eztitegia1-13.jpg

Konposatu fenolikoak

Konposatu fenolikoak oso talde handia da eta milaka konposatu desberdin aurkitzen dira  horien artean. Horietako asko agertzen dira propolian. 

 
 
Konposatu fenolikoak osagai organikoak dira, beren osaketan fenol-talde bat dutenak gutxienez, alegia, eraztun aromatiko bat gutxienez talde hidroxilo (OH) bati lotua.
 
Landareetan oso ugaria den taldea da fenolena eta zeregin ugari aitortzen zaizkie, jatorriz landareen metabolismoko subproduktu bezala kontsideratzen diren gai hauei: 
  • landare-jaleetatik babesteko (taninoak bezalako produktuek zapore txarra ematen diete landareei ).
  • landarearen elementu euskarriak osatzen dituzte (ligninak adibidez).
  • intsektu polinizatzaileak erakartzen dituzte edo fruitu-sakabanatzaileak (lore eta fruituei kolore eta usain deigarriak ematen dizkieten pigmentuen osagarri dira flabonoideak).
  • irradiazio ultramoretik babesten dute landarea (flabonoide koloregabeak landareen azal-azalean pilatzen dira eta UV irradiazio gehienak zurgatzen dituzte, barne-ehunak babestuz).
  • inguruko landare lehiakideen hazkuntza murrizten dute konposatu fenolikoak beren inguruan barreiatuz.
Testuinguru horretan landareak bere hosto-begiak babesteko isurtzen duen propolian ere, bada, fenol-konposatuak aurkitzen dira.
 

Lehenik konposatu fenolikoen sailkapen orokorra aurkeztuko da hemen, gero banan bana azalduko dira:

KONPOSATU FENOLIKOAK (Sailkapena)
  1. Azido bentzoiko eta eratorriak (C₆-C₁)
  2. Azido zinamiko eta eratorriak (=Azido hidroxizinamikoak) (C₆-C₁)
  3. Bentzaldehidoaren eratorriak
  4. Flabonoideak

1.-Azido bentzoiko eta eratorriak

Azido bentzoikoa azido karboxiliko aromatiko bat da, karboxilo talde bat (-COOH)  duena eraztun fenoliko bati lotua. 
 
Baldintza normaletan azido bentzoikoa kolorerik gabeko solidoa da eta gutxi disolbatzen da ur hotzetan, baina ondo ur bero eta disolbatzaile organikoetan. Propolian azaltzen direnak hauek dira:
  • Azido bentzoikoa
  • Azido 3,4-dihidroxibentzoikoa
  • Ester etiliko 4-hidroxibentzoikoa (=Azido protocatetxuikoa)
  • Azido galikoa (=Azido 3,4,5-trihidroxibentzoikoa)

2.-Azido zinamiko eta eratorriak

Azido hidroxizinamikoak landareen zelula-horman egoten diren konposatuak dira. Talde honetako ordezkaririk nagusienak azido ferulikoa, azido p-kumarikoa, azido kafeikoa eta azido sinapikoa dira. Naturan ugarienak azido ferulikoa eta azido p-kumarikoa dira. Propolian lauak aurkitzen dira.
 
Kimikoki azido hidroxizinamikoen osaketa da eraztun aromatiko bat, talde alifatiko bat eta azido karboxiliko bat muturrean.
 
Konposatu-mota hauek esterifikatuak egoten dira landareen zelula-horman eta horregatik ez dira oso disolbagarriak izaten. Azido kafeikoa (hain ugaria dena kafean eta sagar-muztioan), azido klorogeniko gisa dagoenez, oso disolbagarria da.
 
Aktibitate antioxidatzailea dute konposatu hauek. Propolian azaltzen direnak:
  • Azido ferulikoa
  • Azido p-kumarikoa
  • Azido kafeikoa
  • Azido sinapikoa
  • Azido m-kumarikoa
  • Azido o-zinamikoa

3.-Bentzaldehidoaren eratorriak

Kimikoki aldehido bat (-CHO) duen bentzeno eraztun bat da. Giro-tenperaturan likidoa da, koloregabea, almendra-usain atsegin eta ezaguna duena (Almendra-esentziaren osagai nagusienetakoa da; hortik almendraren usain tipikoa). Propolian agertzen den bentzaldehidoa bainilina  (=3-metoxi-4-hidroxibenzaldehído) da.
 

4.-Flabonoideak

Flabonoideak dira erretxina eta baltsamoen osagai nagusiak. Euskal Herriko propolietan propoliaren % 8,60 – 16,10 osatzen dute. Bulgariako analisi batzuetan (Bankova & col. ( 1982)) propoliaren osagai guztien % 35a ziren flabonoideak.
 
Garrantzi handia du propoliak hain kopuru handian edukitzea flabonoideak, hauek baitaude kontsideratuta propoliaren aktibitate antioxidantearen erantzule nagusitzat .
 
Flabonoideak kimikoki konposatu fenolikoak dira, hobeto esateko, polifenolikoak. Alegia, talde fenoliko asko elkarrekin kateatuta. Uretan disolbagarriak dira. 
 
Bost  mota nagusitan banatzen dira duten egituraren arabera: Flabonak eta flabonolak;  Flabanonak eta dihidroflabonolak; Biflabonolak; Isoflabonak; Txalkonak. Hemen lehen biak landuko dira propolian ugarienak beraiek direlako:
 

Flabona eta flabonolak

Flabonak: horiak dira eta agertzen dira lore petalohori batzuetan (San Jose Lorean (Primula)) edo fruitu hori batzuetan (mahats aleen azalean).
 
Flabonolak: horiak edo koloregabeak dira eta hosto eta loreetan izaten da. Hiru aipatzearren: kertzetina (pagoaren familiako polenari kolore horia ematen diena); mirizetina (mahats-aleetan); eta kaenpferola (Infloreszentzietan, izpi ultramoreetatik babestuz).
 
Euskal Herriko propoliaren % 2,60 – 6,20 dira flabona edo flabonolak eta hauek dira azaltzen direnak, apigenina eta akazetina izanik ugarienak:
  • Apigenina *
  • Krisina
  • Tektokrisina
  • Akazetina *
  • Kerzetina
  • Kaenpferola
  • Errutina
  • Galangina
  • Erramnetina 
  • Isorramnetina 

Flabononak eta dihidroflabonolak

 
Flabanonak beste flabonoide konplexuago batzuren aurrekari dira. Zitrikoetan kontzentrazio handitan aurkitzen dira.
 
Dihidroflabonolak flabandiol eta flabonolen aurrekari zuzenak dira. 
Euskal Herriko propolitan % 5,50 – 10,00 kopuruan azaldu izan dira flabanola eta dihidroflabonolak. Propolian azaltzen diren flabanonak dira:
  • Naringina 
  • Hesperitina
  • Pinozenbrina 
  • Pinostrobina
  • Pinobanskina 
  • Kafeatoak (alergia-sortzaileak)
 
 

PrintEmail