kea3-18.jpg

Propoli-tinturaren ekoizpena

Propoli-tintura egiteko disolbatzaileak

Propolia uretan disolbagarria ez denez, gorago esan da bi disolbagarri erabil daitezkeela propoli-tintura egiteko, bata, alkohola eta, bestea, propilenglikola. 

Alkohola erabiltzearen alde on eta txarrak

Oharra: Ezer baino lehen esan behar da alkohol etilikoa (=etanola) erabili behar dela, eta EZ alkohol metilikoa. Alkohol metilikoa (=metanola) oso toxikoa da.  Alkohol etilikoa izan arren, ez da erabili behar desnaturalizatua dagoena (farmazietan saltzen dena gehienetan hala da), purua baizik, barne-higienean (e.b. ahozkoan) erabiltzeko ona dena.

  • Alkoholak badu alde txar bat eta da, haurrek ezin dutela hartu. Haur edo heldu, ez du inolako eragozpenik gorputzaren azalean erabiltzeko, zikatrizatzaile bezala, antimikotiko gisa, … Baina edateko bada, kontuan eduki haurrak badira.
  • Alkoholak hobeto erauzten dizkio propoliari bere osagaiak propilenglikolak baino.
  • Alkoholak duen dentsitate txikiagatik ( 0,79) erraz iragazten da.
  • Alkoholetan disolbatutako propoliaren orbana oso nekez kentzen da, eta arropatan eroriz gero ia kenduezinezko suertatzen da.
  • Prezioa:  12€/litroa. 

Propilenglikolaren alde on eta txarrak

Oharra: Propilenglikola (= propano1,2-diol)(=E-1520) onartua dago giza-elikaduran erabiltzeko. Haurrek ere har dezakete.

  • Kolore, usain eta zaporegabea da. 
  • Alkoholak baino dentsitate handiagoa du: 1,036. Horregatik, alkoholezko nahasketa baino zailagoa da iragazten.
  • Urarekin kontaktuan aparra sortzen du. Propolia saretik askatzeko ura erabili bada aparra sortzen da propoliari gehitzean.
  • Prezioa: 12€/litroa
  • Propilenglikola uretan disolbagarria da eta, beraz, urez erraz kentzen dira haren orbanak.

Propoli-tintura egiteko modua

Beste ataletan esplikatuko diren pausuen aipamena (begiratu haietan):

 

 

1.-Erlauntzetatik propoli-sareak kendu eta konjeladorean sartu.

2.-Propoli-sareetatik propolia erauzi, lehorrean edo uraren laguntzaz.

3.-Uretara bota eta flotatzen duten zatiak kendu.

4.-Ura kendu iragaziz eta hozkailuan eduki lehortzen.

 
Ondoren azalduko ditugun faseak izango dira:

5. Propolia eta disolbatzailearen nahasketa

Komertzializatzen den propoli-tinturak normalean %20 izaten du propolian eta gainerantzekoa disolbatzailea izaten da. Baina ez da ahaztu behar ezpurutasun asko izaten duela propoli gordinak eta haiek iragazketan edo dekantazioan galdu egingo direla. Ez da ahaztu behar , baita ere, oraindik eduki dezakeen hezetasuna. Horregatik, % 20ko disoluzioa lortzeko 300 gramo propoli nahasten dira disolbatzaile litroko.
 
Propolia eta disolbatzailea (alkohola (% 70 disoluzioan) edo propilenglikola) elkarrekin nahasian ipini ondoren, hamar bat egun edukitzen da propolia ondo disolba dadin. Komeni da egunean behin edo, suabe-suabe eragitea disolbaketa errazteko. Disolbaketa erraztearren zenbaitek kafe-errotaz eho edo xehatu egiten da aurrez, propolia konjeladoretik atera bezain laster.
 
Esan gabe doa, ontzi opakoan egin behar direla operazio guzti hauek, argitasunak hondatu egiten baitu propolia.
 
Propilenglikola erabiltzen denean, esan da gorago, aparra sortuko dela. Hurrengo fasera pasa aurretik kendu egingo zaio apar hori koilara batez.

6. Propoli disolbatuaren iragazketa

Propolia ondo disolbaturik dagoenean iragazi egingo da oihal batetik pasaz. Oihala izan daiteke itxia edo sarea. Kontu izan zenbat eta sareago den, orduan eta errazago iragaziko dela, baina baita ere orduan eta ezpurutasun gehiago igaroko zaigula.
 
Oihal fin edo sarez iragazten bada, ondorengo fasea beharrezkoa izango du, dekantazioa, alegia.
Propilenglikola erabili bada, geldiagoa izango da iragazketa, disolbatzaileak duen dentsitatearengatik.
 

7. Dekantazioa

Iragazketan mikro-ezpurutasunak pasa egiten dira iragazitik eta ondorioz dekantazioa prozedura egokia da horrelakoetan. Sinpleki esanda, botila batean sartzen bada iragazitako propoli-tintura, handik egun batzuetara jalkin argiago bat nabarituko du botila-ipurdian. Ontziraketa-garaian kontu izan behar du hondoko jalkin hori ez ontziratzen.
 
Kopuru handi xamarra egin bada, hainbat botilatan ontziratu gabeko zatiak (ipurdiak) geratuko dira. Horrelakoetan, ipurdi guztiak sartzen dira botila bakarrean eta handik ontziratzen egun batzuetara.
 

8. Ontziraketa

Propoli-tintura iragazia eta dekantatua dagoenean ontziratzeari ekingo zaio. Ontziraketa flasko topazio edo opakoetan egiten da argiaren eragin txarra ekiditearren. Gure artean bi neurritako ontzietan egiten da 15 ml eta 30 ml-koetan. Flasko hauek tanta-kontagailua izaten dute eta tapa horretan segurtasun eraztuna izaten dute.
 
 

PrintEmail