eztitegia2-15.jpg

Altza-festa erlategian

  1. Behin negua pasatu ondoren, normala da erlategi bateko erleek mugimendu ederra dutenean, lanak batera egite aldera, erle guztiei altza denei batera jartzea. Behin altzak jarri ondoren, demagun handik hamabost egunetara, berriro erlategira joaten garela, altzetara begiratu eta altzara igota lanean ari diren erleak ondo daudela esaten da eta altzara igo ez direnak begiratu egin behar direla zer pasatzen zaien ikusteko. Izan liteke lan-modu bat.

Modu batera edo bestera, kasu hauek aurkituko ditugu erlategian:

  1. Altzan lanean ondo, indartsu ari direnak.
  2. Altzan lanean ari direnak, baina ez irrika handiz.
  3. Oraindik altzan lanean hasi ez direnak.

 

Ohitura badute erlezain askok, altza asko eramatekoa erlategira, erleek leku-faltarik izan ez dezaten. Batzuetan, ordea, erlategira altza gehiegi eramateak eztiaren hezetasun altuarekin zerikusia izan dezake. Horregatik ekarri da altza-gai hau orri honetara. Azter dezagun:

  1. Eman dezagun erle batek altza bat bete duela edo bete samartua duela. Egin dezagun erlezainak beste altza bat jarri nahi diola. Lehenengo galdera: Non jarri, lehenengoaren gainean edo azpian?. Lehen zuen altza % 100 beterik badu, haren azpian jar daiteke. Altza erdi betea badu, eta indartsu ikusten bada eta handik egun gutxitara lekua beharko duela, altza hutsa gainean jarri behar zaio, lehenik lehengoa erabat bete dezan. Altza berri behean jartzen bazaio, goikoa erdizka utzi dezake eta behekoa ere bai, agian. Normalean erabat operkulatutako laukian hezetasun egokia izango du eztiak.
  2. Altza ia betean duen erle baten kasuan, eta erlategian altza huts gehiegi egon ez dadin, eta gero azkenean erdizka betetako laukiak ugari eta, agian, hezetasun-arriskua, beste zerbait egin daiteke eta da:

    Ia beterik dagoen altzaren erdiko hiruzpalau lauki hartu eta oraindik altza erdi-hutsik duen erle bati sartu (Inoiz ez sartu beste baten lauki beteak altzan lanean ari ez den erleari). Honi hiruzpalau lauki huts hartu eta altza ia beterik zuenari sartu. Baina ez sartu beteak zituen altzaren erdigunean, baizik eta, erdi-beteak erdira ekarri eta beste erleari kendutako lauki hutsak alboetan sartu.
    1. Indartsu eta altza betea zuenak lau lauki huts izatea betetzen jarraitzeko, altza oso bat gainean jarri gabe.
    2. Lauki hutsak alboetan jarriz eta erleak lehen alboetan erdi-beteak zituenak erdian, lortzen da erdian jarri dizkiogunak betetzen jarraitzea, denak lardaskatu ordez.
    3. Altzan lanean hasiberria zenari lauki beteak sartu dizkiogu eta altzaren erdi-erdian jarri. Honela lortzen da erabat errematatzea.
    4. Lauki beteak eta hutsak erle batetik bestera banatuz lortzen da ahal den denbora gehien erleak altza bakarrarekin edukitzea, umetegiak miatzeko lana erraztuz, gaineko altza askorekin lan egin gabe.
    5. Behin ekoizten ari diren erleen lehenengo altza bete samartuta dutenean, orduan izango da sasoia bigarren altza jartzen hasteko. Bigarren altza jartzea honela egingo da:

      Bigarren altza ere beteko diotenaren itxaropena duenak, egin dezakeena da lehendik ia betea duten altzaren azpian sartu etxetik ekarritako altza hutsa. Arriskua da bigarren altza hau lardaskatuta uztekoa, eta lauki asko eta asko operkulatu gabe geratzekoa. Hori ekiditeko bigarren aukera planteatzen da:

      Etxetik ekarritako altzei laukiak kendu eta erlauntza baten gainean edo, kokatuko da.

      Ondoren, altza bete-samartuta daukan erlea miatu eta kendu % 100 beterik dituen laukiak eta etxetik eramandako altzan sartu.

      Horrela erle bati lau lauki eta beste bati hiru kenduz, etxetik eramandako altza bete-beteak lortuko ditugu. Horrela, altza guztiak miatu eta haietako lauki bete guztiak kendu ondoren, etxetik ekarritako lauki hutsak sartuko ditugu erdi-hustutako altzetan, baina KONTUZ!, gorago esaten den bezala, lauki hutsak alboetan sartuz eta erdi beteak erdian utziz.

      Lauki betez osatu ditugun altzak etxera eraman ditzakegu eztia kentzeko, edo, gutxi badira oraindik, erle batzuen bigarren altza bezala gainean utzi, biltegi baten antzera.

      HELBURUA argia da, ahalik eta lauki gutxien erabili eta erabiltzen direnak ahal den operkulatuenak eramatea etxera (eztitegira).

 

 

PrintEmail