eztia_erlauntza-16.jpg

Propoli-tinturaren erabilera

Propoli-tintura modu askotara erabil daiteke:

Bere hartan

Propoli-tinturaren tanta batzuk kotoi-zati batera bota eta azaleko edozein onddo edo infekzio igurtzi daiteke. Zauri irekia bada eta tintura alkoholez egina bada, erre lezake lehen egunetan. Sendatu ahala erredura gutxitu egingo da.

Ahoko higienean ere bere hartan erabil daiteke tintura, kotoizko makilatxoak tinturatan busti eta aho barneko afta edo hortz-oietako odoljarioa igurtziz.

Uretan nahastuta

Propolia hartu egiten dutenek, egunean hainbat tintura-tanta hartuz, uretan botatzen dituzte tantok, ondo irabiatu eta irentsi egiten dituzte. Komenigarria da propolia hartzen mantso hastea, diarrea edo alergiaren bat agertuta ere, adibidez, espondilitis daukan P.Zubiriak aholkatzen du 10 tanta goizean eta 10 arratsean hartzen hastea eta egunetik egunera 5 tanta gehiago hartzea 30 tantetara iritsi arte, beti ere baraurik edo azken otordutik ordubete utziz edo tintura hartu eta ordu erdian ezer ez janez.

Haurren kasuan, heldu baten dosi erdia hartzea gomendatzen da.

Ohar bat egin behar da bularra ematen ari direnentzat. Propoliaren gai aromatiko batzuk amaren esnetara pasa daitezke eta esneari zapore arraroa eman. Berez ez da kaltegarria haurrarentzat, baina esnearen zaporearengatik bularra hartzeari uzten badio ondorio txar bat litzateke.

Ur eta eztitan nahastuta

Gargarak egin nahi dituenak ura, eztia eta tintura 1:1:1 proportzioan nahasten ditu. Lehenik nahasten dira propoli-tintura eta eztia, gero ura gehitzen zaio eta ondo nahastu. Gargarak egin ondoren irentsi egiten da nahaskina eta ezer jan edo edan gabe egon ordu-erdi bat edo.

Ezti eta polenarekin nahastuta

Gaur egun geroz eta sarriago propolia beste erle-produktuekin nahasita hartzen da, alegia, eztia eta polenarekin nahasita. Horrela multzoaren aktibitate bakteriostatikoa handitu egiten da. Ezti eta polenarekin egindako emaitzek diote nahasketak mikrobizidunen aurkako efektua izateko propoliaren kontzentrazioak gutxienez %10ekoa izan behar duela.

Ukenduei nahastuta

Jendeak badu etxean ukenduak egiteko ohitura, pasmo-belar, berbena, eta abarrekin. Ukendu horiei propoli-tintura nahastu nahi izanez gero, lehenik ukendua bigundu egiten da (ez urtu)  eta nahi diren tintura-tantak botatzen zaizkio eta ondo nahastu behar da ondoren, ukenduak kolore homogeneoa hartu arte. 

PrintEmail