abaraskak_1-30.jpg

Propoliaren erauzketa

Propolia nola kendu erleei

a)  Erlauntza barnea harraskatuz: Bazterturik geratu da hainbat erlezainek urte askotan erabili duen ohitura, alegia, arrasketaz laukiak edo altza eta umetegia harraskatuz propolia lortzearena. Honela jokatuz propoliarekin batera biltzen da argizari asko, egur-zatiak edo pinturak. Gainera biltzen den propolia zaharra izan daiteke eta ordu asko eguzkitan egona.

b)  Propoli-sarearen bidez: Merkatuan aukera handia dago propolia biltzeko sareetan.  (Ikus irudiak).

Propoli-sareok udaberrian jartzen dira erlauntza barnean laukien gainean ( dela umetegikoen gainean dela altzetakoen gainean) eta betetzen direnean kentzen dira. Udazkenean sare guztiak kentzen dira.

Propoli-sareen filosofia da erlearen ohitura bat indartzea, alegia, erleak zirrikituak propoliz ixteko duen joera. Sareok, bada, zirrikituz betetako plastikozko plantxa edo sareak dira eta erleari tapapean jartzen zaizkio abaraska-koadroen gainean.

Propoli-sareak nola gorde

Propoli-sareak konjeladorean gorde behar dira, tolestatu gabe eta bildukin opako batean bilduta, argiak propolia kaltetu ez dezan.
 

Propolia nola askatu saretik

Propolia erretxina bat izanik, hura bezala kraskatzen da hotz dagoenean. Konjeladoretik ateratzean propolia beira bezala apurtzen da propoli-sarea tolestatu edo bihurritzen bada.. Berotzean, berriz, lika bezain likatsu (barka erredundantzia) bihurtzen da.
 
a)  Propoli-sarea bihurrituz: Propoli-sareetako propolia askatzeko esku artean tolestatu edo bihurtzea nahikoa litzateke. Operazio horretan hainbat neurri hartu behar dira, batzuk operadorearen osasunarekin zerikusia dutenak eta besteak garbiketarekin lotuak:
  • Osasuna: Propoli-sareak garbitzeko operazioan propoli-zati nimiñoak egiten dute salto eta inguruko airean geratzen dira une batez. Lanean ari denak bere arnasbideak babestu behar ditu maskarila batez.
  • Garbitasuna: Gorago esan da propolia likatsu bihurtzen dela epeltzen denean. Horrek esan nahi du lan horretan aritzean arropa, ile eta oinetakoak propoli-zatiz beterik geratuko direla eta epeltasunarekin beraietan itsatsi eta alferrik galduko dira arropok betirako. Beraz, buzo, bota eta txapel egokiz jantzita lan egitea gomendatzen da.
b)  Propoli-sarea igurtziz: Azpian pertza bat urez beteta ipini; gainean erregina-bereizgailua; eta erregina-bereizgailuaren gainean propoli-sarea. Ahur latza duen eskularruz igurtzi egiten da sarea eta zatitxoak urez betetako pertzera erortzen dira.
 
c)  Presio handiko uraz: Konjeladoretik ateraberrian presio handiko ura sarearen kontra botaz garbi ditzakegu propoli-sareak. 
 
Egiteko modu bat litzateke sarea bi altzen artean ipintzea, sarearen azpian erregina-bereizgailu bat dela eta orduan botatzea ura, presio handiz. Beheko altzaren azpian 400 mikrako sare fin-fin batek egon beharko luke.
 
Honela jokatuz uraren indarrez salto egiten duten zatitxoak ez dira galduko eta azpian dagoen sare finean geratuko dira urak aurrera eginez.
 

Nola bereizi ura eta propolia

Propoliak ura baino dentsitate handiagoa du, beraz, hondora joango da uretara erortzean. Propoli-sareetan, ordea, izango dira ura baino arinagoak diren gaiak eta hauek flotean geratuko dira, argizaria batik bat.
 
Sukaldeetan erabiltzen diren iragazi batez jasotzen da flotean dagoena. Behin hori egin eta gero hondoan dagoen propolia iragazi batera bota eta ura galtzen utziko da hainbat minutu.
 
Propoliak ura galtzen duen bitartean bigundu ez dadin egokia da hozkailuan sartzea. Gainera hozkailuan dagoen bitartean propolia bera lehortu egiten da purutasunean irabaziz. Hozkailuan 3 edo 4 egunetan edukiz %21eko hezetasuna izatetik %3 izatera pasa daiteke.
 

Propoli landugabea nola mantendu

Propoliak ura galdu duenean, sukaldeetan erabiltzen den aluminio-paperean biltzen da, harro-harro trinkotu gabe eta konjeladorean sartzen da, tintura egiteko eguna heldu arte.

PrintEmail