutako Euskal Herriko propolietan aurkitutako erretxina eta baltsamo-kopurua % 52,50 – 76,20 izan da.

Definizio bat ematekotan esango genuke erretxinak produktu solido, amorfo eta egitura kimiko konplexukoak direla. Berotzean bigundu eta urtu egiten dira. Uretan disolbaezinak dira eta disolbagarriak alkoholetan eta kloroformoan.

Kimikoki esentziei lotuta aurkitzen dira (“oleoerretxinak”), edo gomei (“gomoerretxinak”). Erretxina berezi batzuk baltsamoak dira, berez oleoerretxinak dira, baina nagusiki azido bentzoikoa, zinamikoa edo berauen esterrak dituztenak.

Kimikoki erretxina eta baltsamoetan ondorengo osagaiak aurki ditzakegu:

Olio esentzialak

 

Olio esentzialak nahasketa konplexuak dira, gehienetan likidoak eta ezaugarri jakin bat dute: hegaskortasuna. Olio hauek dira landareek duten usainaren erantzuleak.

Kimikoki nagusiki terpenoz osaturik daude (monoterpenoak eta seskiterpenoak). 

Propoliaren olio esentzial batzuk: anetol, eugenol…

Beste osagai organikoak

 

KARBONO-HIDRATOAK

         Propoliaren azukreak erleak sekretatutako β-glukosidasaren hidrolisi entzimatikoaren ondorio dira.

  • Glukosa: % < 1
  • Fruktosa: % < 1
  • Galaktosa
  • Arabinosa: trazak
  • Sukrosa: % 1 -2,50
  • Maltosa: % <0,20

BITAMINAK

  • A bitamina
  • B bitamina taldekoak

AMINOAZIDOAK

  • Arginina
  • Prolina

 

 

PrintEmail