martxel1-8.jpg

Eztiaren hezetasuna

Eztia likidoa da erleak bilduberrian, alegia, nektarra likidoa da. Nektarrak duen hezetasuna % 30-40 da. Erleak ura kentzen dio % 16-18 arte heltzeraino.

Erlezainak erleari eztia kentzen dionean, erleak eduki dezake ezti-kopuru bat oraindik ondo umotu gabe, alegia, behar den hezetasunera ekarri gabe.

Erlezainak jakin behar du eztiak %18.tik gorako hezetasuna badu, hartzitu edo fermentatu egingo zaiola. Beraz, ez lioke erleari horrelakorik kendu behar.

Arazoa sortzen da erlezainak erleari kendu eta abaraskatik erauzten hasi eta konturatzen denean (errefraktometroz) hezetasun altuegia daukala. Zer egin?

  1. Erauzketa bikoitza

    Ezti umotu gabea, alegia, hezetasun altukoa, ziur aski operkulatu gabeko gelatan egongo da. Horregatik, lehenik, abaraskari operkuluak kendu gabe, pasatzen da bizkor estraktoretik. Hezetasun handiko eztia berehala ateratzen da ura balitz bezala.

    Bigarren pasada operkuluak kenduta emango zaio. Horrela bigarren txandan ezti umotua aterako da, hezetasun egokikoa.

  2. Lauki ondo operkulatuen hautaketa

    Hezetasun handia agertzen denean, ekarri diren laukiei begiratzen bazaie, ikusiko da badirela laukiak ondo beteak eta operkulatuak eta badirela erdizka edo gutxi operkulatuak.

    Erlezainak horrelakoetan ondo operkulatutako laukiak hautatu beharko lituzke (gutxienez %70a operkulatuta daudenak) eta haietako eztia atera. Hezetasun baxua ari bada agertzen, tarteka-marteka sar ditzake gutxiago operkulatutakoak ere, hezetasunak baimentzen dion heinean.
  3. Beste aholkuak:

          * Erleari eztia kendu ondoren ez eduki denbora asko giro hezean, eztiak inguruko hezetasuna hartuko baitu.

          * Euria denean ez kendu eztia erleari, edo behintzat, ez daitezela altzak busti.

          *Eztia duen ontzia beti tapa itxita eduki.

 

 

PrintEmail